Museoen Nazioarteko Egunean Tradizioa berrinterpretatzen

2019/05/21
Beti dago familia giroan museoaz gozatzeko abagunea. Aurten Igartubeiti Baserri Museoan zentzumenetan eta sorkuntza kolektiboan oinarrituriko ekintzak burutuz ospatu dugu Museoen Nazioarteko eguna. Zer egin dugun?

Familiak bildu ondoren, Igartubeiti baserrian inspiratutako soinu-kontakizun bat entzun dugu eta denon artean bakoitzak izandako burutazioak partekatu ditugu. Honen ostean, kontakizunean entzundako objektuak, pertsonaiak, agertokiak eta paisaiak aurkitzera joan gara baserrira.

Haurrak erabat murgildu dira soinu-kontakizunaren istorioan eta burutu beharreko ekintzan. Beraiek imajinaturiko eta izandako inpresio eta sentsazioetatik, eta baserrian ezagutu zutenetik ekin diote beraien ideiak marrazteari.

Bazkaldu baino lehen, familiek taldeetan banatuta orri zurietan adierazi dute beraien sorkuntza kolektiboa. Eta bazkal ondoren, lengoai plastikoaren bitartez, birziklatutako materialak eta estanpazio teknika ezberdinak erabiliz, mural handia sortu dute. Pinturak nahastu, pintzelak mugitu, formak sortu, egurra koloreztatu… artista handienen pare jardun dute bai haur eta helduek ere modu dibertigarri eta alaian Igartubeiti Baserri Museoko mural kolektiboa sortzen.

Guztira 22 artista bildu gara.

Oso egun polita igaro dugu eta emaitza izugarria izan da.

Eskerrik asko Raquel Gascón ilustratzaileari eta parte hartzaileei!!!

 

Museoen Nazioarteko Egunean Tradizioa berrinterpretatzen

Tradizioa berrinterpretatzen Igartubeitin