Urtarrila neguaren bihotza

2020/01/11
Urtarrilarekin urteari hasiera eman badiogu ere, neguak gurekin jarraitzen du; baserriak historian zehar ongi ikasi du neguak zer dakarren, ondorioz etxe barrura pausatzen du begirada. Garai honetan baserritarrak urte osorako jarduna antolatzen hasten dira. Beste zenbaitek aldiz, urte hasiera, sagardo uzta berriarekin lotuko dute. Urtarrilean hasten da txotx denboraldia, honela sagardotegiak ateak irekitzen dituzte beraien sagardoa kupeletik dastatzeko, botiletan sartu aurretik.

Nahiz eta hasiera batean neguak eten baten itxura duen, gure bazterrak atsedenaldi moduko batean sartzen diren arren, hau ez da erabateko geldialdia, ez horixe. Baserri inguruan lanek ez dute etenik, are gehiago, neguko hotzaldia ezinbestekoa izango da zenbait lan burutzeko.

Lan horietatik esanguratsuenak lurrari eskaini beharrekoak izango dira. Neguko hotza neurri batean ongi etorriko zaio gure lurrari, atsedenaldian lagunduko baitio, baina ez da komeni erabat hozterik. Hori dela eta garai ezin hobea da bere atsedenaldia elikatzea ximaur, luhar, kompost edota karearekin. Honela baratzeko lurrak dituen mikroorganismoa bizirik mantentzen lagunduko dugu. Izan ere, negu sasoian bertan edo udaberritik aurrera baratzean landatuko ditugun barazkiak elikatzeko lurra bera elikatu behar da. Beraz nahiz eta askotan horrela pentsatu ez gara ari landereei jaten ematen, lurrari baizik. Lurrak nahiko materia organiko badu landareak bere kabuz hartuko du lurretik behar duena.    

Baratzean zerbait landatzen hasi aurretik, izozteak kontuan hartu beharreko bidelagunak izango ditugu hilabete osoan zehar. Hori dela eta negutegirik ez badugu ez nekatu askorik hartu, hotz eta izozteei aurre egingo dieten landaketak egin eta gainontzeko lanak neguak berak egingo dizkigu. Zein landaketa egin? Bada tipulina, aza, ziazerba edota eskarola. Hotzari ez diote beldur handirik baina ahal izanez gero babesean jarri. 

Bestalde, ontzietako lora ezberdinak estali lehenbailehen, izotzak bereak eta bi egin aurretik.   

INGURUNEA

Urtarrilean ere inguruneak aurreko hilabeteko antzeko itxura izango du, akaso goizeko lehen orduetan gure bazterrek zuri kolore sendoagoa izango dutela, bai izotz forman edota baita elur forman ere. 

Hori dela eta hilabete honetako hotza inguruneko zenbait material eskuratzeko baliatu dezakegu. Esate baterako abenduan egin bezala materialetarako zuhaitzak mozten jarraitu dezakegu, ilbeheran bada hobeto: lizarra, haritza, koniferoak…

Zuhaitzekin jarraituz, moztu ondoren zilegi litzateke lurrak emanikoa berriro itzultzea, eta neguko sasoi hau zenbait zuhaitz landatzeko garai egokia da. Batez ere hosto galkorreko zuhaitzak landatu behar dira orain. Igartubeitiri gagozkiolarik nola ez, sagarrondoak landatzeko aukera ederra da. Gainera Euskal Herrian baditugu bertako sagarrondo basatiak: patxaka, txertaka edo makatza bezala ezagutuak zenbait lekutan. Beraz hauek  landatzeko aukera ederra dugu, gero bertan txertaketa egiteko ezin hobeak izango baitira. 

Baina urtarrilean gure bazterrak izotzak, euriak eta elurrak hartu ohi ditu. Mendeetan zehar baserria ezaugarri hauetara egokitzen joan izan da, eta horren eragina esate baterako esaera zaharretan ageri zaigu. Izan ere badira makina bat aipu urtarrila elurra, hotza edota urarekin lotzen dutenak: “urtarrileko elur burdinazko elur”, “urtarrila euritsu urtea dirutsu” edota “urtarrila urik gabe, urtea ogi gabe”. 

Esaera hauek erakusten duten modura urtarrilean urak zeresan handia dauka. Hilabete honetan egindako eurite eta elurteek, hasiera batean agian kalte ugari egin ditzakeela usteko da, eta zenbaitetan baita horrela izan ere,  baina euskal ahozko ohituran ongi gordeta geratu den ezaugarri bat da, nekazari munduan eta bizitza bere zentzu osoan ulertuta beharrezkoa den izate baten adierazgarri modura.

Ura da orduan erdigunea hilabete honetan. Eta zenbaiten arabera urte berriaren iragarlea ere bada ura. Izan ere urtea hastearekin batera ura berritu edo birjaiotzen denaren sinesmenak ugariak dira Euskal Herri osoan zehar. Une  horretan jasotzen den ura magikoa omen da eta babesa ematen omen dio edaten duenari. Horren erakusgarri Urdiain aldean urteari hasiera emateko egiten duten ospakizuna da. Herriko gazteak urte hasieran herriko iturriko ura bildu eta etxez etxe joaten dira Ur goiena abestia abestuz:

 

Ur goiena ur barrena

urte berri egun ona;

etxe onetan sar dedila

pakearekin ondasuna,

pakearekin ondasuna,

onarekin osasuna,

gure baratzean belar ona:

Jainkoak digula egun ona.