Sukaldeko beste tresna bat brontzezko almeriza da, janarietarako saltsa eta beste zenbait prestakuntzatan erabiltzen diren osagaiak xehatzeko edo jotzeko balio duena.
Brontzezko almeriza
Kutxetako baten gainean zurezko oraska dago -dezga-, enbor hustu bat, ogi-orea egiteko erabiltzen dena alegia. Oraska garbitzeko matarraskia izeneko burdinazko hortz bat erabiltzen da.
Dezga edo oraska, zurezko pieza bakar batez egina.
Sukaldeko beste elementu batzuk ditugu suila, kono-enbor formako ontzia berau, eta pegarra, oso sabel zabaleko zeramikazko ontzi bat, ahoko luzexka eta helduleku altua duena. Bata zein bestea likidoak eramateko eta gordetzeko erabiltzen dira, ura batez ere, baserriaren fatxadatik berrogei bat metrora zegoen karelik gabeko putzu batetik ateratzen zuten eta garai batean, edo bestela Igartubeitiko Iturria izenekotik, etxearen atzealdean baitzegoen, mazela erdian.
Ezkerrean suila eta ondoan, baldea.
Sukaldea eta etxeko beste gela guztiak argitzeko burdinazko kriseiluak erabiltzen dira, zurezko zutabeetatik zintzilik jarrita daudela; horietarako erregai gisa, berriz, gantza edo balea-olioa erabiltzen da.
Kriseilua, kako zorrotz bat duena erremate etxeko zutabeetan ziltzilik jartzeko.