Sua filma
Eneko Aritzaren Lagunak elkarteak grabazioak burutu zituen 2006an Igartubeiti Baserri Museoan Sua izeneko filmarako. Lapurdin Inkisizio garaian egindako sarraskiak jorratzen ditu. 1609an Pierre de Lancrek Lapurdin 3.000 pertsonatik gora auziperatu zituen, horietatik 500 haur izan ziren epaituak eta beste 600 pertsona hil zituen kristautasunaren izenean.
Euskal Herriko zazpi probintzietan egin dituzte grabazioak eta 700 pertsona inguruk hartu dute parte bertan. Zortzi urte eman ditu taldeak filma grabatzeko lanetan.
Irailak 8an, larunbatean, Urretxuko Santa Barbara auzoan, Lekaio elkarteak antolatutako Gaua Sua burutuko da. Filmari buruzko argazki erakusketa bat jarriko dute ikusgai Santa Barbaran, eta 21:00ak inguruan emango diote hasiera herri afariari. Santa Barbara jatetxean gau honetarako menu berezi bat prestatu dute 15 euroren truke. 943 72 33 87 telefonora deituta egin daiteke erreserba.
22:00ak inguruan filmean parte hartu duten aktoreek eta zenbait urretxuarrek sorginez eta soldatuz jantzita ibilaldia egingo dute Ipeñarrieta jauregitik Santa Barbararaino. Beraiek izango dute filmaren aurkezpena egiteko ardura. Behin emanaldia amaituta, Jon Tirapuk musika saioa eskainiko du.
Ikus Igartubeiti Baserri Museoko grabaketetako argazki galeria.