Musealiak proiektuaren barruan apiriletik uztailera arte Igartubeitin izango ditugun piezak Zumarragako Soraitz baserriko talo pala eta Zaldibiako Zaldibarrena baserriko talo mantenua izango dira. Maiatzean errota eguna ospatuko dugunez, pieza hauen bidez artoaren eta elikaduraren ondarea gizarteratzen saiatuko gara.
Talo pala eta talo mantenua taloak egiteko prozesuan erabiltzen diren piezetako bi dira. Baserriaren egunerokotasunean erabiltzen ziren objektuak dira, hartara, pieza etnografiko batzuen aurrean gaude. Esan bezala, errota eguna dela eta ezin egokiagoa iruditu zaigu bi pieza hauek baserri museora ekarri eta haien bidez artoaren eta honen inguruan eratutako ondareari buruz hausnartzea. Gainera, artoa landatzen hasten den garaian sartu berri gara, ziklo oso bati hasiera ematen zaion sasoiean.
Talo palak talo masa bertan eskuekin zapaldu eta honi forma emateko balio du. Talo mantenua, berriz, txapazko bastidore bat da, eginbidean dagoen taloa harrotu dadin sutondoan uzteko erabiltzen dena (Euskal Lexiko Etnografikoa).
Artoa iritsi baino lehen, baserritarrek, gariaren eta artatxikiaren irinarekin egiten zuten ogia, baina beti urri eta eskas izaten zen. Lurrak ez ziren onak, euri gehiegi eta aldapa asko. Artoa, berriz, oso ondo eta bizkor hazten zen, lastoa ere luze luzea zuen, aleak ere lodiak eta irina horia eta itsaskorra, taloak egiteko ezin hobea. Baina…
Nola iritsi zen artoa Euskal Herrira?
Artoa (Zea Mays) XVI. mendean iritsi zen Amerikatik Euskal Herrira, kolonizazio prozesuen bitartez. Baina nola bilakatu zen artoa euskal baserrietako labore nagusi? Prozesu hau ez zen hain azkar eman, hau ulertzeko duela 500 urteko baserritarren azalean jartzea beharrezko zaigu. Haientzat artoa aurrez inoiz ikusitako landarea zen, leku urrun batetik iritsitakoa, eta ez zekiten zer zen, zertarako erabil zitekeen, nola landatzen zen, zein zen hau egiteko gune aproposena, garai egokiena… Hartaz hasiera batean artoarekiko mesfidantza zabaldu zen euskal baserritarren artean.
Jauntxoak eta pribilegiodun klaseko jendea izan ziren artoarekin saiakuntzak egiten lehenak. Euren lorategietan artoa landatzen hasi ziren apaindura moduan, landare misteriotsu honen jaun eta jabe zirela erakutsi ahal izateko. Honen funtzioa, hala, apaindura eta itxurakeria ziren, artoaren lehenengo landatze prozesu hauek ez zuten laborantzarekin edo elikadurarekin zerikusirik. Baina pixkanaka pixkanaka, Europako landa eremu desberdinetan, artoa ereiten joan ziren. Honen helburu nagusia oinarrizko behar bat asetzea zen: gosea. Horregatik bilakatu zen artoa elikagai. XV. mendetik emandako hazkunde demografikoak gosearen areagotzea ekarri zuen, elikagai eskasia bizi zutelako edo elikagaiak ez zirelako ekitatiboki banatzen.
Euskal Herrian, beraz, denbora tarte bat pasa zen baserritarrak artoa oinarrizko labore moduan erein eta kontsumitzen hasi ziren arte. XVII. mendean artoa intentsiboki landatzen hasi zen euskal baserrietan. Hasieran artoa animalientzako elikagai gisa soilik erabiltzen bazuten ere, elikadura eskasiak pertsonentzako elikagai moduan pentsatzera behartu zuen. Artoa “jateko ona” den landare moduan irudikatu zen ordutik aurrera. Honek sekulako aldaketak ekarri zituen bai baserritarren dietan eta elikadura ohituretan, ekoizpen ekonomian, paisaian, baserriaren arkitekturan…
Nola lantzen da artoa?
