Artaburuei irin bihurtu eta etxekoen elikaduran sartu ahal izateko eman beharreko tratamendua eta gariari eta artatxikiari ematen zitzaiena oso ezberdinak ziren. Garia, uzta bildu orduko, eho bazitekeen ere, edo aletegi itxi, lehor eta ilun batean karraskariengandik babestu bestela, eta aldian-aldian beharrezko kantitateak atera eta errotara eraman, artoarekin ez zegoen horrela inolaz ere jokatzerik. Baserritarrek ezin zuten berdetan eho, eta hainbat astetan lehortzen eduki behar izaten zuten errotara eraman aurretik, bestela errotarriak oratu eta makineria matxuratu ere egin zitekeen eta. Lehortze lan honetarako artaburuak zabaldu egin behar ziren azalera estali eta ongi aireztatu, zeren eta metatu edo kutxetan sartuz gero bazitekeen hartzitzea eta jateko moduan ez geratzea. Lehortzea ere ezin gehiegi luzatu, artaburuetan berehala hazte zelako “arta-kotxoa”, bizkor asko jaten zituen parasito bat alegia; halaz, behin ondu eta gero egun gutxiren buruan aletu behar ziren, eta horretarako iluntze parteko famili bilkura handi eta biziak antolatzen zituzten, are inguruko baserrietako auzotarrekin txandaka bilduz ere zenbaitetan. Artaburu garbiak, gero, artoa jotzeko astoan aletzen dira mazo bidez, astoa azpian zuloak dituen enbor hustu bat da.