Igartubeitiko logelak

XVII. mendean, baserria handitu aurretik, sukaldetik igarotzen zen baserriak XVI. mendean zeukan gela bakarera. Gela laukizuzena zen, 30 m2 ingurukoa, eta bertan biltzen ziren, gauean, famili taldeko kide eta belaunaldi guztiak. Oheak, zurezko armazoia eta lastozko lastaira zeukatenak, bat baino gehiagorentzat izaten ziren beti, bai helduen kasuan ere, hauek estu-estu izaten baitziren etzaleku bakar batean. 

Artoaren mendean, XVII. mendearen hasieran, baserria handitzearen ondorioz, familiak batez ere gaua igarotzerakoan antzeman zuen aldaketa. Ekialdeko hormartea oso-osorik erabili zuten logeletarako, garai bateko logela kolektibo hura igarotzeko gune, jakitoki eta ehundegirako geratu zen; honen ordainetan, familia hiru logela independente berritan banatu zen. Logela berriek harrizko murru sendoak zituzten kanpoaldeko itxituratzat, hormarrizko trenkadak zeuzkaten barnealdean, edo panderete-trenkada adreiluzkoak, tarimazko zoruak, eta bakoitzak, gainera, bere leihoa zeukan eguzkia ateratzen den aldera begira, besteak beste egunean logela aireztatzeko. Erosotasun, higiene eta pribatutasunari begira, beraz, eraldaketa erabatekoa izan zen. 

Hiru logela horietatik, aurrekoaldekoari tratamendu berezia eman zioten. Sukaldeko sutatik hurren zegoena izanik, senide urtetsuenentzat izango zen nagusiki. Harrizko lau pareta dituen logela bakarra da. Logela honen beste berezitasun bat, sukaldearekin komunikatzeko barne-ateaz gain, ataripetik ere sarbide independentea edukitzea da. Ez da kasu bakarra euskal baserrietan eta badirudi horrelakoen erabilera historikoak zerikusirik baduela pasadizokoei, hots, eskulangile ibiltari, artzain, pelegrin eta kinkilariei besteak beste, etxea eskaintzeko tradizioarekin ezen horrelakoei, mandioaz aparte, logeletakoren batean lo egiten ere uzten zieten, nahiz betiere familiaren gauza baliotsuetatik, dontzeila gazteengandik eta, esate baterako, kalteren bat eragin zezaketen sukaldea bezalako tokietatik aparte, eta kanporako irtenbide zuzenaz. 

Igartubeitiko logela

 

 

 

 

 

 

 

 


Ohe batez ezkutatutik eta lurreko oholen azpian zulo bat dago, eta bertan etxeko gauzarik baliotsuenetako batzuk gordetzeko zurezko bi kutxa. Ohe altuek lihozko ehunezko erresela daukate, goiko partea eta alboak ere itxita dituztela berotasuna mantentzeko zein bertan daudenen intimitaterako. 

Hurrengo logelak erresel eta oihal zintzilikariz hornitutako ohe handi bat dauka, koltxoiaz eta ongi jantzia, eta soineko arropa ere bada bertan; horiez gain, aulki bat dago. Oheak erabiltzeko unean, baita ohe baxu txikienetan ere, familiako kide bat baino gehiago izaten zen bakoitzean, bai ation-amonak izan bai etxeko seme alabak izan. Izan ere, baserrian sei ohe besterik ez egon arren, bere historiako une batzuetan hamalau pertsona bizi izan dira espazio honetan. 

Oheetako oihal zintzilikarien eginkizuna bertan lo egiten zutenen berotasunari eustea zen, intimitatea babestea, eta sabaiko hautsa edo zikinkeria gainera eror ez zedin gordetzea, mandioko oholen artetik erotzen zen eta. Oheok, euskarri gisa, kantoietako lau pilare dituzte, nahiz XVII. mendearen amaiera aldean balaustre itxura ematen hasi zitzaizkien. Logelako kutxan batez ere ehuna gordetzen zen. Bertan egoten ziren jantzi pertsonalak, hala nola jipoiak, zaiak, gonak, galtzak, buru-estalkiak, zamarrak, barneko "arropatxoak", mantalak, gerruntzea, polainak, eta batez ere oheko arropak, ugari betiere, esaterako oheko jokoak edo lihozko izara jokoak, "estalkiak" edo edredoi zein burukoaren azalak, moztekeko lihozko erroiluak eta txatalak, eta arreoko izarak, bereziki brodatuak kolorezko zetaz edo kotoizko hariz. 

Hirugarren eta azken logelak bi ohe baxu ditu, lastaira, koltxoi eta oheko arropaz hornituta guztiak, eta kutxatxo bat. Neurri eta kalitate ezberdinetako kutxak, nagusiki arropa gordetzeko erabiliak, altzari ugariena ziren XVII. mendeko baserrietan, etxetik alde egin behar zuten seme-alabentzako ezkonsariaren oinarrizko piezetako bat izateaz gain. 

Igartubeiti, logelako kutxa

 

 

 

 

 



XVII. mendeko kutxa, arropa gordetzekoa. Gurutzeak eta motibo geometrikoak tailatuta ditu, alakaz, hanketan.