Eguneroko bizimodurako ostilamendua XVII. mendeko baserri batean

Igartubeiti baserriaren zaharberritze arkitektonikoa osatzeko, etxea bere izate historikoaren une gorenean zegoen garaiko bizimoduaren baldintzak eta giroa birsortzeko ahalegin bat burutu da, hau da, 1630 inguruko giroa atzera pizteko saiakera bat, garai hartan Katalina Kortabarria Domingo Arregirekin ezkondu eta biok ekin zioten eta Katalinak oinordetzaz eskuratua zuen gela bakarreko eraikin zaharra handitzeari.

Igartubeitiri berriro bizitza ematea, duela ia-ia laurehun urte zen moduan, bete ezineko helburua da, ez baitago ordukoaren inolako deskripzio originalik, eta garai hartako objektu materialen artean ere oso-oso gutxi direlako gordetakoak. Hau guztia dela eta, bakar-bakarrik iraganaren interpretazio bat egin ahal izan da, beste modu batez esanda, iraganaren birsortze hipotetiko bat. Interpretazio honek funtsezko bi zutabe izan ditu: alde batetik, baserriko espazioen eginkizunen eta erabilera aztarnen analisi xehekatua, eta bestetik, iturri historikoen inguruan zertutako artxibo mailako ikerkuntza, hain zuzen Igartubeitiren eskualde berean eta baserria berreraiki zuten garaitsuan ezaugarri tipologiko eta maila ekonomiko bertsuko baserri batean ohiko izan zitezkeen altzari, lanabes eta arropei buruzko informazioa eskuratzeko.

Baserria

Baserria aldatu egin da denbora igaro ahala, baina bera baino askoz gehiago aldatu dira bertan bizi izan direnen bizimodua. © Josu Tellabide

Giro horiek birsortzen lagundu diguten agiri guztiak notario kontuak dira, nagusiki errentamendu kontratuak, post mortem inbentarioak eta ezkontzarako kapitulazioak, horrelako zenbaitetan, arrazoia dena delarik, baserri baten barnealdearen edo, behintzat, baserriaren jabetzako elementu garrantzitsuenen halako ikuskatze bat zertzen baita.
Arotzeriako tailerra

Goiko pisuan kokatutako arotzeriako tailerrean funtsean zurez eraikita zegoen etxe bateko altzariak, lanabesak eta egiturak konpontzen zituzten.  © Xabi Otero

XVII. mendeko baserri baten ohiko ostilamendua osatzen duten ehunka objekturen zerrenda egiteak ez dakarkigu, ezinbestean, horiek guztiak automatikoki eskura izatea. Igartubeiti barruan, erosi zen unean, berreskuratu eta katalogatutako 200 pieza baino gehiagoko multzo haren barnean baziren garai hartako elementu batzuk, oso gutxi ordea. Beste objektu guztiak kanpotik ekarri behar izan ziren. Baserrirako hornitzaile nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundia gutxienez azken bi hamarkadotan zehar galtzetik salbatu eta bildu dituen altzari ondareko bildumak izan ziren, bilduma horietatik atera baitziren gaur egun Igartubeitin ikusten ditugun kutxa, lanabes eta zeramika gehienak. Beste gauza batzuk dohaintzaz heldu ziren, edo udalerri bereko beste baserri batzuetan erosita bestela; izan ere, hurrekoak aukeratu ziren ahal zelarik, urrunagoko beste batzuk aukeratuz gero eskualdeko kultur tradizio espezifikoarekin bat ez zetozkeen tipologi aldaerak sar zitezkeen eta. Bide honetatik eskuratu ziren, horrenbestez, aletegiak, artoa jotzeko astoa, erlauntzak edota etxeko nekazaritza makineriaren beraren zati handi bat ere.
Artoa jotzeko astoa

Artoa jotzeko astoa. © Xabi Otero

Baina, azkenean, balizko ostilamendu historikoan oinarrizko ziren elementuetako asko aurkitu ezineko gertatu zen, horrelakorik bat bera ere ez dagoelako, hain justu. Horixe izan zen, esate baterako, sagardo upelen kasua, bete beharreko ezaugarri historikoak zituen alerik ez zegoelako. Horrelako zailtasunetan fortunaturik, inon ez zeuden objektu horiek asmatzea izan zen bidea, abiapuntutzat hartuz, betiere, agirietako deskribapenak, erreferentzia ikonografiko lokalak, urrunagoko tokietatik heldutako pieza garaikideekiko kontraste eta analogia, eta antzeko aurkikuntza arkeologikoak. Eguneroko bizimoduko objektu errealekin batera, Igartubeitin gogotik saiatu gara bertan hitz egiten zen hizkuntzan objektu horiek zuten izena berreskuratzen. Hemen, berriro ere, eten edo amildegi historikoa gaindiezina zaigu ia ia.
Gari-kutxak

 XVI. mendeko gari-kutxak, alea hezetasunetik eta arratoietatik libre edukitzeko. © Xabi Otero

Izan ere, idatzizko agirietan oso-oso hitz gutxi gorde dira, XVII. mendeko inguru horretako euskarari eta eguneroko bizimoduko objektuei loturikoetan. Halatan, gaur egun informazio horretarako etnografia bidezko hurbilketa bat egiten saia gaitezke, ez besterik, Ezkio-Itsasoko biztanlerik urtetsuenen1 oroimenean gordetako bertako hizkeraren hitzen bidez, nahiz pertsona horiek ere modurik ez izan, inolaz ere, duela lau mende erabiltzen ziren hitz berberak ote diren esateko. Eguneroko bizimoduko objektu eta espazioak. 

Kakoa

© Xabi Otero


  • Kakoa.

  • Ebakitzeko aiztoa, orri triangeluarra eta hezurrezko kirten-azalak dituena.

  • Itsasoko San Bartolome elizako XVII. mendeko koilara baten analisia.


tresnak

© Xabi Otero

 

  • Enborrak zuritzeko aizkora.

  • XVI. mendeko kutxa. Hanka zabalak tatxetez eta izar-diskoz apainduta ditu.

  • Sutondoko aulki baxua.

  • Bi zumitzetarako bankua.

 © Alberto Santana, Josu Tellabide