Igartubeitiko baratzea eta ingurunea uztailean

2017/06/30
“Uztailean igitaia eskuan”. Uztaila udarako lehenengo uzta jasotzeko garaia da (uzta+ila). Historian zehar, uztailean baserriko lanak gariaren eta artoaren inguruan antolatzen ziren. San Fermin egunaren inguruan garia biltzen zen eta aldi berean artajorran egiten zen, kendutako hostoekin koltxoiak eta alfombrak egiten zituztelarik.

Baratzea

Besteak beste honako hauek landatzeko garaia da: porrua, albahaka, brokolia, letxuga, Brusela aza, borraja...

Ekaineko eguzkiak gure soro eta zelaiak gogotik berotu ditu. Hala ere, Igartubeitiko baratzeak ongi eutsi die beroaldi izugarriei. Alde batetik lehenengo piper aleak agertu zaizkigu, Gernikako piperrak eta “gindillak”, jada jateko moduan dauzkagu gainera. Kalabazinak berriz, hostoa agertu bezain laister eman ditu lehenengo fruituak. Beraz zortea izan dugu, bai lorea eta baita kalabazina bera dastatzeko moduan gaude eta!

Lehenengo landatualdiko letxugak ere mahairatzeko moduan daude. Gorantza burutzen eta frexkura galtzen hasi aurretik jaso behar dira eta hauen lekuan berriak landatuko ditugu. Landare honek ur asko behar du, horregatik ezagutzen da “uraza” bezala. Egun hauetan Igartubeiti ingurutik bazabiltza animatu letxugaren bat edo beste hartzera! 

Igartubeitiko Lhenenego Kalabazinak

Igartubeitiko lehenengo kalabazinak

Ekainean ereindako babarruna artoarekin nahasten hasi da. Honela, artoari behar duen nitrogenoa errazago eskuratzen lagunduko dio. Bestetik, tipula jasotzeko sasoian gaude. Beroa behar duen landarea da. Horregatik, eguzki askoko egunetan jasotzea komeni da, hostoak ihartzen eta kolore marroixka hartzen hasten diren unean, alegia.

Neguan landatutako porruek berriz beraien ziklo osoa bete dute. Garatu zaien aldaxketan agertu zaizkien boltsatsoetatik lore dotoreak ernaldu dira, kolore moratua hartzen joango direnak piskanaka-piskanaka. Aurrerago, moztu eta baserri aurrean zintzilikatuko ditugu lehortzeko eta honela hurrengo urterako gure haziak eskuratzeko. Adi, porruen uzta berria San Juan egunetik San Ferminetara bitarte landatzea komeni da eta. Igartubeitin jada burutu dugu labore hau. 

 

Porruak loretan

Bainek berriz urritz makilez eginiko estruktura ia oso-osorik estali dute. Gainera, bere hostoetan zorri talde eder bat bildu da. Baina lasai, hau ohikoa baita. Bainak lekale edo leguminosak dira, eta hauek nitrogeno ugari kanporatzen dute zorriak erakarriz. Elkar elikatzen den ekosistema honetan, datorren urtean lur zati honetantxe letxugak landatuko ditugu, hauek lurrean gelditu den nitrogeno gaindosia xurgatuko dute eta. 

Baina zorriekin

Ingurunea

Jakoba Errekondok dioen bezala,  geure kulturan, eta orokorrean kultura atlantiarretan, baratzeaz hitz egiten dugunean ez gara soilik barazkiak landatzen ditugun lur partzela horretaz ari, baizik eta inguruneko lore, fruta arbola, zuhaixka eta arbustoak ere barnebiltzen ditu baratzearen ideiak. Hau da, ez da baratzea eta jardinaren arteko bereizketa egiten, hau pentsamendu modernotik eratorritako herentzia litzateke.

Hori dela eta, Igartubeitiko baratze inguruari begiratzen badiogu hainbat ezusteko emango dizkigu.  Batetik, baserrian ditugun bi mahats klaseek, “basatia” eta “andere mahatsa”, indartsu hasi dute udara. Lehenago baserri zaharretan, mahats basatiak baserriko aurrealdeko horma guztia estaltzen zuen, gaur ordea, horrelako figurak geroz eta gutxiago ikusten dira. Bi mahats klase hauek ez  dira ardotarako edo txakolinetarako erabiltzen, “jan mahatsak” dira, eta poliki poliki hasi zaizkigu lehenengo fruituak ematen. Hurrengo hilabeteetan jateko moduan izango ditugu eta bizi biziak dira gainera.

Bestetik berriz, gaur egun, hain ohikoa ez den beste landare berezi batek lore ederra eta berezia eman du: “Pasio lorea” edo “Flor de Pasión”. Izatez landare hau “trepadora” edo landare igotzailea da, beste landare ezberdinetan zehar kiribiltzen da, forma bereziak dituen hostoek lagunduta. Bere loreak, udararen etorrerarekin agertzen dena, kolore anitzeko tonalitateak hartzen ditu, eta bere esentzia  intentsoagatik nabarmentzen da. Bere izena “La Pasión de Cristo”-tik dator, izan ere bere formak arantzazko koroia gogorarazten digu, eta lorearen barrenean gurutzearen forma ikus daiteke. 

 Pasio Lorea

Inguruneko loreez ari garelarik, hauen garrantzia azlatzea ezinbestekoa da. Izan ere, euskal baratzeetan, esan bezala barazkiez gain fruta arbola,  arbusto eta zuahixkak landatzen zituzten eta horien artean baita lore ezberdinak ere. Baserri zaharretan oso gustuko zituzten loreak, funtzio estetikoa baino gehiago, zuten erabileragatik alegia, esaterako erritualetarako. Baina batez ere polinizaziorako. Izan ere, loreen kolore eta usain/esentziek erleak erakartzen ditu. Eta baserritarrek bazekiten erlerik ez bazuten sagarrondoek ez zutela sagarrik emango eta ondorioz  sagardorik ere ez zutela izango. Beraz, ingurunea loturen bitartez ikusteko garatu zuten beraien begirada orduko baserritar eta nekazariek. 

Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan

  • Beroaldi handien ondoren baratzea gogotik ureztatu. Ureztatzeko onena goizeko eta iluntzeko freskurak dira. Beroaldi handienean ureztatzen badugu baratzea, barazkiak “egosteko” arriskua baitago.

  • Ureztatzeko, baratze ondoan bidoi bat izatea ez da kalterako izango. Hau euri urarekin betetzen joan dadin, eta tarteka asun-belarra gehitzen badiogu are onuragarriagoa izango da gure ureztapena.

  • Xaboia, tabakoa eta azeri buztanarekin egindako nahaskia barazkien hostoetan eman zorriaren aurka.

  • Baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan.

  • Barraskilo eta bareak “kontrolatzeko” truku txiki bat: neguan piztu dugun beheko suaren hautsa zabaldu baratze ertzetan. Edota ontzi/botila ipurdiak lurrean sartu urez eta garagardoz beteta, barraskiloak eta bareak erakarriko ditu eta.

  • Belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia da.

  • Tomateak kimatu.

  • Fruta arbolen udako inausketa egin.

 

 

 

Igartubeitiko baratzea eta ingurunea uztailean

Igartubeitiko porruak loratzen