Urria Igartubeitin

2019/10/02
Urriak Euskal Herrian amaiera eta aldi berean hasiera esan nahi du. Nolatan? Bada urriarekin udazkena datorrelako. Baserritarren ahotan “udaitzena” zen, hau da, udararen azkena. Baina bestetik, neguaren ataria adierazten digu, beraz aldi berean hasiera ere bai. Baserritarrek gogotik lan egin beharreko garaia. Batez ere negura begira adi ibili beharreko garaia, ganbarak betetzen hastekoa. Hasiera honetan batetik baratzeari dagokionean udarako azken uztak jasotzen jarraituko dugu eta negura begirako zenbait landaketa egin edota lurra zaintzeko hainbat jarduera egin daitezke.

BARATZEA

Esan bezala, baratzeari hilabete honetan ez diogu arreta handirik eskainiko, ingurunean emango dira eta aldaketa gehien. Hala ere ez dugu albo batera utziko. 

Iraila ondo joan bada udarako uzta luzatzeko aukera izan dugu eta beraz pixkanaka pixkanaka uzta hauek biltzen hasiko gara.  Esaterako piperrak. Hotzak hasi aurretik jasoko ditugu azken piper aleak frexkotan jateko. Edota beste aukera bat honakoa dugu: hotzak harrapatu eta hostoak zimeltzen hasten direnean, zuzenean landare osoa sustrai eta guzti lurretik atera eta buruz behera zintzilikatuko dugu. Honela, landareak sumatuko du lurretik ezin dituela elikagaiak eskuratu eta dituen erreserbak fruitua, hau da piperrak haztera bideratuko du. Ondoren piper aleak jaso eta soka baten bitartez lotu tira luzeak egin eta lehortzen jartzeko. Honela nahi izanez gero piper hautsa egiteko aukera izango da.

Igartubeitiko piperrak

Oraindik tomate alerik baduzue hauxe da hotzak harrapatu aurretik aprobetxatzeko unea. Hotzak tomateari eraso eta zapuztu egiten baitu. Aleak berdexka badaude ere, erabat gorritu gabe lasai kendu. Izan ere gorritzeko eguzkia eta beroa behar du, eta hemendik aurrera gutxiagotan izango dugu. Beraz, jaso aleak eta hegoaldera, eguzkiak ematen dion lekuren batean jarri zertxobait gehiago gorritu daitezen. Baina denbora askotxo izaten baditugu bigundu eta galtzeko arriskua dugu.

Honela, azken uzta hauek jasota baratzeko lursail batzuk libre geratuko dira. Nahi izanez gero neguko hotzei aurre egingo dien landareak landatzeko aukera dugu (hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu) edo bestela lurraren zainketei ekingo diegu zuzenean.

Bestalde, urriko egunak haziak jasotzeko abagunea dira. Ongi heldu diren fruituen haziak jasoko ditugu, “geruzatze” teknikaren bidez. Ontzi bat eta erreka bazterreko ondarra behar ditugu. Ontziaren oinarrian ondarra jarriko dugu, haren gainean haziak jarri eta berriro ondarrarekin estali, horrela hainbat geruza eginez eta azkenik ondarrarekin estaliz. Ontzi hau kanpoan jarriko dugu, negu guztia bertan igaro dezan eta heze mantendu dadin. Udaberrian atera eta ereingo ditugu. 

INGURUNEA

Udazkenaren etorrera ederki asko nabarmenduko dugu. Errazena, gure basoetan agertuko diren udazken koloreak. Berde ilun eta marroi koloreak nagusituko dira. Honengatik eta beste hainbat gauzengatik udazkenari esaera zahar hau lotu izan zaio “udazkena urtarorik ederrena”. 

Baina udazkeneko hego haize eta koloreez gain, urrian beste zerbait ere nabarituko dugu: sagarrak nonahi. Izan ere udazkena Euskal Herriko ipar isurialdean sagar garaia izaten da. Irailetik hasita azaro amaiera arte sagar uzta ugari jasotzeko aukera izango ditugu, batzuk gozoagoak eta besteak berriz mikatzagoak. Beraz, adi gure inguruko sagastiei, jendea saski eta guzti sagar biltzen ikusiko baitugu. Baina sagarrak ez ditugu soilik jateko bakarrik erabiliko. Sukaldatzeko aukera ugari eskaintzen dizkigu, eta noski historikoki eta gaur egun zeresan ugari eman duen edari preziatua lortzeko: sagardoa. Horrexegatik urria berezia da Igartubeitin, izan ere XVI.mendeko dolare zaharra biziberritu eta lanean jarriko dugu, antzina Euskal Herrietako baserri dolareetan sagardoa nola egiten zen azalduz. 

Sagardoa egitearekin, nolabait sagarrondoaren zikloari amaiera emango genioke: inausketaren ondoren,  udaberriko kimu berriak agertzen dira lehenik, ondoren loraldi ederra apiril eta maiatzean, udaran zehar aleak agertu eta sendotu, eta udazkenean uzta bildu eta sagardoa egin ondoren, negualdean zuhaitzari merezitako deskantsua emango diogu. 

