Txalaparta eguna Urretxu-Zumarragan

2012/09/14 musika
Zuhaitzaren Soinua Kolektiboak, bi udalen laguntzarekin antolatuta, Irailak 13, 14 eta 15ean.

Barrunbadau taldearen emanaldiarekin hasiera eman zitzaion atzo Urretxu-Zumarragako txalaparta egunari.

Gaur, ostirala, irailak 14ean, Adabegi taldearen emanaldia izango da Areizaga-Kalebarren plazan, 19:30etan. Adabegi 2008an Urola bailaren sortu zen taldea da. Txalaparta oinarri harturik, inongo mugarik jarri gabe; esperimentu musikalari ekitzen ziona eta hala jarraitzen duena. Esperimentu horren lehen fruitua 5 kantu biltzen dituen cda izan zen. 7 musikariz osatutako talde honen berezitasuna zuzenekoetan dago, non perkusio, baxu, dj, bateria eta txalapartaren erritmo eta melodien energiarekin batera, hiru dantzari izaten diren eszenatokia gorigori jartzen. Prestatu zaitezte beraz, flamenko, jazz-funk eta afrikar kutsuko musika entzuteko.

Larunbaterako, irailak 15erako egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Zuhaitzaren Soinua Kolektibokoak.

  • 10:00: Txalaparta diana inguruko mendietatik
  • 11:00: Txalaparta eta batukadaren kalejira Urretxu eta Zumarragako kaleetan zehar.
  • 12:00: Umeentzako txalaparta tailerra Areizaga-Kalebarren plazan.
  • 18:00: Txotx!! Sagardo dastaketa txistorra jana Areizaga-Kalebarren plazan. Bertan inguruko herrietako txalapartazaleak joaldi libreak eskaintzeko aukera izango dute.
  • 19:00: Amazur taldearen emanaldia Areizaga-Kalebarren plazan. Amazur Tx taldea 2004ean sortu zen Sestaoko txalapartaren inguruan lanean zebiltzan Eneko eta Sendoa lagunen partetik. Gaur egun, eta urteen poderioz, erreperterio oparoa, puntakoa eta erakargarria osatzea lortu dute eta berau gure herriari aurkezteko eta erakusteko asmoarekin etorriko dira. Prestaturiko kantak tradizional estilokoak, sanberoak, txalaparta bat edo bi erabiliz, zura, harria nahiz burdina uztartuz.

  • 22:30: Gernikako arbola enparantzan V. Txalaparta Jaialdia: Mendiaraz anaiak, Hamaika Hots, Hernaniko txalaparta eskola, Hutsun, Zukut, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa. Musikaz, irudiez, olerkiez eta gaueko majiaz.....

Talde gisa talde berria da Hamaika Hots.  Sortu berria eta lehen zuzenekoa Urretxun izango dute. Bertako partaideak ordea ez dira hasiberriak, plazetan eta txalaparta joaz urteak daramakite. Gurean bi txalaparten nahasketa eta erritmo dantzagarriak aurkeztu nahi dizkigute, saio tradizionalak, jolas erritmikoetan oinarritutako saioak, eta azken urte hauetan hainbeste indartzen ari den ohol afinatuez egindako saioak ere.... Hernaniko Txalaparta Eskolako ikasle eta irakaslearekin 2009an Juan Mari Beltranen ttakun ttan ttakun emanaldiko zenbait joaldi eskainiko dituzte, erritmo eta joera tradizionalak, eta eskolan jorratutako hainbat erritmo joko ezberdin. Bi txalaparten arteko joaldi polirritmikoak eta joaldi melodikoak ere bai.

Hutsun Txalaparta taldea 2011n sortu zen, urte asko txalaparta jotzen eta ikaertzen egon ondoren, Uharten, Lleidan eta Errotxapean hazitako txalapartariak, patuak elkartu ondoren. Txalaparta askotan entzuna izanagatik, entzuleak ez duela ondo ezagutzen diote. Hori dela eta TXALAPARTA HUTSA izeneko emanaldia sortu dute eta bertan tradiziotik azken momentuko erritmoetaraino egiten dute salto. Beraien azken apustu hori makilez eta hitzez erakustera etorri dira.

Zukut txalaparta taldea 2008. urtean sortu zen Mungiako eta Galdakaoko bi musikari elkartu zirenean. Bi musikariok beste musika-tresna batzuetatik zetozenez (bateria, perkusioa, kitarra, flauta...) txalapartarekin euren ikasketa nolabait bitxia izan da, txalaparta melodikotik abiatuz beranduago jotzeko beste modu batzuk deskubritu dituzte. Besteak beste Kepa Junkeraren taldean edo Sokaide bezalako proiektuetan parte hartu izan dute. Dena dela, Urretxuko Txalaparta Eguna izango da Zukut bezala egingo duten lehen saioa.

 

Txalaparta eguna