Uztaila: garia jaso arto ogia egiteko
GARIA KANTAURI ALDEKO BASERRIETAN
Uztaila gariaren hilabetea bezala ezagutzen da gehien bat. Euskal Herriko hegoaldeko landa lur zabaletan zehar ibilaldi bat egitea besterik ez dago gaur egun horretaz ohartzeko. Uzta biltzeko makina edota traktoreak soroetan barrena edo errepide bazterrean ikustea ez da gauza arrotza urte sasoi honetarako. Askotan gainera gauez ikusiko ditugu makinak lanean, hauek ere udarako gaueko frexkuran lana errazago egiten baitute. Igitai zaharra txiki geratu zaio gaur egungo nekazaritzari. Igitaiaren aizto zorrotza ez da aski gaurko gizartearen beharrak asetzeko eta nekazarien lan baldintzak betetzeko. Bestalde ordea, ez legoke gaizki igitai zaharrari bere lekua egitea gure gizartean. Jaten duguna nondik datorren eta horren atzean dagoen lanaren jakitun izan gaitezen gutxienez.
Oso uste zabaldua da Euskal Herriko kantauri isurialdean gari soroak urriagoak eta askoz ere berantiarragoak izan zirela historian zehar. Gaur egun honekiko dugun pertzepzioa ere halakoa da orokorrean. Hau da, eremu geografiko hau, bere orografia eta klima ezaugarriak direla eta ez dela hain egokia gari, olo, zekale edo antzerako zerealak ereiteko, eta beraz langintza hau nahikoa marginala izan dela kantauriar isurialdeko baserrietan eta etekin eta produktibitate gutxikoa. Azken urteetan egin diren etnoarkeobotanikako ikerketek ordea bestelako panorama bat erakusten dute. Historiaurre urrunetik jada aipatu zonalde geografikoan zereal soroak zeudenaren aztarnak agertu dira. Esaterako Bizkaiko Urdaibai inguruko indusketa batzuetan K.A. 4500 urte inguruko olo arrastoak topatu dituzte. Beraz beste behin paisaiak eta historiak berak esan digute nekazaritza ez dela gaurko kontua eta gure gaurko zibilizazioaren aurrekoek dageneko bazekitela zer egiten zuten.
Datu hau edo bizi garen inguruetan ikusten ditugun baserrietan zerealak izan duen garrantzia “anekdotikoa” iruditzen zaigu, baina duela 50 urtera arte baserri hauen inguruetan zereal ugari izango ziren. Gipuzkoa edo Bizkaia “berdearen” irudia oso berriki asmatutakoa dela ere esan liteke. Izan ere aurreko mende erdialdera arte paisaia ez zen hain “berdea” izango, eta ez gara ari indarrean zeuden fabrikez, zereal soroez baizik. Irudikatu ote ditzake gehiegizko irudiez beteta daukagun gure irudimenak duela 100 urteko Gipuzkoa, Bizkaia edota Lapurdiko uztaileko paisaiak? Gariaren oria, irten berri den artoaren berde freskoa, baso kolorea eta beroak ihartzen hasitako belazeen berde-gorrien nahasketa alegia?
Igartubeitko gari sailtxoa jasotzeko moduan
Gainera garia txandakatze sistemaren parte zen. Hau da udazkenean, artoa jaso ondoren azaro inguruan garia ereiten zen. Eta uztaila-abuztuan garia jaso ondoren berriz bazka-arbia landatzen zen soro berdinean. Kasu askotan gainera, gariarekin batera soro berean baba ere ereiten zen. Azken honek lurrean uzten duen nitrogeno eskerga (leguminosa) gariak elikagai bezala eskuratzen duelako.
Errez esaten da uztaila gari uzta jasotzeko garaia dela. Baina uztailean lana “hasi” besterik ez zen egiten. Gari hura ogi bihurtu arteko egunak luze eta gogorrak zitzaizkion baserritarrari. Eta bilduko zuten uzta urri ura ezerezean geldituko zen errentak, langile ezberdinen lanak (perratzaileak, sakristauak, medikuak, maixuak, jostunak…) eta errotariari “laka” (errotariak bere lanaren zati bezala jasotzen zuen irin-gari zatia) ordaindu ondoren. Beraz, baserritarrak gari soroetan lana egin bai baina gero hortik eratorritako ogi gutxi dastatzen zuen, ogi apurrak ere hortxe hortxe. Haren ordez arto ogiaz, taloez edo morokilez elikatuko ziren. Hala dio Uztapideren bertso honek ere:
“Garia ereiten laiakin eta
ebakitzeko itaian,
lana berdintsu egiten gendun
aste egunian da jaian;
nekia pranko artu genduan
gaztiak giñan garaian,
nai ordurako ogi zuria
ez gendin ikusten maian.”
