Ur bedeinkatu ontzia

Musealiak proiektuaren barruan uztailetik azarora bitartean Igartubeitin izango dugun pieza Iriarte Erdikoa baserriko ur bedeinkatu ontzia da. Denbora-tarte honetan pieza honen bidez ondarea gizarteratzen saiatuko gara. Pieza etnografiko honen bidez erlijioak baserriko egunerokotasunean zuen eragin eta garrantziaren inguruan gehiago ezagutuko dugu. Ur bedeinkatu ontzia ezin egokiagoa iruditu zaigu baserriko kultura erlijiosoaren eta honen eratutako ondareari buruz hausnartzeko

 

Iriarte Erdikoa bildumako ur bedeinkatu ontzia. Gordailua. 

Zer dira ur bedeinkatu ontziak?

Ur bedeinkatu ontziak ur bedeinkatua gordetzeko balio duten apaindutako ontziak dira, etxebizitzako hormetatik zintzilik egoten direnak, aitaren egin ahal izateko. Xafla edo plaka txikiak dira, gehienetan obalatuak, eta horien gainean hainbat motibo zizelkatu edo moldekatu izaten dira. Beheko aldean sakonera txikiko ontzi bat dute, ur bedeinkatua gordetzeko. Egurrezko, marmolezko, metalezko edo harrizko bedeinkagailuak dauden arren, gehienak zeramikazkoak dira. Irudi ohikoenak Bihotz Sakratuarenak, Gurutzearenak, Ama Birjinarenak edo Kristo Gurutziltzatuarenak ziren, gehienetan kolore ugariko eszena erlijiosoak.

Elizetako sarreretan egon ohi diren ur bedeinkatu pilen etxeko bertsioa dira, tradizioz leku erlijiosoen inguruan edo barrualdean dauden ur-iturriak gogorarazten dituzte. Etxeko erabilera herrikoian, sarrerako atearen ondoan edo logeletan jartzen dira, oheratzean edo jaikitzean etxeko biztanleek aitaren egin ahal izateko. Etxe askotan eskaileran edota korridorean jartzen zen, lotara joan baino lehen familiakide guztiek bertatik pasatu behar izateagatik. Baserria egoera klimatologiko desegokietatik babesteko balio zutela ere esan ohi da.

Igartubeitin ikusgai izango dugun ur bedeinkatu ontzi hau lurrez egina  eta urdin eta zuriz esmaltatua dago, erronbo forma du eta punta-zorrotzeko ingurua. Erdialdean Ama Birjinaren erliebedun irudi bat ageri duelarik, beheko aurrealdean sakonera gutxiko ontzi bat du bertan ur bedeinkatua gordetzeko. 

Ziortza Bolibarko Ormetxe baserria, sarrerako bi arkuen erdian ur bedeinkatu ontzia duena.

Atlas Etnográfico de Vasconia.

Baserriko zer erritualetan erabiltzen da ur bedeinkatua? 

Ur bedeinkatua baserriko erritual erlijioso ezberdinetako protagonista da. Hartaz, egunerokotasunean aitaren egiteko ematen zitzaion erabileraz gain, kultura erlijiosoaren parte diren bestelako jardute batzuk aurrera eraman ahal izateko garrantzitsua zen. 

Etxea babesteko

Asko eta asko dira baserria babesteko erabiltzen diren sinbologia kristauak, horien artean ur bedeinkatua. Ekaitzetatik babesteko, adibidez, baserri batzuetan ur bedeinkatua botatzen zen leihoetatik gurutze forma bat marraztuz.

Baina bazeuden ur bedeinkatua jasotzeko egun bereziak: Aste Santuan zehar, eta bereziki Larunbat Santuan, Euskal Herri osoko baserritako familiakideek ur bedeinkatua hartzen zuten elizetan, euren etxeetara eraman ahal izateko. Herriko neska-mutilek botilak bete eta ur bedeinkatua etxeetan banatzen zuten eskupekoaren truke; baserrietako emakumeek, berriz, ura eramaten zuten etxera.

Ur bedeinkatu honekin baserria ihinztatzen zuten babestuta gera zedin. Zonalde batzuetan hau atarian egiten zen, kanpokaldean, kredoak otoiztu bitartean. Beste batzuetan, aldiz, ur bedeinkatuarekin etxe barneko gelak ere ihintzatzen ziren: oheak, armairu eta gainerako txokoak, gelaz gela. 

Animaliak zaintzeko

Elizatik ekarritako urarekin etxea bedeinkatzerakoan, ukuiluak protagonismo berezia hartzen zuen gehienetan, eta, honekin, baita animaliek ere. Pertsonon logelak bedeinkatzen ziren bezalaxe, berdin-berdin egin behar zen etxeko animaliekin: ukuiluak gaixotasun eta izpiritu txarrengandik babestu behar ziren. Leku askotan herriko apaizari eskatu ohi zitzaion animaliak bedeinkatzeko, eta apaiza ukuiluz ukuilu joan ohi zen, otoitz egin eta bertako animaliak zipriztinduz. Hau normalean urtean behin burututako errituala izan ohi zen, baina bazeuden egoera bereziak baita ere. Animaliaren bat gaixo zegoenean, esaterako, urarekin bedeinkatzen zen ziklo hauetatik kanpo, senda zedin. 

Honetaz gain, Ezkion animaliak babesteko beste sinbologia kristau batzuk ere erabili izan direla jaso da. Baserri batek behi bat saltzen zuenean adibidez, gurutze bat egiten zioten bizkarrean ukuilutik ateratzerakoan.

Lurrak zaintzeko

Etxea, logelak, animaliak, ukuilua… bedeinkatzen bazituzten, berdin egiten zuten baserriko lurrekin. Apaiza baserriz baserri zihoanean, inguruko lurrak ere bedeinkatzen zituen hauek zaindu eta gaixotasunengatik babesteko, uzta onak eman ahal izateko. Bedeinkatutako mihilu eta zintabelar sortak ganbaran zinkilikatzen ziren gero, etxe barnean, babes-elementu gisa. 

Gaixoak babesteko

Ohikoa izan da logeletan, ur bedeinkatuaren ondoan, oheburuan, erramu-egunean bedeinkatutako ereinotz adar bat jartzea. Erramu horren hosto batzuk ere bota dira gaixoaren gelako ur bedeinkatu ontziaren barruan. Adarrarekin eta ur bedeinkatuarekin ere biatikoa hartu behar zuen gaixoa zipriztintzen zen, espiritu txarrak edo deabrua uxatzeko.

Heriotza errituala

Euskal baserrietako heriotza erritual tradizionalaren barruan ere, ur bedeinkatuak paper garrantzitsua dauka zenbait praktiketan. Lehendabizi etxekoandreak, beste emakume batzuekin batera, hildakoa gauelarako prestatzen duenean erabiltzen da ur bedeinkatua: gorpua garbitzen du —erabilitako ura espeziekin batera irakiten da eta gorputz osoa garbitzeko erabiltzen da—, arroparik onenekin janzten du, orraztu, bizarra kendu, begiak argizarizko tanta batzuez estali, masailezurra buruan lotutako zapi batez itxi eta eskuak bularrean gurutzatzen dizkio. Gurtze bat eta ur bedeinkatuz beteriko ontzi bat jartzen zaizkio, ereinotz hosto batekin batera.

Hurrengo egunean hileta izaten da. Horretarako, goizean, hurbileko senideak elkartu dira, hildakoa ur bedeinkatuaz igurtzi eta hilkutxan jartzen dute, lurperatzeko prestatuz.