Azken akabera

Sukaldea

Lehenbiziko pausoa gune hartan nagusi izango zen giro iluna, beltza erreproduzitzen saiatzea izan zen; izan ere, suak ez zuekan tirorik (hiru zulo besterik ez pareko horman) eta ia-ia ke eta kedar guztia gelan geratzen zen, irtenbide bakarrak baitzituen, batetik, baoak, hala ateak nola leihoak, eta bestetik paretetako zirrikuetatik iragaztea eta aldameneko eta lehen solairuko lokaletako inguru hurbilak neurri batean kutsatzea. Horretarako ore bat egin zuten, nagusiki aguaplasta erabiliz ke-pigmentu beltz, itzal-lur erre eta kola zuriarekin nahastuta. Ataripean barnealderantz kokatu ziren harri grisezko lauzen gainean kanpoko argiak egiten zuen islaren eraginez, aplikatutako ke-kolore beltza faltsutu egiten zen, bereziki ate eta leiho parean. Efektu hori saihestearren, sukalde osoa trementina-esentziatan oso-oso diluitutako argizari hutsez inpregnatu zen, pistolaz langarreztatuz, eta produktuak bide batez kolore beltza emana zuela, hain zuzen koipetsu itxura hori lortzearren. 

Sukaldea lehenaratzen

Sukaldea leheneratzeko lanetan

Ukuilua

Gune honi zahar ukitua emateko, eta gailurreko zuren tonua eredutzat hartuz, kolore marroi-beltzezka mate bat sortu zen, ura zuena elementu nagusi, multzo osoari batasuna emateko; kolore hori langarreztagailu batez aplikatu zen, eta hurrena ñabartu eta inguruak zikindu.
Habeen gainean, hautsa erabiliz, denboraren joanak utzitako arrastoak sortu ziren, eta animalien arrastoak erreproduzitzeko, berriz, lokatz, belar berde, sarale eta kolorezko nahasketa bat prestatu zen; eta pareta eta sostengu-habeetako beheko alderantz jaurti hurrena, zipriztinak balira bezala.
Zailagoa izan zen, hala ere, abelgorrien askak egiteko erabilitako zur berri argi-argia disimulatzea. Eginkizun hori, kolore eta lokatz zipriztinez gain, kolpeak, urratuak eta era guztietako orbanak eraginez burutu zen. 

Askak tratamendua egin baino lehen

Aska baten xehetasuna, tratamendua egin baino lehen

 

Gelak

Estreinako lana desugertzea izan zen, eta horrela pintura aztarna guztiak aienarazi ondoren, zura hurrengo faserako prest geratu zen. Kolore-sorta beraren barruan hainbat kolore egin zen, eta langarreztagailua erabiliz aplikatu ziren, ez modu uniformean, patina zaharraren itxura lortu zen arte.

Kanpoko fatxadak eta sarrerako ateak

Sarrerako ate berriei dagokionez, ur-zurrutadek egunero-egunero busti zituzten, eta eguzkitan lehortzen egoten ziren, horrela zahartze natural bat eragiteko. 

Igartubeiti, XVI. mendeko oholak

XVI. mendeko fatxadako oholak

XVI. mendeko fatxadak

Dekolorazio puntu egokia lortu ondoren, eta ondo-ondo lehortu arte itxaron ostean, makilaje lana egin zuten, zeren eta zur kolorgetuak halako tonu horixka bat hartzen baitzuen eta kendu beharra zegoen. Hainbat material erabili ziren eginkizun horretarako, bai kolore akrilikoak, bai lur-tenperak, bai argizariak, hau da, itzugarria izaki lortu nahi zen efektua eskain zezan. Azkenean, horma-irudi bat egiten ahalegindu ziren, itxura hori eman gabe ordea, zahartze natural bat irudika zezaketen efektu kromatikoak baliatuz. 

Igartubeiti, XVI. mendeko barruko fatxada

XVI. mendeko fatxada leheneratua