Artzaintzaren antzinatasuna
Artzaintza trikuharrien garaian ezarri zen. Barandiaran trikuharrietako indusketak zeuden tokietatik gertu artzain txabolak zeudela eta egoera hau euskal geografia guztian errepikatzen zela konturatu zen XX. mendearen hasieran. Artzaintzaren antzinatasuna hizkuntza kontu bategatik ere antzeman daiteke, euskaraz aberastasun kontzeptua, “Aberatsa” hitzaren sustraia abere da, beraz, aberatsa zenak abere asko zituena zen, ez diru asko zuena.
Txabolak eta sarobeak
Artzainaren ohiko txabolak bi edo hiru gela ditu, oso txikiak, keagatik belztuak. Txabolak, luzeran 9-10 metro eta zabaleran 4 metro eta erdi ditu, neurri hauei hormen 60 zentimetrotako lodiera gutxiagotu behar zaio. Lehen gelari estalpea edo sukaldea deitzen zaio, bigarrenari kamaña, eta hirugarrena, hurritzez egindako egur-hesiarekin, gaztategi edo gaztaetxea bereizten zuena.
Txabolaren ondoan beste gune batzuk daude: aharia, gaixorik dagoen edo erditzean atzeratu den ardiren bat, pentsu zakuak eta baratzerako zenbait lanabes gordetzeko borda txiki bat. Baratzean babak, tipulak, perrexila, patatak, letxugak, porruak landatzen zituzten, dieta aitzinean baino aldakorragoa izanik. Garai batean egunero babak eta patatak jaten baitzituzten zatoko ardo pixka batekin lagundurik.
Eskorta edo artizkunea ere badago, non artzainak ardiak jezten ditu goizez eta ilunabarrean, oilotokia, oiloak dauden tokia, artzaina arrautzekin elikatu dadin. Gausarea, lizarrez inguratutako itxitura handi bat da. Lizarrek itzal handia ematen dute eta bertara iluntzean artaldea eramaten dute, otsoak zeuden garai hura oroitaraziz. Lizarraren hostoez osatutako adarrak jaten ditu ahariak indarra hartzeko 60 ardi estali behar zituen eta.
Gela hauez osatutako multzo guzti honi saroia, sarobea, sarea…deitzen zaio.
Zintzarriak, markak eta seinaleak
Artzainek beraien ardiak ezagutzeko belarrietan seinale eta abere marka sistema asmatu zuten.
Zintzarria ohiko artzaintzaren garapenerako ezinbestekoa da, ardiak non dauden adierazten digulako. Egunero ez da izaten egun argirik eta lainoa dagoen egunei artzainek beatzia, bederatziurrena, deitzen diote bederatzi egun irauten duelako. Egunero ardiei txistu egin behar zaie, ardien bila joan behar da, banatu behar dira jezteko eta gauez txabolara ekarri. Ardi batzuk mugitu egiten dira, horregatik ardi buruzagiek zintzarriak daramatzate. Zintzarri bat oso garestia da eta garai batean egurrezko lepokoan ipintzen zen eta gaur egun plastikozko batean edo gomaztatutako olana batean. Egun, ardiek txip-a daramaten lepokoa erabiltzen dute artzainak ardiak non dauden jakiteko. Lehen berriz, artzainak txitxargileari, joaldunari edo joaregileari, soinu eta tinbre berbereko 45 edo 50 zintzarri eta beste 30 dulunda (gandorrezko zintzarriak, askoz ere garestiagoak) eskatzen zizkion.