Denbora igaro ahala, XX. mendean ondotxo murgilduta dagoeneko, hasi zen ogi zuria baserritarren eguneroko dietan lekua egiten. Jan bai, baina egin ez. Hala zioen behintzat Laffittek XX. mendearen erdi aldera, “baserrietan ogia egitearen kontua jada oso marginala zela”, okinak garai horretarako etxez etxe banatzen baitzuten ogia. Hara hor iraganeko baserritarrek bizi izan zuten paradoxa: beraien lanetik ateratako gariarekin egindako ogirik ezin jan, eta gero industrializazioarekin batera irekitako okindegietako gari ogia jaten hasi ziren. Aldaketa hau, 20 urteren buruan gertatu zen.
Baina baserritarrek XX. mende erditik aurrera garia ereiteari utzi bazioten (Kantauri isurialdean batez ere), nondik zetorren (eta dator) ogia egiteko gari-irina? Agian Imanol Larzabalen abesti ezagun batek argi pixka bat ekarri diezaioke kontu honi, honako hau dioenean: “ene Segurako aitonak, ogia behar zuenean, Castillara joaten zen jornalaritzara, garietara!”.
Pedro Berriochoa historialari eta antropologoak “Como un Jardín: El caserío guipuzcoano entre los siglos XIX y XX” liburuan dioenaren arabera, gaur gaurkoz uste dugunaren aurka Gipuzkoako gariaren errentagarritasuna, 15hl/ha, (uztaren kantitateari dagokionean, ez merkatuko prezioari dagokionean) Espainiako bataz-bestekoaren gainetik zegoen. Baina eta hortaz, zer dela eta utzi zioten baserritar haiek (gure aiton-amonak) Euskal Herriko ipar isurialdeko soroetan garia ereiteari?
Arrazoietako bat oso erraza da, aurreko mendeetatik zetorren merkatu logikaren hariari jarraiki, gariak lan eskerga handia zekarren baserritarrentzat eta errentagarritasun gutxi. Gainera XX. mende erditik aurrera bestelako laboreek, batez ere ganaduarentzako bazka-uztek errentagarritasun handiagoa ematen zuten. Barandiaranek zioenaren arabera ganadu bazkaren prezioa hirukoiztu egin zen. Garai beretsuan, Amerika eta Errusiako garia inportatzen hasi ziren, prezio oso baxuan. Eta beraz baserritarrak zail zeukan egoera horri eurre egiteko. Kontuan hartuta gainera garia ziklo luzeko uzta dela, 9 hilabete itxaron behar zituen baserritarrak gari uzta jasotzeko (eguraldia lagun izanik), eta ondoren inportatutako gariaren prezioarekin lehiatu.
Arrazoi hauek eta beste batzuk tarteko, baserriaren inguruko iruditegi kolektibotik garia ezabatu egin dugu, igitaia bere bidelagunik gabe utziz. Bestalde baserriarekiko mendeetan osatu den definizioaren inguruan pentsarazteko ere balio dezake gariaren kontu honek. Hau da XV. mendean familiaren “auto-hornikuntzan” oinarritutako baserri “autarkiko” horren ideia bera, baserriak jasan duen bilakaera komplexuari erreparatuz gero, nahiko mugatua gelditzen dela esan liteke, bai denboran zehar baita kontzeptu bezala ere. Izan ere definizio horren arabera badirudi baserria historiatik at egon dela eta beti berdin mantendu dela.
ARTATXIKIA AHANZTURAN
Amaitze aldera, baserriaren iruditegi horretatik kanpo utzi dugun beste elementu bat aipatu nahiko genuke, artatxikia da. Uztailean, garia jaso ondoren erein zitekeen berau. Artatxikia ereiteari ordea garia ereiteari baino askozaz lehenago utzi zitzaion, XVII-XVIII mende artean gutxi gora behera. Ameriketako artoa iritsi aurretik, euskaldunak gaur artatxikia bezala ezagutzen den alea landu eta jaten omen zuen. Ale honen berezko izena artoa zen. Baina Ameriketatik iritsi zen zereal berria, Euskal Herrikoa baino handiagoa eta produktiboagoa zenez, ordura arteko artoa artatxiki bihurtu zen, eta Ameriketako arto-handia. Denborarekin ordea, artatxikia erabat ezabatu zen baserriko soroetatik eta Ameriketako zereala “arto” bihurtu zen, artatxiki zaharrari izena eta lekua ostuz.