Txalaparta

2012/07/31 Musika
Azkenaldi honetan, informazio gehiago ikusten ari naiz komunikabideetan txalapartari buruz. Kalakan musika taldeak Madonnarekin abesteak eragina izan duela dirudi.

Musika tresna honetan aditua den Juan Mari Beltranek egindako ikerketen arabera, txalaparta bi ekintza sozial mota desberdinetan agertzen da: auzolanetako eginbeharrekin eta ezkontza ospakizunarekin lotua, hori bai, beti festa giroan.

 

Adibidez, sagardoa egiteko auzolanaren inguruan ezagutu izan da ohitura hau. Sagarra jo ondoren, lanean aritutakoek afaria eginez, festa bat ospatzen zuten. Afaldu ondoren jendea piska bat berotzen zen, kargatu ere bai, eta orduan, han bertan montatzen zuten txalaparta. Normalean atarian, kanpoan, eta berehala txalaparta jotzen hasten ziren. Orduan hasten zen festaren zati berri bat, ordurarte etxean zeuden afalkideekin eta hortik aurrera txalaparta entzun ondoren inguruko baserrietatik etortzen zen jendearekin, gazteak gehienbat.
Diotenez txalaparta 5 kilometroko erradio batean entzuten zen eta horren barnean bizi zirenetako asko inguratzen ziren festara.

Nafarroan ere, sagardoa egitearen inguruan berdintsu egiten zuten. Han jaso zuen orain dela urte asko Aita Donostiak "Kirikoketa" izenarekin ezagutzen den joera. Igartubeiti Baserri Museoan Sagardo Astean Arizkungo Jo ala Jo elkartearen eskutik berreskuratzen duguna.

Sagarra jotzearekin batera lelo bat kantatzen da. Kolpe bakoitzeko silaba bat sarturik honela dio lelo horrek:

Alakiketa alakiketa
Alakiketa kiketa kiketa
Sagarra jo dela sagarra jo dela
Sagarra jo dela jo dela jo dela.

Joaldi honek garbi adierazten du baduela mezu baten kutsua. Mezu bikoitza behar bada: alde batetik, sagarra jotzearen lana bukatu dela eta bestetik festarako deia.