Kafe jokoa

Luxuzko kafe-jokoa, azukre-ontzi, teontzi, pitxer, kikara eta platertxoez osatua. Porcelanas de Pasajes enpresan eginak, 1858-1915 urte tartean. 

 Musealiak logoa

 

 

 

 

Musealiak IM Kafe jokoaPieza hauek jatorriz Donostiako familia batenak ziren. Ohikoa zen moduan, honelako luxuzko kafe jokoak, XIX. mende amaierako eta XX. mendeko lehen zatian, familia burgesen etxeetan soilik aurkitzen ziren, jabe bakoitzarentzat modu pertsonalizatuan egiten zituztelarik.

Gerora, 1998ko abenduaren 21ean, Fernando Díaz Peral antikuarioak, pieza hauen garrantziaz jabeturik, Madrileko Sala de Subastas Santiago Durán egoitzan egin zen enkantean erosi zituen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, gipuzkoar gizartearen bizimodua eta historia islatzen duen kultur ondarea biltzeko helburuarekin, 2002ko martxoan pieza hauek erosi zituen. Izan ere, balio artistikotik haratago, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako gipuzkoar gizartearen berri ematen digu: nola zegoen egituratuta orduko gizartea, zein gustu zituen, zer bizimodu zuten edota zein aldaketa ari ziren ematen gizartearen baitan?

Bestalde, pieza hauek duela ehun urte baino gehiago itxi zuten Gipuzkoako Porcelanas de Pasajes fabrikan egin zituzten. Berau Gipuzkoan portzelana egiten zuen lehenengo fabrika izan zen. Gaur egun Pasai Donibanen tximinia besterik ez da geratzen. Gainera portzelanazko honelako aleak ere gutxi geratzen dira.
Objektu bakoitzak ederki asko erakusten digu, eguneroko erabilerarako baino luxuzko objektuak izateko egin zirela. Izan ere bakoitzaren estetika eta forma ongi zainduta daude, bakoitzak urre kolorez egindako bere apaindura zehatzak dituelarik.

Luxuzko kafe joko bat izan arren, piskanaka-piskanaka gizarteko maila ezberdinetara zabalduz joan zen eta XX. mendean ezkontzetako ohiko oparia izan zen.

Hau dena baserri mundura ekarrita, oso adierazgarria gertatzen da. Izan ere honelako kafe-jokoak baserrietako ezkontzetako arreoaren parte izateak XX. mendean baserriek jasan zuten eraldaketa erakusten du. Industrializazioan, modernitatean eta aisialdian oinarritutako kulturak bultzaturiko aldaketek baserri eredu tradizionalaren baitan ere eragin zuten.

Eraldaketa hauen erakusle dugu batetik kafe-joko hau eta bestetik kafea bera. XX. mendean murgilduta, baserrietako arreoa edo dotea osatzen zuten elementu tradizionalak garaiko gizartean ospea hartzen ari ziren zenbait objektuekin ordezkatu ziren, arreoari berari garrantzi eta sona handiagoa emateko helburuarekin, eta bide batez baita baserriaren eta familiaren ospea sendotzeko ere. Esate baterako, ordura arte arreoaren ezinbesteko zati ziren gorua eta lihozko oihalak alde batera utzi eta honelako kafe-jokoak erabiltzen hasi ziren, berritasunaren eta luxuaren adierazle zena.

Baina ez hori bakarrik, kafea, guretzat hain arrunta den elementua, garai berean iritsi zen baserrietako sukaldeetara eta izugarrizko harridura eta jakinmina eragin zuen baserritarren artean, honako gertakari honek adierazten duen bezala:

Ataungo baserri bateko bi emakume, ohi zuten moduan auzoko beste baserri batera joan ziren baserriko lanetan laguntzera. Etxera itzuleran ordea erabat larrituta omen zeuden, zur eta lur. Zer geratzen zitzaien galdetu zienean hauek honela erantzun omen zuten: “salda beltza eman digute edateko!” Hau da, kafea.

Beraz, kafe-joku honek, baserria historian zehar eman diren aldaketei irekita egon dela erakusten du, etengabe egoera berrietara egokitzeko borrokan.