Sari Haundi XVI. mendeko baserria zaharberritua
Balio handiko eraikuntza elementuak dituen Aginagako Sari Handi baserria zaharberritzeko diru laguntza eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Kultura Departamentuak azken 30 urteetan hainbat programa burutu ditu lurraldeko baserriari lotutako ondarea zaindu eta hedatzeko, eraikin mota honek berak jasotzen baititu euskal kultur ondarearen ardatz nagusi bihurtzen duten balio historikoak, arkitektonikoak eta sinbolikoak.
Sari-Haundi baserria Oria ibarraren amaiera aldera dago, Aginaga eta Orio bitartean, errepide nagusiaren ondoan. Inguru horretan daude Sari-Goikoetxe baserria eta Sarikola burdinolaren hondarrak, ondorioz, uste da elementu horiek guztiek maiorazko bat osatzen zutela garai batean.
Zaharberritu baino lehen baserriak bi isuriko estalkia zuen, malda handikoa, eta erdi erorita zegoen. Zaharberritze lanek 8 hilabete iraun dute.
Igartubeiti Baserri Museoa bezala, Aginagako baserri honek barruan habe-dolare baten egituraren zati handi bat zuen, alde bat hondatuta zuena, dolarearen azpilaren egituraren ordez jarri zen hormigoizko forjatu berria jartzerakoan hautsi zena.
Era berean, baserriak balio handiko piezak ditu hainbat eraikuntza elementutan, besteak beste, jabaloi bikoitzak, profil mistilineoko mihiztadurak, buru hozkatudun piezak eta abar.
Fatxadetan elementu adierazgarriak antzematen ziren eta barruko ezaugarriak kontuan izanik, fatxada nagusian hegal bikoitza duten eraikin historikoen prototipoa zela pentsaraz dezakegu, hori baita ezaugarri ikusgarri eta esanguratsuena.