PIEZAREN AURKEZPENA
Ikusgai dugun pieza hau gaztainak erretzeko danbolina da. Xabi Oterok bildutako kolekzioaren piezatako bat dugu honakoa. Gastonborda (Erratzu, Nafarroa) jatorri duen danbolina da, metalez eginikoa. Lehen begiratuan ez zaio gauza berezirik somatzen danbolinari: oinarri lauak dituen gorputz zilindriko batez osatutako burdinazko objektua, zuloekin eta ate txiki batekin. Kirtena eta eskulekua ere baditu, su gainean laratzetik zintzilakatu eta euskarritik bueltak emanez gaztainak homogeneoki erre daitezen. Halere, ongi bergiratuz gero ikus daiteke oinarrietako bat egiteko beste lata bat berrerabili zutela, non oraindik irakur baitaiteke “"ENVASE. PROPIEDAD.DE".
Iturria: Gordailua.
GAZTAINAREN GARRANTZIA EUSKAL ELIKADURAN:
Euskal Herriko negu hotzetan, baserrietan janariak urri zirenetan, gaztainei esker goseteak arintzea lortu zuten familia askok. Erreta edo egosita, gaztaina dietaren oinarreietako bat izan zen beste elikagai batzuekin batera, hala nola artatxikia, babak edo sagarrak.
Gaztainak egosita edo erreta jan ohi ziren, baina gordinik edo deshidratatuta ere jan zitezkeen (indigaztaina). Egosteko, uretan eta gatzetan edo esnetan egiten ziren. Erretzeko, berriz, ebaki bat egiten zitzaien, leher ez zitezen. Horretarako, zulodun zartagin moduko bat erabil zitekeen, baina XVIII. mendetik aurrera zartagin horren ordez gaur nabarmendu nahi dugun objektua erabili izan zen: danbolina. Ez da kasualitatea, pieza honen erabileraren zabaltzea gaztaina merkaturatzen den unearekin bat baitator, XVIII. mende erdialdetik XIX. mende hasierara eman zen fenomenoa.
BESTE ERABILPEN BATZUK:
Elikaduran izan duen garrantziaz gain, gaztainondoaren zura ere oso preziatua izan da bere iraunkortasunagatik eta erresistentziagatik. Modu honetan, eraikuntzarako material modura zein era guztietako altzari eta lanabesak sortzeko erabili izan da. Bere zura, hala nola adarrak eta kirikiñoak, sutarako erregai modura ere erabili izan dira.
Bestalde, gaztainondoa historikoki balioetsia ere izan da tanino izeneko sustantziagatik. Larruak zurratzeko prozesuan erabiltzen zen, eurei erresistentzia handiagoa emateko. Era berean, kostaldeko herrietan, itsasontzietako sokak eta arrantza-sareak ez usteltzeko ere erabiltzen zen.
Aipatutako erabilera guztiez gain, euren erabilera material edo praktikotik at, gaztainei ezaugarri magikoak ere egotzi izan zaizkie. Esaterako, neska gazteak erromeri eta dantzaldietara joaten zirenean gaztainondo-egurrez egindako ikatz zati bat eramaten zuten lepotik zintzilik, begizkotik babesteko.
Gaztainak iraganean izan zuen presentziaren garrantzia kultura herrikoiaren bitartez iritsi zaigu gaur egunera, esaterako: Ator Ator gabon kantan entzun dezakegu edota Kastañarre Egunaz goza dezakegu.
GAZTAINAK BILTZEA ETA BILTEGIRATZEA:
Irailaren amaieran eta urrian gaztainondoak makilaz jotzen ziren gaztainak lurrera erori zitezen gero jaso ahal izateko. Herri batzuetan zuzenean ekartzen zituzten etxera ekartzen zituzten batzuetan, baina beste askotan kirikiñausi (kirikiño-hesi) izenekoetan sartzen zituzten.
Etxeko kontsumoaren edo salmenta beharren arabera kirikiñausian bertan irekitzen ziren gaztainak, trikua kendu eta fruitua etxera garraiatzen zen. Etxeko beharrak asetzen zirenean, gaztaina soberakina hurbileko merkatuetan saltzen zen edo atzerriko beste herrialde batzuetara ere esportatzen zen.
Iturria: Orozkoko udala.
AZKEN URTEETAKO GAINBEHERA:
Ikusi dugun bezala, gaztainak protagonismo handia izan zuen euskal baserrien egunerokotasunean, baina hainbat faktorek euren galera edo gainbehera eragin zuten. Alde batetik, Amerikatik zetozen elikagai berrien sarrerak gaztainen kontsumoaren beherakada eragin zuen. Bestalde, tinta izeneko gaixotasuna dugu, zeinak XIX. mendearen amaieran eragin nabarmena izan baitzuen gaztainondoen atzerakadan. Gaur egun, garai batean tintaren etorrerraren aurretik zeuden gaztainondo handietako apur batzuk soilik ikus ditzakegu.