Udaberriko botikak

2021/03/12
“Porrurik ezean asuna, edukitzeko osasuna”

Negua amaitzen ari da eta ohartzerako udaberrian sartuko gara. Horrek ingurunea usain gozoz eta kolorez betetzen hastea dakar, argiak indarra hartuko du eta tenperaturak goxatzen hasiko dira, gugan nabarituko dugularik. Urtaro aldaketa honetan udaberriko astenia bezala ezaguna duguna sentituko dugu agian; orokorrean nekea, bai fisiko zein emozionala.

Neguko lo zorroan den gorputza tenperatura aldaketarekin desdoikuntza biologiko batzuk pairatzen dituela diote aditu batzuk, eta hauek indartzeko elikadura aldaketak eta sendabelarrak erabili izan dira; besteak beste, osina.

Noizbait entzun al duzue osin-urari buruz? Garai batean, urtaro aldaketa hau erabiltzen zen odola-mehetu eta garbitzeko, eta asteniari edo udaberriko nekeari aurre egiteko, hau neguko elikadurari eta tenperatura aldaketari oso lotuta agertzen baitzen. Modu askotara erabil dezakegu osina: igurzteko, infusio gisa, jateko edota ukenduak eta olioak egiteko, hala nola. Osinarekin organismoa osasuntsu mantentzeko aukera ugari ditugu, ezen oso ona baita odolarekin erlazionatutako edozein arazotarako, zirkulazioa aktibatzeko, propietate diuretiko eta depuratiboak ditu. Jaterako garaian zehazki, osinak dituen kimu berriak bildu eta tortilla edota zopa eder bat egin dezakegu: lehenago segundo batzuk egosi behar da. Ura irakiten dagoenean, bertara bota; eta eskaldatu ondoren atera. Hori egin ostean, tortila arrunt bat egingo dugu. Jateko, hartu ahalik eta hosto goxoenak, ederrenak eta gazteenak. 

Baina, baditu bere kontraindikazioak, ezen odola mehetzen baitu eta horrek tentsio-jaitsierak sor baititzake. Horregatik bederatziurrenaren formula erabiltzen zen: bi aldiz egunean, goiz eta gau, bederatzi egunez jarraian hartu eta ondoren deskantsua.

Osina esan bezala gauza askotarako erabiltzen zen baita ere esnea garbitzeko. Osin sorta on bat bildu eta esnea bertatik pasatzen zuten zikinak kentzeko eta garbitzeko, azken batean dituen ileetan gertzen baitira zikinak itsatsita. Eta horiexek dira, larruazalarekin ikutzean azkura ematen digutenak, batez ere udaberrian bizi-bizi den garaia da eta.

Ohar orokorra: gomendagarria da edozein sendabelar edo usaindun leku garbietan biltzea, ongarriak edo bestelako substantzia kimikoak erabili diren laborantza-soroetatik urruti bada hobe. Ilgoran biltzea komeni da, zergatik? Bada landareen aktibitatea lurraren azaletik gora kontzentratzen baita, zurtoin, hosto,... Bestalde, ilbeheran sustraietan dugu indar hau. Horregatik egiten dira inausketak garai horretan.

Udaberriko botikak

Asuna bere iletxoekin.