Jabe handiek lurgintza exotiko hori beraien lur bazter askotan landatu eta etekin onak ateratzeko aukera ikusi zuten, eta lur zati horietan baserri gehiago egin zituzten alogeran eskaintzeko, eta beren aldetik, bigarren mailako nekazariek, lehen emigraziora kondenaturik zeudela ziruditenek, hortz handiko laiak besoetan hartu zituzten bertan landatu ahal izateko.
Artoaren hedapenak lur zati txiki edo malda handiko ugari lantzea galdatu zuen, bertan laia goldea baino erabilgarriagoa zelarik. Emakumezkoek nahiz gizonezkoek hartzen zuten parte laborantzaren ahalegin neketsuan.
Artoa iritsi baino lehen, baserritarrek, gariaren eta artatxikiaren irinarekin egiten zuten ogia, baina beti urri eta eskas izaten zen. Lurrak ez ziren onak, euri gehiegi eta aldapa asko. Artoa, berriz, oso ondo eta bizkor hazten zen, lastoa ere luze luzea, aleak ere lodiak eta irina horia eta itsaskorra, taloak egiteko ezin hobea.
Zereal hau apirilean eta maiatzean landatzen da, lurra berotzen hasten denean eta abuztuan-irailean biltzen da. Ondoren, lehenengo lana artaburuak garbitzea izaten zen, arta malutak, artaburuaren hostoak, oheetako lasta-magarrak betetzeko erabiltzen ziren, baita tabakoa biltzeko ere, bizarrak tabako gisa ere erabiltzen ziren.