Hiru bertsolari taldeak agurra egin ondoren, puntura eta bakarka aritu ziren. Epaileen puntuaketaren arabera, ilarrak taldea izan zen lehenengo. Asier Sasieta, Itziar Etxezarreta eta Gorka Azkaratek osatutako taldeak lan borobila osatu zuten, ia akatsik gabea, eta gogoratzeko moduko kolpe ugariz zipriztindua. Agurra, umoretsua egin zuten hauek ere, Xuxaren garai bateko doinu bat berreskuratuz.
Motxorro taldeak, Jokin Murua, Oier Oiarbide eta Asier Iriondo, saio oso ona osatu zuen, entzuleek gustura entzun zituzten hauen bertsoak eta eurek eraman zuten, izan ere, publikoaren talderik gustukoenaren saria.
Edurne, Maialen eta Amaiaren taldea sailkatu zen hirugarren postuan, nahiz eta oso ondo aritu ziren. Agurra, umoretsua egin zuten, Edurnezuri eta bi ipotxen paperean.
Entzuleen txalo eta oihuen artean, epaileek honela banatu zituzten puntuak:
1-Oilarrak (Itziar, Sasieta, Azkarate): 181.5 puntu
2-Motxorro (Murua, Oiarbide, Iriondo): 181.05 puntu
3-Edurnezuri eta bi ipotxak (Amaia, Edurne, Maialen): 177.5 puntu
Hasierako agurrak, Murua, Oiarbide, Iriondo
Hasierako agurrak, Edurne, Amaia, Maialen
Hasierako agurrak, Itziar, Asier, Azkarate
4 oinak eta azkenaurreko puntua emanda
Ofiziotan, Santa Agedako kopla neurrian, Oiarbide, Edurne, Itziar
Ofiziotan, 8ko txikian, Murua, Amaia, Azkarate
Bakarka, gaia emanda, Iriondo, Maialen, Asier
Puntuari erantzuten eta objektuen bertsoa, Iriondo, Amaia, Asier, Murua, Edurne, Itziar
Puntukako saioa, Oiarbide, Maialen, Azkarate
Amaierako agurrak
Bertsoekin gozatu ondoren, barrikoteari hasiera eman zitzaion. Aurten Joxe Etxeberria “Txipi” izan da omendua, txotxa irekiz.
Ezkio-Itsasoko bertso eskolako kideek, bertso hauek egin zituzten bere omenez, txotxa ireki aurretik kantatu zirenak:
Eskatu gabe hor zaude beti
laguntza behar denean.
Joxe milesker, bihotz-bihotzez
gaur guztion izenean.
Yartun, koruan, gabon eskean,
zein festetako lanean,
ta aitonaren antzezpenean
edo apaizarenean,
zenbat aurpegi kabitzen diren
gizon beraren barnean.
Hala diote, gizon on denen
atzean hor dago dama,
ta horregatik nahiko genuke
zuzendu Mirenengana.
Urte luzetan mugitu gabe
zure alboan izana,
zure moduan jaso dezala
denon besarkada bana,
inoiz ez dadin ahanzturan galdu
bere isilpeko lana.
Beti gogotsu ta eskuzabal,
hamaika erronkei heldu,
garai zailetan herri lanean
berdintsu uda zein negu.
Urtetarako, zurekin Joxe,
noski, zorretan gaude gu
zu zeralako beste guztion
ispilu eta eredu,
zure omenez gaur sagardoa
gustora edango degu.
Martxoan Bertsoako kanporaketa eta ondorengo barrikoteaz gozatzera Ezkio-Itsasoko zein inguruko herrietako bertsozale eta lagunak hurbildu ziren Igartubeitira. Zumarraga eta Urretxutik, autobuskada bertsozale inguratu zen.
Denok ere oso gustora izan ginen Igartubeitin, bertsoekin, sagardoarekin eta trikitixarekin gozatuz.