Aita Larramendiren hitzetan, San Markos egunetik (apirilak 25) aurrera landatu beharreko hazia da artoarena. Hartara, udaberriko zereala da artoa: udaberrian erein eta irailean jaso beharrekoa (garia ez bezala adibidez, zeina negu partean landatu eta udan jasotzen den). Beraz, landatzen denetik jasotzen denera arte sei hilabete soilik igarotzen dira, ziklo laburreko zereala da. Horregatik lurrak urte erdiz atseden hartu zezakeen, bere gaitasun nutritiboak berreskuratzeko eta landaketa intentsiboa errazteko denbroa nahikoz, urteko lugorri sistema ordezkatuz. Hortaz gain, euskal erliebe eta klimara garia baino hobeto egokitzen zen zereala zen artoa, errendimendu handiagoa eskainiz.
Artoaren hedapenak ondorio ekonomiko oso garrantzitsuak izan zituen. XVII. mendean burdinolak erruz itxi zituzten, eta horietarako ikatza egiteko horrenbeste egur behar ez zenez, gari, arto, arbi eta beste espezie batzuk landatzeko lurrak goldatu zituzten. Horrela, nekazaritzak hazkunde nabarmena izan zuen, batez ere artoari dagokionez, gizakiarentzako eta animalientzako elikagaia izateaz gain zurtoin eta hostoek hainbat erabilera zituztelako (erregaia, koltxoien betegarri, etab.). Ale-landaketaren igoera honek elikagai eskasia gainditzen lagundu zuen garai honetan.
“Mendi-gizonek, ikazkinek, egurgileek eta bestek, ez dute gari-ogirik nahi, arto-irinez egindakoa baizik, elikagai sendoa delako, eta hori janez hobe egiten diotelako aurre euren lanari gari-ogia janez baino. Eta horrela irina mendira eramaten dute, txaboletan masa landu eta artopilak egiten dituzte, errauts azpian egosten dituztenak. Horrekin eta era berean elikagai sendoa diren egositako babekin ekaitz guztiei egiten diete aurre, euri-jasei, izozteei, elurteei eta urakanei. Jende pobre eta nekazarien ohiko ogia ere bada artoa” (Manuel Larramendi, 1754).
Hauxe dio Aita Larramendik 1754ean idatzitako Corografia de Guipuzcoa obrak. Artoak garia eta artatxikia bezalako zerealak nutritiboki ordezkatu zituen hein handi batean. Baserritarren dietaren oinarri bilakatu zen, elikagai asegarria eta errentagarria baitzen. Hala zioen Juan Ignacio de Iztuetak, XIX mende erdialdean:
“No será fácil hallar otra planta, que, teniendo en cuenta todas las ventajas, ni que se pueda comparar a la de maíz. Lo de fuera y lo de dentro, la paja y la substancia, entero y vivo, hasta su menor partícula, todo es útil en ella, a par de ser abundante”
Gipuzkoako errotak
Gipuzkoan, XV. mende hasieraraino, errota hidraulikoen (ibaietako edo itsasoko uraren indarrarekin mugitzen diren errotak) jabegoa normalean ahaldunek izaten zuten: ahaide nagusiak eta monastegiak, batez ere. Jabego hau askotan partekatua izaten zen. Ahaide nagusien kasuan, bereziki, auzoak komunitatean zuen jabegoa izan ohi zen errota.
XV. mendeko bigarren zatitik aurrera aldaketa garrantzitsuak emango dira: alde batetik, udalek indarra hartzen duten heinean, errotak erosi edo berriak sortuko dituzte, zergak irabazteko diru-iturri moduan. Udal-errotak gero eta ohiakoagoak izango dira Gipuzkoan. Bestetik, merkatari eta letrariak ere errotengatik interesatzen hasiko dira, bai diru-iturri moduan bai euren ontziak hornitzeko (Roteta eta Aragón, 2022).
