Igartubeiti Baserri Museoan urrian egindako sagardoa dastatzeko ordua iritsi da. Sagardoa eta bertsoak uztarturik, barrikotea eta martxoan bertsoko kanporaketa izan da, Yartu elkartea eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolaren lankidetzarekin.
Bertso saioan, hiru talde aritu dira kantuan: ”Gabirisprint 2” (Oier Oiarbide, Gorka Maiz eta Mikel Asurabarrena), ”Potato barria” (Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez Durana eta Serapio Lopez) eta ”Udanako kurbak” (Ulises Galdos, Asier Iriondo eta Gorka Azkarate; Itziar Etxezarreta gaijartzailearen agindutara. Saio umoretsua izan zen oso, eta gabiriarrak izan ziren garaile. Arabarrak izan ziren bigarren eta ”Udanako kurbak” taldekoak hirugarren. Entzuleek asko gozatu zuten bertsolarien lanarekin, eta gogoz txalotu zituzten euren bertsoak.
Barrikotea ireki aurretik, aurtengo bi omenduen gainean hitz batzuk esan zituen Yartu kultur elkarteko lehendakari Begoña Idiakezek. Ezkio-Itsasoko bi kirolarik izan zuten txotxa irekitzeko ohorea, Jaione Sasieta eta Alex Aranburuk, hain zuzen. Pintxoak banatu ziren eta sagardoa dastatzeko aukera egon zen, festa borobiltzeko, Elortza anaiak trikitilariekin.