Urtarrila: lurraren deskantsu eta zaintza garaia
Neguaren bihotza
Urtarrila neguaren bihotzean kokatzen den hilabetea da. Hala ere, egunak argi-orduak irabazten ditu egunez egun hilabete honetan, beraz horrek landareentzako ziklo berria abiarazteko aukera ematen du. Horrekin batera, guk urte berriari heltzen diogu, eta baserrian urte osoko jarduna prestatzen da. Laborantzan hasteko beharrezkoa da lurra indartzea, hau da, ongarritze lanak egitea.
Indartze prozesu horretan ere, ezinbestekoa da neguak berak dakarren hotza, horretaz jabetzeko ondoko atsotitz hauei erreparatzea besterik ez dugu: “neguak edertzen du uda”, “negu bigunegiak, uda gogorregia”. Hotza lurraren bizigarri eta gaitzen aurkako sendagaia da, beraz, negua lurrarentzako botika dela esan dezakegu.
Hotz honi aurre egiteko ordea, baserriak aurrez prestatzen ziren neguak ez zitzan tupustean harrapatu, eta horretarako eligakaiak eta egurra pilatzen ziren. Hotzari aurre hobe egiten baitzaio sabela ondo beteta eta gorputza beroan sartuta: “Elur-melur, ez naun/k hire beldur, badi/n/at etxean nahiko arto eta egur”.
Fruitu arboletan ere arreta berezia jartzeko unea da, eta noski, basoan biluzik dauden zuhaitzak (materialetarako zein egurretarako) moztu ditzakegu. Baina ilbeheran egin beharreko lanak dira hauek, beraz, begiratu ilargiari eta adi!
Baratzea
Urtarrila aipatu bezala lurra biziberritzeko baliatuko dugu. Horretarako lurrari deskantsua eman eta ongarritzeari ekingo diogu. Ongarri organikoek lurraren estruktura hobetzen laguntzen dute, horrela, batetik, lurrak hobeto filtratzen ditu urak, eta bertatik, ateratako mineralak zurgatzen ere laguntzen dio. Aldi berean, gogorra den lurra leuntzen laguntzen du. Ongarriketa lanak lurraren kalitatea hobetzeaz gain, mikrobio onen jarduna hobetzen dute, horrela, produktu kimikoak erabili diren lurzoruak berreskuratzeko baliogarriak izanik. Lurraren osasuna indartzeko neguko hotza ere beharrezkoa da, bere neurrian noski. Elurra esaterako, apurka-apurka urtzen doanez, lurrak oso ongi xurgatzen du ura eta urte osoan zehar landareek ur hau eskuragarri izango dute. Bestalde, neguko izotzek zenbait bakterio akabatzeko balio dute eta horrek aurrera begirako botiken erabilera murriztuko du. Baina beharrezkoa da lurra indarrik gabe ez geratzea, horregatik ongarritu behar da lurra. Eta zein ongarri mota ditugu gure artean? Bada konposta, zizare humusa, errautsak, karea, ximaurra... Hala ere, kontutan izan behar dugu zer behar duen lantzera goazen lur edo laboreak; izan ere, ongarri bakoitzak bere onurak baitakartza.
Baina lurra lantzeaz gain, sasoi honetan, urte osoko baratzaren plangintza egiten da, eta ereintza lanekin hasteko aukera dugu. Esate baterako hauek dira erein ditzakegun laboreak: baba, tipula, mihilua, erremolatxa, apioa, baratzuri freskoa...
Baratzean landaketa gutxi batzuk egin ditzakegu, esaterako: tipulina, neguko uraza,... Eta baita ere marrubiak (fresoiak). Urte guztian landa badaitezke ere, neguan garai ona da sustrai hutseko marrubiak landatzeko. Marrubia izatez Europa eta Asia osokoa da, eta noski marrubi mota ugari daude. Besteak beste, gure basoetan topa dezakegun basa-marrubia edo marrubi arrunta (Fragaria vesca). Hau antzinatik oso preziatua izan da Europan eta bere landatze-antolatua egiten ere hasi ziren XIV. mendetik aurrera. Baina XVIII. mende aldera, fruitu handiagodun amerikar barietateen hibridoak garatu ziren, baratze-marrubi edo fresoi gisa (Fragaria × ananassa) bezala ezagutuak, eta basa-marrubiaren ekoizpena ordeztu zuten.