Baina aldaketa sakonenak aipatu dugun XVII. mendeko artoaren hedapen-iraultzan, euskal baserrietan artoa intentsiboki landatzen hasten denean, hasiko dira. Zerealen ekoizpena nabarmenki igotzen denez, sagastien ekoizpena jeistearekin batera, erroten beharrak ere gora egin zuen. Mende honetan zehar errota berri asko sortuko dira Gipuzkoan (Roteta eta Aragón, 2022), askotan burdinolen ondoan. Hau da, burdinoletatik sobratutako ura berriro ere aprobetxatzen zuten errotak mugiarazteko. Konestu berri honetan, udal ezberdinek gero eta interes handiagoa edukiko dute errotak udal-errota bihurtzeko. Nekazaritza intentsiboak aurrera egin ahala, beraz, Gipuzkoako herrietan gero eta errota gehiago sortzen hasiko dira, asko eta asko udalen jabego moduan. 1988an Antxon Agirre Sorondok egindako ikerketaren arabera, Gipuzkoako herri bakoitzean bataz besteko zazpi erroten aztarnak zeuden eta lau herri ziren soilik errotarik ez zutenak. Gehienak Deba Goienan metatzen ziren, Bergarako udalerrian bereziki.
Ordutik, errotak gaur egunera arte iritsi da gugana. Gipuzkoan irina egiten jarraitzen duten hamahiru errota hidrauliko geratzen dira gaur egun, etxeko kontsumoaz aparte kanporako ere irina produzitzen dutenak aldiz, sei. Beste batzuk kultura ondare bezala erakusten dira instituzio publikoen eskutik (Roteta eta Aragón, 2022). Aldiz, gaur egun errota nabarmenenak errota elektrikoak dira gure artean, irina eta ogia kantitate handiak egiteko erabiltzen direnak. Baina hauek ezin ditugu iraganeko jarduerarengandik banandu. Alex Rotetaren hitzetan (2022), errotek asko esaten digute gure komunitateko ondarearen inguruan: “hitz egiten digute garai bateko lanbideei buruz, historiari buruz, bertako geologiari buruz, herritarrek herritarrekin eta ingurarekin izan dituzten harremanei buruz”. Zonalde bakoitzeko errotariek bazituzten euren egiteko moduak, euren errealitatearekin elkarrizketan moldatu eta aldatzen joango zirenak, belaunaldiz belaunaldi.
Igartzako errota, Beasainen.
Nola egin eta jan taloa?
Artoa jateko modu ohikoena taloa da, egunerokotasunean jaten zena, alea errotan txikitu ondoren sortzen den artirinaz baliaturik. Baserritarren artean jaten ziren elikagaiak (arrautzak, esnea, barazkiak, babarrunak, azak, gaztainak, txerrikia…) taloaz laguntzen ziren gehienetan, baina hau bakarrik edo ogitarteko forman ere jaten zen (gaztarekin, eztiarekin, txistorrarekin, irasagarrarekin…). Esnea edo esne-zopak laguntzeko ere jaten zen taloa.
Baserrietan, taloak egiteaz emakume eta umeak arduratzen ziren gehienbat. Artirin eta urez osatutako orea egina dagoenean, zati bat hartu eta eskuekin bost zm-ko borobil bat egiten da. Talopala artirinarekin hautseztatzen da, borobil txikia honen gainean jarri eta esku ahurraz behin eta berriro jotzen da talo opil finak lortu arte. Ostean, talo burdinaren gainean kokatu eta hau su txingarren gainean jartzen zen, taloa bi aldeetatik txigortu ahal izateko. Azkenik talo mantenuaren gainean uzten zen harrotu zedin. Txapazko eta butanozko sukaldeek tresneria hau ordezkatu dute talogile askoren artean.
Bibliografia
Aguirre Sorondo, A. (1988). Tratado de molionlogía. Molinos de Guipúzcoa. Donostia San Sebastián: Eusko Ikaskuntza.
Auñamendiko Eusko Entziklopedia (2022). Artoa. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/maiz/ar-100182/
Euskonews (2009). Artoa. Euskonews, 485. https://www.euskonews.eus/0485zbk/gaia48504eu.html
Insausti, J.L. (1999). Arto-zelai Oreretako talo kofradia. Oarso 99. 92-95 or.
Roteta, A. eta Aragón, A. (2002) Gipuzkoako errotak. Atzo eta gaur. San Telmo museoa. http://www.donostiaeuskaraz.eus/euskaraz/agenda/23843/lang/es