2010eko kontzertua: Javier Perez de Azpeitia pianista

Igartubeiti Baserri Museoak, Zumarragako Antioko Musikaldiaren lankidetzarekin, Igartubeitiko dolarean, urriaren 2an antolatutako musika kontzertuak izugarrizko arrakasta izan zuen, aforo guztia betez. Javier Perez de Azpeitia pianojoleak Aita Donostia, Maurice Ravel eta Manuel de Fallaren lanak jo zituen.


Pianojolea

Javier Perez de Azpeitia

 Beran jaio zen 1963an. Musika ikasketak Donostiako goi mailako musika kontserbatorian egin zituen, non piano eta ganbara musikan lehen sariak eman zizkioten, eta Madrileko goi mailako musika kontserbatorioan.

1988an Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beka bati esker, Liejako goi mailako kontserbatorioan jarraitu zituen ikasketak Joseph Alfidi irakaslearekin eta ganbarako musikaren lehen saria eskuratu zuen, pianoko goi mailako diplomarekin batera, aipamen bereziarekin.

Haren palmareseko sariak aipatzearren: piano-jotzaile gipuzkoar gazteen lehiaketa (1977); Albaceteko Virgen de los Llanos (1987); Santa Cruz Tenerifeko Yamaha (1988); Bartzelonako Montserrat Alavedra Ganbara Musika (1996). Musika-saio ugari eman ditu, horien artean Musikasten, Donostiako Musika Hamabostaldian, Donostiako Asociación de Cultura Musical-en, Madrileko Complutense Unibertsitateko udako ikastaroetan (El Escorial), Pau Casals auditoriumean, Maestranzako antzokian, Madrileko Teatro Realean. Baita halaber, Granadako, Segoviako eta Torroella de Montgriko nazioarteko jaialdietan. Madrileko Auditorio Nazionalean jo izan du bakarlari gisa Espainiako egile eta editoreen elkarteak (SGAE) antolatutako CDMC sarien amaiera ekitaldian.

Irakaskuntzan eta kontzertuak ematen aritzeaz gain, ibilbide oparoa egiten ari da zinemaren munduan, film mutuen garaiko musika berreskuratzen Espainiako Filmategiarekin elkarlanean.

1999an The silent band izeneko taldea sortu zuen, film mutuetan zuzenean musikaz laguntzeko helburu bakarrarekin. Lehenengo lana R. Chapieren La revoltosa izan zen Madrid-Imagen jaialdiak eskatuta, Luciano Berriatuaren lankidetzarekin. The silent bandak Frivolinas filmaren H. Riesenfelden musika grabatu zuen, merkatu amerikarrean banatzeko. 2003an, Curro Vargas eta La casa de la Troya filmen musikaren errestaurazioan parte hartu zuen. Urte bereko urrian, Film in Music Stifting fundazioak kontrataturik, bira bat eman zuen Holanda eta Belgikan, Murnauren Faust filmaren Paul H. Haenselen partitura interpretatuz.

Ohiko lankidea da Euskadiko Orkestra Sinfonikoan. Luis Mariano nazioarteko kantu lehiaketaren piano jotzaile ofiziala izan da. Gaur egun Euskal Herriko goi-mailako musika-ikastegiaren (Musikene) irakaslea da.

Javier Perez de Azpeitia pianojolea

 

Programa

En el pirineo (Escena al amanecer)

La embrujada del Caserio

El canto de las Montañas

Cinco pajaros en libertad

Pajaros Tristes

Preludios Vascos

Bat-Batean

Errotazuriko Urretxindorra

Eresi

Artzai gaztearen oiuak

San Francisco de Paula caminando sobre las olas

Danza del Fuego