Uztaila Igartubeitin

2018/07/03
Hilabete honetan leherketa etorriko da, eguzkiak ederki berotuko du eta landareek gustura hartuko dute. Uztaren hilabetean, esaerak honela dio: “uztaiean igitaia eskuan”. Lehenengo uztak jasotzen hasiko gara. Bestetik, ipar isurialdean belazeak mozten jardungo dute baserritarrek, eta hego isuri aldean berriz gari soroek beteko dituzte bazterrak.

BARATZEA

Tipula eta patata jasotzeko garaia da, hostoak kolore marroixka badute, helduta daudenaren seinale.

Historian zehar garai honetan batez ere uzta jakin batek hartzen zuen garrantzia, gariak alajaina. San Fermin egunaren bueltan mozten zen garia igitaiarekin, ondoren lehenik soroan eta gero ganbaran lehortuz. Langintza honetarako baserriek eta nekazariek beraien artean zituzten erlazio sareaz, auzolanaz baliatzen ziren. Hiru-lau bat baserrik elkar laguntzen zuten uzta jasotzerako garaian. Honela bateko uztak jasotakoan denak bestera igarotzen ziren, elkarrekikotasun printzipioa aktibatuz. Honi “igitai zorretan” egotea esaten zitzaion. Bada gariarena ez zen kontu makala (errenta, hamarrena) gariz ordaindu beharko zituzten eta. Ditxosozko ogi zuria! Hortik letozke Ataungo San Martin Txikik izandako buruhausteak, jentil eta basajaun zaharrei garia ereiteko sekretuak eskuratzeko egin ahalean. Baina uzta jasotzearekin ez zen nahikoa. Ondoren larrainera eraman behar zen garia jotzeko, aletzeko, ondoren, errotara eramateko moduan izan zedin. Hortik Nafarroako Lizarra aldean egiten den larrain dantza (La era).

 Igartubeitiko igitaiak

Igartubeitiko baratzera itzuliz, barazki ezin hobe bat landatzeko azken txanpan gaude, kuiatxoa edo “kalabazina”. Berez landatuta beharko luke baina oraindik ere egin dezakegu, ez bagara asko atzeratzen. Kuiatxoa, kuiaren familia zabalekoa da (kalabaza). Berez bere arbasoak ameriketan dute jatorria, baina gaur ezagutzen dugun bezala Italian sortu zen, XIX. mendean.

Eguzki zalea eta bero zalea dugu. Aldi berean, lurrak aberatsa izan behar du materia organikoan. Hau da simaurra edo etxeko kompost-lurra erruz bota, nahiz zaharra edo berria izan. Kuiatxoak lore oriska bat ematen du. Batzuk harrak eta besteak emeak. Intsektuek, polena lore harretan hartu eta emeetara eramango dute, eta azken hauek emango dute atseginez jango dugun fruitua, lore eme jangarria.

Landatzeko garaian kontutan izan beharrekoa distantzia da, batetik bestera metro beteko distantzia utzi gutxienez. Landatzeko, zuloa egin eta simaur pixka bat jarriko dugu eta bertan landatu lurrarekin estaliz. Inguruan orbela, edo lasto pixka bat jartzea ere ez legoke gaizki, ura hobeto mantentzeko.

Uzta jasotzeko garaian, txikiagoak daudenean jaso, honela samurragoak egongo dira. Behin bilduta ongi mantentzen da leku lehor eta freskoetan, lasto gainean esaterako.

Soil soilik bero handiko egunetan ureztatu. Eta hezetasun hori lurrean mantendu ahal izateko badira zenbait trikimailu: azpiak egitea, esaterako. Hau da landareen artean estali gabe dagoen lur zatia estali. Honela etengabe lurruntzen ari den lurrean dagoen urari hobeto eutsiko diogu. Eta aldi berean landareen artean hazten diren belarrak atzeratuko ditugu. Gainera, modu honetan lurra ongarrituko dugu ureztapena zertxobait murriztuz. Zer erabiliko dugu lurra estaltzeko? Belar ondua edo moztu berria den belarra, orbela, lastoa, ximaur piska bat…

Igartubeitiko kalabazina

INGURUNEA

Uztailarekin batera datoz lehenengo fruituak. Lehenik hezurra dutenak etorriko dira: gereziak eta aranak esaterako. Eta laister hasiko dira pepita dutenak: udarea eta sagarra. Azken hauek anitzagoak dira hemen, urte askoan landu izan direnaren seinale. Orain hasi eta urte amaierara arte ematen jarraituko dute. Lehenengoei goizekoak esaten zaie: sagarraren kasuan “goizsagarrak”, esaterako San Juan sagarra, Amabirjin sagarra… Udaretan berriz, San Juan udarea, San Esteban udarea… Eta beranduago heltzen direnei berriz berandusagarra, errezila esaterako. Igartubeitin ere hasi dira lehen sagar aleak agertzen. Ezinbestekoak udazkenean dolare zaharra martxan jartzeko.

Igartubeitiko lehen sagarrak

Hilabete honetako landa paisaiaren beste adierazleak belarra moztutako soroak dira, belar moztuaren eta belar onduaren usainarekin batera. Izan ere, ekaina amaiera eta uztaila hasiera belarra mozteko garaia da, negu sasoian, ganadu ikuiluratzen denean zer jana izan dezan. Beraz ez da harritzekoa izango landa inguruetan belarra moztuta ikustea edo belar fardoak han-hemenka ikustea. Lan gogorra bai, eguzki galdatan egin beharrekoa udako ekaitzaren euriak harrapatu aurretik. Aurten, eguraldi nahasia dela eta berandutu egin da belarretarako garaia eta belarra gehiago hazi da. Gainera, hara nondik, baserritarrek belar klase ezberdinak bereizten dituzte. Udarako lehenengo moztualdiko belarra lehen belarra litzake. Indar eta elikagai gehiago dituena. Eta bigarren moztualdikoa San Fermin inguruan egiten dena, “bi-belarra” deitzen zaio. Hau ordea ez da hasierakoa bezain kalitate onekoa izango, urtsuagoa eta elikagai aldetik eskasagoa izango da.

Amaitzeko, gure inguruan aurkitu dezakegun zuhaitz bat aipatu nahi nuke, eta askotan oharkabean pasatzen dena: ezpela. Igartubeiti inguruan baditugu ezpel bakan batzuk. Ia Euskal Herri osoan hedatzen den zuhaixka da, ongi egokituta baitago ingurugiro honetara. Bere izen zientifikoa latinez buxus litzateke, greziera zaharreko bus hitzetik datorrena (gazteleraz boj), eta berez hontza esan nahi du, bere fruituaren formak hontz txiki baten antza duelako. Baserri inguruetan itxiturak edo heskai naturalak egiteko erabili izan da. Bere zura oso gogorra da, dentsitate handikoa. Antza denez, ezpel gogorrenaren zura uretan ondoratu egingo litzateke. Bere gogortasuna dela eta, torneatzeko erabili izan da. Batzuek diotenez, dolare gotikoetako ardatzak baliteke ezpelaren egurrez egindakoak izatea. Hala ere tamaina izugarrizko ezpela izan beharko ziren. Bestalde landare sendagarri bezala ere erabili izan da. Diuretikoa da eta gibeleko gaixotasunak eta malaria sendatzeko erabili izan da. Hala ere, gau egun landare pozointsu bezala katalogatuta dago eta debekatuta dago sendagai bezala erabiltzea.

Igartubeitiko ezpela