Sagardoa Euskal Herrira noiz iritsi zen edota sagarrondoaren jatorria zein den ezezagunak dira, baina gure historiaren eta kulturaren baitan errotutako ohitura eta jarduera bat dela esan liteke. Batetik sagar hitzetik eratorritako leku-izen eta abizen ugari ditugu, antzinako garaietatik sagarrarekin izandako harremanaren testigu bezala. Baina Euskal Herrian sagarraren eta sagardoaren inguruko lehenengo idatzitzat hartzen dena 1014. urtekoa da, Antxo Handia errege nafarrarena alegia. Dokumentu horren arabera, Antxo Handiak Hernanin itsas aldera zegoen San Sebastian delako ermita eta bere sagasti eta lurrak Leireko monasterioari eskaintzen dizkio. Honela batez ere Erdi Arotik  aurrera gaur egunera arte sagarra eta sagardoak gure historiaren baitan bere lekua egin dute, eta garaiko monasterio, jauntxo eta errege erreginen dokumentu, oinordekotza eta abarretan ugariak dira sagarrondoari, sagarrari eta sagardoari egindako aipamenak. 

Igartubeitiko sagarrak

Erdi Aroko azken zatian,  sagardo produkziorako XV. mendetik aurrera eraikitzen hasi ziren eraikin ikaragarriak ditugu,  baserri dolareak alegia, Igartubeiti bera esate baterako, XV. mende amaieratik XVIII. mende hasierara arte indarrean egon zen sagrdoaren merkataritza eta honen harira sorturiko hainbat ordenantza, gertakari eta datu mende haietan izandako garrantziaren lekuko dira, nahiz eta guri gaur oso urrutikoa iruditu. Garai haietan, Gipuzkoa, Bizkaia Laburdi, Zuberoa, Behe Nafarroa eta Nafarroako Baztan aldean sagardo produkzio ugariak zeuden.  Batetik garai hartako herri xehea asetzeko sagardo ugari produzitzen zen eta bestetik XV. mendetik aurrera itsasgintza indarra hartuz zihoan Euskal Herrian eta geroz eta itsas bidaia luzeagoak zirenez itsasontzietan sagardoa tripulazioaren parte zen, elikadura eta osasun arloei dagokienean oinarrizko baliabidea zen eta.  Hori dela eta, sagarrondoen zaintzari, sagardoaren produkzio eta salmentari buruzko legedia zorrotzak geratu zaizkigu, herri bakoitzak bere ordenantzetan zehaztuak. 

Baina aldi berean eta Euskal Herritik haratago, sagarra  sinbologia sakon baten adierazle dela esan liteke, eta gertakari historiko edo mitikoetan ageri zaigu edota artearen munduan esanahi jakin batzuk irudikatzeko erabili izan da. Guretzat, gaur egun fruitu arrunt bat besterik ez da, baina historian zehar zibilizazio, pentsalari eta artista ezberdinek garrantzia eta “misterio” ugari gordetzen dituen fruitutzat hartu izan dute. Greziar mitoetako bat horren erakusle da. 

Eris greziar jainkosa, (anabasa edo “diskordiaren” jainkosa bezala ezagutua)  ez zuten Peleo delako baten ezkontzara gonbidatu, baina ezustean agertu zen bertan, “ederrenarentzat” idatzita zeukan urrezko sagar batekin. Afrodita, Atenea eta Heraliksarrean hasi ziren sagarra nork eskuratuko, ederrena nor zen ebatzi ezin da. Ondorioz Zeus jainkoak Troyako Paris “artzain printzea” hautatu zuen hiruetan ederrena zen pertsona hari sagarra emateko. Hiru jainkosak Parisi opari ezberdinak eskaintzen hasi zitzaizkion, eta honek azkenean Afroditari eman zion sagarra, munduko emakumerik ederrena eskaini baitzion,  Troiako Helena, eta hara nondik ondoren historiako guda ospetsuenetako baten sorburu izan ziren, eta denen abiapuntua sagarra. Bekatuaren sorburua ere, tradizio judeokristauaren arabera sagarrean aurkituko genuke, Evak zuhaitz sakratutik hartu eta Adani eskaini ziona alegia. Baina ez hori bakarrik, XVII. mendeko Euskal Herrira joaten bagara, sorginkeri auzi ugariren atzean sagarra zegoela ikus dezakegu. Izan ere, Pierre de Lancre inkisidore frantsesak, emakume asko sorgintzat hartu zituen “deabruaren fruituarekin” eginiko, hau da sagarrarekin eginiko edaria edaten zutelako, sagardoa. 

Honela orduan,  sagarrondoa, sagarra eta sagardoa bere testuinguru kulturalean txertatzen baditugu, ohartuko gara landare, fruitu edo edari soil bat baino gehiago direla, historia oso bat baitago hauen atzean. Honetaz gehiago jakiteko gerturatu urrian zehar eta udazkenean Igartubeitira, programazio berezia osatu dugu eta.