Gezurrezko arrautza eta arrautza-saskia

Oraingo honetan MusealiaK proiektuaren protagonista izango direnak zeramikazko arrautza eta arrautza-saskia dira. Irailera bitarte egongo dira erakusgarri Igartubeiti Baserri Museoko Interpretazio Zentroan, eta hauen bitartez eta elikadura ildotzat hartuz garaiko ohitura eta bizimoduaren inguruan aritzeko aukera izango dugu.

Arrautza eta arrautza saskia

Iturria: Igartubeiti Baserri Museoa.

 

ZER DIRA PIEZA HAUEK?:

Alde batetik zuriz esmaltaturiko zeramikazko arrautza faltsua dugu. Honelako gezurrezko arrautzek funtzio bikoitza izna ohi zuten: oiloek arrautzak jateko duten ohitura galtzea eta habiondokoan erruten ohitzea.

Iturria: Gordailua. 

 

Bestetik, arrautzak jasotzeko saskia dugu, arrautza-otzarea ere deitua.  Gaztainazko zumitzez egina, lauki itxurako oinarria du eta orokorrean itxura zilindrikoa, arku moduko helduleku batekin. Horretarako, belar lehorra jartzen zen saskiaren hondoan, gainean belar lehorrez bereizitako geruzetan jartzen ziren arrautzak, eta bukatzeko belar gehiago ipintzen zuren saskiaren ahoan. Honelako saskiek estalkia ere izaten zuten, normalean bikoitza. 

 Iturria: Gordailua. 

 

OILATEGIAK ETA GEZURREZKO ARRAUTZAK:

Hegazti-hazkuntza aspalditik egiten da Euskal Herrian. Tradizionalki estentsiboa izan da, hots, antzina ia baserri guztiek zuten berezko oilategia, baina bakoitzak hegazti gutxi batzuk izaten zituen, autokontsumora bideratuta.

Baserrietan, oilategietan edo ukuiluan hazi izan dira oiloak, gainontzeko etxe-animaliekin batera eta solte, egunean zehar kanpora ateratzeko aukerarekin eta gauean ukuiluan babestuz.

Habiei dagokionez, sarritan saski zaharrekin eginiko errutegiak prestatzen zitzaizkien oiloei, alturan jartzen ziren, eta bertan abizari bat (apeu modura jarritako arrautza) ipintzen zen, belar onduaren gainean. Arrautza zahar bat izan zitekeen, edota faltsua. Honakoa egurrezkoa, igeltsuz egindakoa, zeramikazkoa edota karez betetakoa izaten zen gehienetan, eta helburu bikoitza izaten zuen: alde batetik, oiloek beti leku berean erruteko ohitura hartzea, eta bestetik, oiloek arrautzak ziztatu edo zulatzea saihestea.

 

NOLA PRESTATZEN ZIREN ARRAUTZAK?

Gaur egun egiten den moduan, bakarrik edo bestelako elikagaiekin kontsumitzen ziren arrautzak. Dena den, gordinik jateko ohitura ere bazegoen, bereziki erditu ostean edo gaixotasunen bat pasa eta gero indarberritzeko. Jangale gutxiko pertsonek ere gordinik jaten zituzten sarritan, esnearekin nahastuz. Horretarako, arrautzaren punta bat zulatu eta barnekoa xurgatzen zuten.

Prestatzeko moduei dagokionez, gehienak ez dira gaurkotasunean erabiltzen ditugun teknikengandik desberdintzen: arrautza frejitutak, arrautza egosiak (uretan pasea, ur irakinetan egina edo egosita), arrautza nahasiak, tortilla, arrautza beteak, labean eginiko arrautzak, eta abar. Uretan pasatako arrautzak eta labean edo txingarren ondoan egindakoak ere kontsumitzen ziren. Jakiak arrautzeztatzeko eta gozogintzan aritzeko ere erabiltzen ziren.

 

ARRAUTZEN KONTSERBAZIOA:

Garai batean, oiloen errunaldi sasoian, arrautzak kontserban jartzen ziren deskantso garaia izaten zenean erreserbak izateko. Hainbat lekutan, ordea, ez zen arrautzak kontserbatzeko ohiturarik izan, soberakina saldu egiten baitzen.

Normalean udaberri eta udaran egiten ziren kontserba lan hauek, maiatza edota ekainean, produkzioa handia zenean. Kareetan edo gatzetan kontserbatzen ziren bereziki, baina baita garitan edota hondar-uretan sarturik ere.

 

BERTAKO ARRAZA: EUSKAL OILOA

1970eko hamarkadan, euskal barietate tradizionalentzat barietate hibrido eta komertzialek suposatzen zuten meatxua ikusita, bertako barietateak errekuperatzeko ahaleginak hasi ziren, egoera kaskarrean baitzeuden bertako oiloak. Baserri gutxietan kontserbatzen ziren landa-oilo autoktonoen ereduak hartu eta arrautzen txitatzearen ondorioz arraza berri bat sortu zen, baserrietan beti egon zirenen erakusgarri dena. Haragitarako edota arrautzetarako aproposa da, eta oskola iluneko eta tamaina ertaineko arrautzak erruten ditu. Euskal-oiloaren barnean bost barietate aurki ditzakegu: Beltza, Gorria, Lepasoila, Marraduna eta Zilarra.

 

Euskal oiloa

Iturria: Gallipedia.  

Informazio gehiago irakurri