Nader Koochakiren "Soineko paisaia" (2009-2015) Igartubeitin
Soineko Paisaia, ehun burutik gorako Gipuzkoako artaldeen zintzarri hotsen soinu artxibo bat da, 2008an abiatu eta, orain arte, 100 soinu grabaketa inguru bildu dituena. Grabaketa bakoitza, landa-laneko ohar koaderno baten gisan, fitxa banarekin osatzen da. Fitxa horietan, artzaina eta artaldea identifikatu, lokalizazioaren berri eman, grabaketa baldintzak aipatu eta egoeraren eta gaiaren gogoetak txertatzen dira.
Soineko Paisaia egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, artzaintzaren gaia jorratzeko, 2008. urtean zabaldutako lan-ildo zabalago baten parte da. Lan-ildo hori adarkadura nagusi bik egituratu zuten, artzaintzaren jarduera, pentsamendu mendebaldarraren oinarrizko eskemaren eredu gisa hartuz (subjektu-bitartekari-objektu hirukoa) eta euskal kulturaren irudi esanguratsu bezala:
Lehenengo adarkadura, Oñatiko Artzain Txakur Txapelketa Internazionalaren baitan garatutako ikerketa, interbentzio eta edizio lan multzo bat izan zen. Lan horiek formatu desberdinetan erakutsi dira, hala bakarkako nola taldekako erakusketetan, ponentzia formatuan zein artikulu akademiko gisan ere bai: Interactivos? '09 (2009); Biolentzia Errepikapena (2010); XXXXX (2010); Sobre la representación del pastoreo (2010); Entre ovejas, pastores y perros. Crónica de una intervención artística en clave ANT (2010) MOPCAP (2015).
Bigarren adarkadura (Soineko Paisaia), soinuaren bidetik, paisaia eta artzaintzaren jarduera lantzeko metodologia, artxibo baten osaketa eta artikulazioan oinarritu da. Lana, landa lanak gidatu badu ere, une eta gune desberdinetan, agente desberdinen gonbidapenei erantzunez, formatu desberdinetan erakutsi izan da: 2010.urtean ZoOo, hitz basatia talde erakusketan lagin batzuk erakutsi ziren; urte berean, Artelekuko Zehar aldizkarirako eta Hots irratirako artikulua eta lokuzioak prestatu ziren; 2013. urtean, Bulegoa z/b-rekin elkarlanean, 3 eguneko tailer-txangoa antolatu zen Aralarren; 2015. urtean Donostiako Tabakalerako Ikus-entzunezkoaren aldiriak, Ingurua marrazten duten puntuak erakusketan aurkeztu zen eta orain Igartubeiti Baserri Museoan.
Urteotan jasotako materialek erakusten dute artzaintzaren jarduerak, agente gisa, Gipuzkoako soinu paisaiaren ehuntzean duen eragina. Fenomenora gerturatzeko erabilitako metodologiak berriz, Aktore Sarearen Teoriaren ildotik (ingelerazko ANT), paisaia, artea eta gizarte zientziak eraiki eta irakurtzeko modu propioa proposatzen du. Gogoeta eta landa lanek entsanblaia eragiketa bati bide utzi diote orain, kontsultatu zein eraldatu daitekeen forma eta eduki bat jendartearen eskuetan utziz.
Erakusketak Gordailuatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultur Ondare Higigarriaren Zentrotik ekarritako 8 zintzarrien bilduma elkartzen du.
"Soineko Paisaia" (2009-2015) Igartubeiti Baserri Museoko Interpretazio zentroan izango da irailaren 24tik abenduaren 18rarte.
Ordutegia:
Urriaren 31a bitarte:
Asteazkenetik-Igandera:
10:00-14:00 / 16:00-19:00
Azaroaren 1etik aurrera:
Asteazkenetik-Ostiralera: 10:00-14:00
Larunbat eta igande:
10:00-14:00 / 16:00-19:00