Gorua eta ardatza

Hemen ikusten dituzuen pieza hauek gorua eta ardatza dira. XX. mendera arte, biek presentzia handia izan zuten euskal baserrietako emakumezkoeen egunerokotasunean, izan ere, josteko eta oihalak ehuteko erabiltzen ziren zuntz naturalen irute prozesuan erabiltzen ziren tresnak dira, horretarako lihoa, kalamua zein artilea erabiliz.

Musealiak gorua eta ardatza

Piezen aurkezpena

Goruari dagokionez, ikus daiteke zurez eginiko makil batez osatzen dela, zeinak muturrean hari zuntzez osatutako harigai-moltsoa jartzeko lekua duen. Hauek eusteko kartoiez eta oihalkiak elkar josiz eginiko goru-txapela erabil zitekeen, gure kasuan gorri, hori eta marroi kolore biziak dituena. Noiz egin zuten ez dakigun arren, badakigu Salaberri Baserritik (Aniz, Baztan, Nafarro) iritsi zela Gordailura, eta gaur egun Goruzaleok bildumaren parte dela.

 Gorua

Iturria: Gordailua. 

Ardatzak, berriz, jatorri gipuzkoarra du, Errenteria, eta bilduma berekoa da. Zurez egindako makil luze eta zilindrikoa da, zeina alde batean zorroztu egiten den eta beste aldean (normalean zatirik lodienean, beheko aldea) kontrapisu edo topeko pieza bat daraman. 

Ardatza

Iturria: Gordailua. 

 

nola eta zertarako erabiltzen ziren?

Bi tresnen helburua zuntza indibidualak hari bakar eta maneiagarri batean bihurtzea da. Horretarako, aurretiaz zuntza natural hauek prestatu behar dira, eta behin kardaturik daudela, orduan has gaitezke haria iruten. Lehen aipatu bezala, lihoa zein artilea erabili daiteke tresna hauetan, nahiz eta bakoitzarekin erabilitako teknikak batzuetan desberdinak izan.  

Gorua ezkerreko eskuaz hartu edota gerri gainean jartzen da eta eskuin eskuarekin muturrean jartzen den matazatik hari-zuntz multzo txikiak ateratzen joango da irulea. Hatzak listuz bustiko ditu, eta hari-zuntzak atera ahala hatz lodia eta erakuslearekin haria kiribiltzen joango da. Aldi berean, hasierako hari hau ardatzaren oinarrira lotzen da eta bere horretan bueltak ematean ardatzak, lihoaren edota artilearen zuntzak kiribiltzen joango dira. Eskuin eskuarekin ardatza biratuz joango da irulea, haria ardatzean biltzen doan heinean.

Lihoaren kasuan, behin haria lortuta, matazak egiten ziren eta hauek ur bero eta errautsekin garbitu behar izaten ziren. Azken pausoa harilkaria erabiliz harilkatuak egitea zen, ondoren hauek ehungailuetan erabili ahal izateko. Artilez egindako hariarekin, berriz, mataza desberdinak egiten ziren eta hauek, tindaturik edo modu naturalean, ehungailuetan erabiltzen ziren, azkenik oihalak lortuz.   

 

norena zen haria irun eta oihalak egitearen ardura?

Lihoaren atzean emakumea dago, emakumearen lana izaten zen, eta honek bere garaian askatasun eta errekonozimendu handia eman zien emakume ezkongabeei: liho hazia lortzeaz, ereiteaz, zaintzeaz, uzta jasotzeaz, iruteaz eta oihalak egiteaz arduratzen ziren emakumeak.

Normalean etxeko sukaldean, atarian zein ganbaran biltzen ziren emakumeak irutera: taldean baina betiere bakoitza bere tresnekin eta bere haria iruten. Neguko iluntzeak aprobetxatzen zituzten, etxeko gainontzeko betebeharrak bukatutakoan geratzen zitzaien denboran. Sozializarioako aitzakia ere bazen, landa eremuko auzogune edo herrietako bizitza soziala markatzen zuen osagaietako bat zen harigintza.

Familia ahaldunek, noski, kanpotik ekarritako oihal eta jantziak erabiltzen zituzten, baina nekazariek, berriz, eurek prestatu behar izaten zituzten, lihoa edota artilea erabiliz. Neskak oso gaztetatik hasten ziren lihoaren lanak ikasten, euren amek eta amonek transmititutako ezagutzari esker. Aurrerantzean, bizitza osoan zehar egingo zuten jarduera bat zen oihalak egitearena. 

Artilea, berriz, leku askotan gizokezkoek lantzen zuten materiala zen, bereziki artzaiek, artaldea zaintzen zuten bitartean izaten zuten denbora luze horretan. Hauek, ardatzaz soilik baliatzen ziren artilea iruteko, gorua erabili gabe. 

Tresna hauek XIX. mende amaiera eta XX. mende hasieraraino erabili ziren Gipuzkoako landa eremuetako baserrietan. Pixkanaka, ordea, Industria Iraultzaren berrikuntzen eragina zabaltzen hasi zen, eta ordura arte teknika tradizionalei eutsi zieten emakumeak lihogintza eta artilegintza abandonatuz joan ziren, algodoiez eginiko oihalen inportazioaren mesederako.

Lihoa iruten 

Iturria: Atlas Etnográfico de Vasconia. 

 

nolako oihalak egiten ziren liho eta artilearekin?

Baserrietan lihoz sortutako oihalak ziren ohikoenak, bai jantzietarako, bai logela zein sukalderako. Hauek denak etxeko arreoa deritzonan barne sartzen dira. Artilea ere erabiltzen zen, baina neurri txikiagoan. 

Baserriko emakume bakoitzak lihoz osatutako oihalak sortzen zituen bizitzan zehar, etxeko arreorako (eguneroko jantziak eta baserriko sukalde eta logeletako ehunak) eta baita arreo liturgikorako: hileta-errituetan elizan beharrezkoak ziren oihalak eta gorpuaren hilobiratzean erabiltzen zirenak. Hortaz, ikus daiteke lihoak emakumeen bizitza markatzen zuela, haurtzarotik hasi, ezkontza errituak igaro eta heriotzara arte.

Gainera, garai hartan beste lihozko oihal batek markatu zuen merkatua eta gizartea: beatilla izeneko burukoek. Gizarteko hainbat emakumek burua beatillekin estalirik eramateko betebeharra zuten eta pixkanana ohitura hau penintsulako beste lurraldeetara zabaldu zen. Hortaz, emakumezkoek egiten zituzten beatilla gehienak salmentara bideratuta egiten ziren, merkatariei saldu eta penintsulan zehar sakabanatuz. Euren adar itxuragatik, askotan beatillen erabilerak eta komertzioak liskarrak eragin zituen Elizarekin, euren ustezko sinbologia falikoagatik. 

 

Informazio gehiago irakurri