Lihoa lantzen Zikloa

Emakumeek baserrian burututako zeregin honi buruzko erakusketa, erakustaldia, solasaldiak eta tailerrak. Goruzaleak taldearekin, Gordailuarekin, Ane Albisurekin, Zeraingo talderekin, José Antonio Azpiazurekin, Clara Gutierrezekin eta Sonia Gutierrezekin lankidetzan.

Igartubeiti Baserri Museoak Lihoa lantzen Zikloa antolatu du irailak 5 eta 7rako eta 12-13rako. Bi asteburu hauetan, emakumeek baserrian burutzen zuten zeregin honi buruzko zenbait jarduera izango dira: erakusketa, erakustaldia, solasaldiak eta tailerrak. 

Lihoa lantzen Zikloa, baserriko emakumeek, Erdi Arotik XVIII. menderaino, lihoaren inguruan burutzen zuten lanketa berreskuratzera zuzentzen da. Lihoaren landaretik oihala lortzearen eraldaketa oso zeregin luzea, konplexua eta gogorra zen, aspaldi desagertua izaki erabat ezezaguna gaur egun. 

Ziklo hau Laneko kultura izeneko egitasmo zabalaren parte da. Proiektu honek belaunaldi berriei, baserritarrek burutzen zituzten eta gure kulturaren parte diren zeregin eta lan ezberdinak ezagutaraztea du helburu. 

Baserria lanerako eszenatoki eta erreminta iraunkor bat izan da. Eraikin bakarrean, itxia eta  trinkoa, abereak hazi eta uzta biltzen zen; horrez gain, etxean erabiltzeko objektu ezberdinak sortzen ziren familiaren oinarrizko beharrak asebetetzeko.

Geure historiaren ezagutza handitzeko, bertakoen identitatea indartzeko eta Gipuzkoan bizi izan zen jendearen bizimodua eta historia ezagutzeko helburuarekin, lan egiteko kulturaren modu tradizionalaren ikerketan eta hedapenean lan egingo dugu. 

Jakituriaren, trebetasunaren eta teknologiaren arteko loturek lan egiteko modua, espazioa antolatzeko modua, teknikak garatzeko modua eta erreminta zehatz batzuk erabiltzeko modua sortu dute. Historian zehar geure ingurune natural eta arkitektonikoan islaturik geratu diren paisaiak marraztera eraman gaituzte. Era berean, geure identitatearen parte diren eta geure memoria kolektiboa osatzen duten belaunaldiz belaunaldi igortzen joan diren ezagutza baliotsuak bildu eta barne hartzen dituzte.  

Zikloaren egitaraua: 

Irailak 5, ostirala, 19:00etan: 

“Lihoaren prozesua” erakusketaren inaugurazioa, Goruzaleak taldearen bildumeko objektuez osatua. Oiartzungo Estanis Urdanpileta, talde honetako kideetako bat bertan izango da. Gaur egun, objektu hauek Irunen kokatua dagoen Gordailuan, Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan daude.  

Erakusketan lihoaren landaretik oihala lortzearen eraldaketa prozesurako erabiltzen ziren zenbait tresna daude ikusgai: karrama, liho haziak bereizteko, mazoa, lastozko zatia bereizteko, tranga lihoa txikitzeko, ezpata-oina, lihoa karrakatzeko (zuntza ahalik eta hobekien garbitzeko), txarrantxa kardatzeko erabilia, gorua eta ardatzak iruteko eta lixiba, harila zuritzeko. Eraldaketaren ondoren, oihal preziatuak lortzen zituzten, hauekin erakusketan ikusgai dauden soinekoak, alkandorak, eskularruak, burukoak, mahai tapizak, paparrak, amantalak ekoiztuz. Zenbait argazki txuri beltzean emakumeek burutututako liho landarearen eraldaketa prozesuaren testigantza biltzen dute.   

Erakusketa hau Igartubeitiko Interpretazio Zentroan ikus daiteke irailaren 5etik azaroaren 2ra bitartean, asteazkenetik igandera, 10:00-14:00 / 16:00-19:00 ordutegian. 

Irailak 7, igandea, 10:30etatik 12:30etara: 

FESTARAKO JANTZIAK AZKEN 100 URTEOTAN, JANZTEKO MODUAREN GARRANTZIA Solasaldi-tailerra. 

Hizlaria: ANE ALBISU IRIARTE tradiziozko jantzietan aditua, IKERFOLKEKO partaidea eta ATONDU liburuaren egilea.

Saio honek irauten duen ordu eta erdian zehar azalduko da zein den gaur egun hiri giroko festetan janzten ditugun jantzien sorburua eta bilakaera. Honek balio izango du hausnartzeko NORK erabiltzen dituen eta  ZER, NOIZ, NON eta batez ere NOLA janzten garen. Horregatik azalpenaren ondoren praktika egiteko aukera izango da gure jantzi eta janzkiak janzteko modua saiatuz. 

Irailak 7, igandea, 12:30etatik 14:00etara:

Lixiba erakustaldia: Zeraingo zenbait bizilagunek, lixiba egiteko ontzian, arropa sartu eta suteko hautsaz, landare lurrintsuz eta ura irakiten jarriz garbiketaren erakustaldia burutuko dute. 

Irailak 12, ostirala, 19:00etan: 

Lihoaren eta euskal emakumeen historia ezkutua Jose Antonio Azpiazuren solasaldia. 

Historialari eta antropoloak, La historia desconocida del lino vasco argitalpenaren egileak, lihoaren haziak euskal emakumearen bizitzan izan duen garrantzia azalduko du. 

Irailak 13, larunbata, 16:30etatik 18:30etara: 

Lihoaren haziak Tailerra, familiei zuzendua, 5etik urtetik gorako haurrei eta beren gurasoei zuzendua. 

Partehartzaileek lihoaren haziak dituzten elikadura eta medikuntza bertuteak ezagutuko dituzte modu aktiboan eta sentsorialean, ondorengo joku eta proposamenen bitartez: 

  • Liho haziekin joku sentsorialak 
  • Lihoa ereitea loreontzietan 
  • Liho haziekin eta inguruko landareekin diseinu artistikoak.
  • Liho haziekin egindako ogi eta zuku dastaketa. 

Aurrez izena eman igartubeiti@gipuzkoa.net-en edo/eta 943 72 29 78 telefonoan.

Plaza mugatuak. 

Doako jarduerak. 

Lihoaren inguruko bibliografia. 

Lihoa eta emakumeak. 

Txostena