Gipuzkoako Foru Aldundiak 1993an erosi zuen Igartubeiti baserria, eraikin paregabea baitzen Gipuzkoako Lurralde Historikoko arkitektura tradizionala eta baserri giro zaharra adierazteko: eraikina gorde beharra zegoen, etorkizuneko belaunaldiek ere jakin dezaten behinolako bizimodu haren berri. Jakin eta gozatu dezaten, izan ere, oso gogoan eduki behar da arkitektura mota hori eta, jakina, bere inguruko bizimoldea ere gainbeheran etortzeko edo, okerrago oraindik, erabat galtzeko arriskuan dagoela gure egunotan.
Baserria esku-hartze lanak egin baino lehen
Zaharberritze lan guztian oso garbi izan dute baserria berreskuratzeko prozesuan zorroztasun zientifiko handienaz jokatu beharra zegoela, eta azkenean museo gisara erakutsia izan behar zela. Bi xede horien aginduetara, diziplina eta jakintza alor askotako lan taldea aritu zen lanean, arkeologoak, arkitektoak, etnografoak, historialariak, museologoak, zaharberritzaileak.....
Igartubeitin burututako lana erronka handia izan zen denontzat, hain zuzen jarraitzeko moduko eredurik ez zegoelako esku-hartzeari hainbeste ikuspuntutik heldu ahal izateko.