Zurezko koadroa

Zurezko koadro laukizuzen bat da, dekoraziorako egindakoa. Egurra zizelkatuz eginda dago, hainbat erliebetako forma emanaz. Koadroaren sinbologiaren oinarria XX. mende hasierako sagardotegia eta haren inguruan sortzen zen giroa irudikatzen duen eszena da.

Aurkezpena

Musealiak proiektuaren testuinguruan, ondarea gizarteratzeko asmoarekin, Igartubeiti Baserri Museoan irailetik martxora arte ikusgai egongo den hurrengo pieza aurkezten dizuegu. 

Aurrekoetan erakusgai egon diren piezekin alderatuz gero, oraingo honetan erakusgai egongo den objektua esan liteke ezberdina dela, hau da, bestelako izaera eta nortasuna duen objektua da, eta pieza bera egin zeneko helburua ere bestelakoa litzateke.  

Ikusgai egongo den pieza zurezko koadro bat da. Ez da orain arteko objektuak bezala baserri munduari erreferentzia egiten dion etnografia pieza. Hala eta guztiz ere, baserriak gai edo paradigma bezala izan duen tratamenduaren inguruko hainbat xehetasun erakusten ditu, baserria ikur edo simbolo kultural bezala nola irudikatu izan den hausnartzeko eta pentsarazteko abagunea sortzen duen objektua da.

Koadroaren ezker eta erdi aldean sagardotegi bat ageri da. Arkupe baten zirrikituetatik barrenean sagardo barrikak ageri dira errenkadan. Barriken aurrealdean berriz, saltzaile bat ikus daiteke aurrean mahaia eta sagardoa zerbitzatzeko edalontzi edo pitxerrak dituela. Nabarmentzekoa da,emakumea dela  sagardotegiko saltzailea. 

Sagardotegiko sarrerako arkupearen ondoan Mikeletea dago. Koadroaren eskuinaldean berriz, sagardotegiaren eraikinaren alboan hiru gizonezko ageri dira, eta garai hartan sagardotegi eta nekazal giroan oso ohikoa zen joko batean ari direla ikus daiteke: toka jokoan. Toka jokoa, Euskal Herriko joko tradizional bat da. Metalezko pieza batzuk eskuz jaurtita, metro batzuetara dagoen toka izeneko xafla bati jotzea da jokoaren gakoa. 

Koadroak, bere buelta guztian marko itxurako taila bat dauka, lore  irudiekin apainduta.  Intxaurrondoaren zurarekin dago eginda.  

Esan bezala, ez da baserri munduari zuzenean lotzen zaion pieza bat, baizik eta apaintzeko helburuarekin egindako pieza bat da. Oro har, nekazal munduko giroa adierazten du, baina batez ere aisialdiari lotuta, eta sagardotegia edota toka bezalako arloak ageri dira. Beraz, nekazal mundua eta hari erreferentzia egiten dioten elementuak ageri dira koadroan, baina modu sinboliko batean erabilita daudela esan liteke, hots baserria eta nekazal munduaren inguruko ikuspegi eta erabilpen artistiko baten aurrean gaude. 

Koadroaren jatorria eta kontakizuna

Zurezko koadro hau XX. mende hasierako lehen hamarkadetan egindakoa dela esan liteke, eta garaiko burges familia batentzako enkarguz egindakoa da, zehazki Laffort senar emazte frantziarrei egindakoa. 

Laffort sendia hainbat urtez bizi izan zen Gipuzkoan. 1937. urtean Zarauzko zurgin bati eskatu zioten egin zitzan beraientzako hainbat altzari mota: mahaia, bizkar-aulkiak, arasak, besaulkiak, lanparak, etab. Eta horiekin batera zurezko kuadro hau ere egin zuen zurgin hark. Tamalez, aipatu altzariak egiteko eskatu zuten Laffort senar-emazteen ondorengoek, orduko hartan adin txikikoak izanik, ez dute gogoratzen Zarauzko zurginaren izenik, beraz ez dakigu zehazki zein zurgin izan zen altzari haiek eta tartean koadro hau egin zituena. 

Beraz, zurezko koadro hau Laffort sendiaren ondasuna izan zen, eta Gipuzkoatik Parisera bizitzera joan zirenean beraiekin eraman zuten.  Horien ondorengoek, haietariko zenbait gaur egun Euskal Herrian bizi dira, piezen jatorriaz eta duten ondare balioaz jabeturik Gordailuari,  Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, dohaintzan eskaini zioten. Gaur egun, altzari horiek, eta zehazki zurezko koadro honek Gipuzkoako ondare bilduma osatzen dute, gure gizartearen bilakaera historikoaren eta kulturalaren adierazgarri baitira. 

Garai hartan, oso ohikoak ziren zurezko altzari dotoreak izatea burges familietan. XIX. mendetik aurrera, gisa honetako altzarietan eta bestelako artelanetan modan jarri zen dekorazio elementu bezala baserriari loturiko iruditegiak egitea, aurrerago ikusiko dugun moduan, “neovasco” bezala ere ezagutu izan dena. 

 Piezaren inguruko informazio gehiago (pdf)