Baserritik egitasmoak helburu du gaur egungo baserri eta landa ingurunean sakontzea.
Igartubeititi Baserri Museoan, baserriari gaurkotasunetik begiratu nahi diogu. XVI. mendeko baserritik atera, eta gaur egunera etorrita, baserriak eta baserritarrak nola bizi diren, beraien ikuspegia zein den eta dituzten erronken berri jakin nahi dugu. XVI. mendeko baserritik gaurko baserritarrengana iristeko lehioa irekitzea da asmoa.
Oraingo honetan, genero ikuspegia aintzat hartuta, emakume baserritarren ahotsetik ezagutu nahi izan dugu baserriaren gaurkotasuna.
- Bittori Idiakez
Ezkioko Bittori Idiakez elkarrizketatu dugu, 50 urte baino gehiago Ezkioko Argindegi ostatuaren arduraduna izandakoa.
Ostatuan lanean hasi zeneko kontuak esan dizkigu, garaiko produktuak erabiliz sukaldatzen zutela azaldu digu eta baita emakumea ostalaritza arloan nola ikusten zen ere.
- Judit Garcia
Judit Garcia, Olaberriako Etxeberri Goikoa baserrikoa, elkarrizketatu dugu. Juditek bere baserriko behien esne ekologikoarekin gazta ekoitzi eta Behieko markaren izenpean saltzen ditu. Zonaldeko hiru baserrik osatzen duten marka honen oinarriak kooperazioa, agroekologia, bertakotasuna eta ekonomia zirkularra dira. Balore berdin hauek funts hartuta, duela gutxi Goierrin sortu den Biziola ekoizle kooperatiba-sareko kide ere da Judit.
- Pili Eskisabel Izagirre
Pili Eskisabel Izagirre (1957, Ataun) Ataungo baserritarra dugu, Espilla baserrikoa. Baserrian urte luzez lan egin ondoren erretiroa hartzekotan da. Nekazaritza ekologikoan oinarritu du bere baserriko lana, eta Natur Eskola Bizia elkarteko partaide izan da. Asteazkenetan Ordiziako Azokan bisita gidatuak ere egin izan ditu hezkuntza talde zein bidaiariekin.
- Maite Rezola
Maite Rezola Zeraingo Oiharte Sagardotegiko eta nekazal etxeko jabea da. Bere senarrarekin, Haritz Egunerekin batera darama Oiharte sagardotegia eta nekazaletxea. 2010eko uztan hasi ziren sagardoa ekoizten. Nahiz eta bien familietan egin izan den sagardoa betidanik, beraiek izan dira lehenak sagardoa merkaturatzen. 2002an Oiharte baserri zaharra eraberritu zuten, nekazal etxe bihurtuz. Ondoren, sagardotegia eraiki zuten, sagar esperientzia osoa bizitzeko aukera eskainiz.