Neurri Sistemak

Baserrian elikagaiak eta produktuak neurtzeko erabiltzen zituzten unitateak ezagutzeko aukera

 

Musealiak proiektuaren bitartez oraingo honetan beste bi objektu daude ikusgai Igartubeiti Baserri Museoan. Hauek zerikusia dute baserrian eta oro har nekazal munduan produktuak neurtzeko erabili izan diren  unitateekin. Izan ere, ez da betidanik erabili izan gaurko gizartean erabat errotuta dagoen neurketa sistema.  Prozesu sozial eta historiko baten ondorioa da gaurko mendebaldeko gizartean kilo, litro eta metro unitateak erabiltzea. Baina horren aurretik nola neurtzen ote zituzten elikagaiak baserritarrek?  Bi pieza hauek gai hau hobeto ezagutzeko aukera ematen dute. 

Bi objektu hauek, historikoki jatorri goierritarra dutenak, eta beraz Igartubeitirekin gertuko lotura dutenak, zirrikitutxo bat irekitzen dute ezagutzeko  baserritarrek nola egiten ote zituzten baserriko produktuen salerosketak eta horien kantitateak neurtzeko jarduerak, aipatu dugun munduko txoko honetan. Imajinatzen al duzu?

PIEZEN AURKEZPENA

1-Gaitzerua

 

Baserrietan erabiltzen zen neurri mota bat zen gaitzerua, zehazki aleen edukiera-neurria zen.  Batez ere garia, artoa eta babarruna neurtzeko erabiltzen zen. Bere edukiera,  gariari dagokionez, gutxi gorabehera gaurko 11 kg-koa zen.  Zenbait lekutan “imina” bezala ere ezagutu izan da. 

Zurezko kaxa laukizuzena da. Aurrealdea inklinatua dauka eta atzekaldean berriz helduleku bat. Barrenean sakonera duen ontzia da, aipatu bezala, aleen edukiera neurtzea baitzen bere funtzioa. Beraz, etxeko tresna baino, jarduera ekonomikoekin, hau da, salerosketekin zerikusia duen pieza da. 

Gaitzeru hau Zaldibiako Zaldibarrena baserrikoa da jatorriz, eta XIX. mendekoa litzateke. Gutxi gora behera, bere erabilera epea ziurrenik XX. mende hasiera artekoa izan zen. Gaur egun Gordailuako bildumaren parte da, Josu Tellabide etnografoak jaso baitzuen Gipuzkoako gizarteak izan duen bilakaeraren lekuko gisa. 

2-Lakaria



Lakaria ere baserrietan eta salerosketa guneetan erabiltzen zen beste neurri bat da, aleak neurtzeko erabiltzen zena. Hau ere gari, arto edo babarrunetarako erabiltzen zen. Gaitzerua baino neurri txikiagoa da, 3,5kg gari sartzeko edukiera zuen. 

Zurezko kaxa karratua da, barrenean sakonera duena, aleak neurtu ahal izateko. Gariaz gain, lakariarekin artoa eta babarruna ere neurtzen ziren.  Jatorriz Beasaingo Ezkiaga Erdikoa baserrikoa da,  eta 1999. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiari dohaintzan eman zitzaion, beste hainbat objektu etnografikorekin batera. Noizkoa den zehatz mehatz ez dakigun arren, baliteke hau ere XIX. mendekoa izatea, eta XX. mende hasiera arte erabiliko zen.

Piezen eta gaiaren inguruko informazio gehiago (pdf)