Lehenbiziko lana baserriaren lurpea industea izan zen. Helburua XVI. mendeko baserriarekin lotutako egiturak aurkitzea zen, emaitzarik izan ez bazen ere. Dena den, baserriaren aurretiko bizileku-egitura baten aztarnak aurkitu ziren, perimetroko egitura zurezko 23 zutabetxoz osatutako etxolagune batenak. Hauxe da Euskal Herriko itsas isurialdean aurkitu den Erdi Aroko baserri arkitektura iraunkorraren lehenbiziko alea.
Lurpean barneratuta zegoen Erdi Aroko etxolagunearen neurriak, eraikinaren ekialdeko alboa ixten zuten zutabeen kokapenarekin.
Agiri aztarna fidagarrien arabera badirudi baserri errenazestistaren familia jabe eta fundatzaileak mendeetan zeharreko lotura izan duela gaur egun eraikina dagoen orubearekin. Izan ere, XIV eta XV. mendeko agiri batzuek erakusten digutenez, orube horretan Erdi Aroaz geroztik nekazari askeen familia bat izan zen, eta aipamena egiten duten iturriek Yartua edo Iartu izena ematen diote familiari.
Zundaketa batean, sukalde ondoko logelan zulo ezkutuko bat topatu zen, gauza baliotsuak, elikagaiak gordetzeko, gizarte, ekonomi zein politika mailako une ezegonkorretan erabiltzeko. Kronologia erabakigarririk ez dagoen arren, XVII. mendeko handitze lanak baino geroagokoa da. Arrazoizkoena litzateke XIX. mendearen hasierako frantzes okupazioaren episodioekin, bi karlistaldiekin edota 1937-37ko gerra zibilarekin eta honen gerraostearekin lotzea ezkutalekua.
Ohe batez ezkutaturik eta lurreko oholen azpian zulo bat dago, eta bertan etxeko gauzarik baliotsuenetako batzuk gordetzeko zurezko bi kutxa.