Sagarraren propietateak

2011/04/15 Sagarra
Ikerketa berriek adierazten dutenez, sagarrak koresterol txarraren dosiak jeisten omen ditu. Baina historian atzera joz, aspaldian erabiltzen zuten sagarra zenbait gaisotasunei aurre egiteko.

Sagarra jatea osasunarentzat ona dela entzun edo irakurri izan ohi dugu betidanik. Jose Uriak, Sagardoa izeneko argitalpenean dioenez, egipziarrek, babiloniarrek eta Antzinaroko beste herri batzuek sagarra sendagai gisa erabiltzen zuten. Sirio babiloniarrek, esaterako sagar zukua eta sagar azala sendabelartzat hartzen zuten. Sagar egosia gantzarekin nahastuz asko erabili zen esku, ezpain eta bular erroitzak sendatzeko. Espainiar mediku batek aspaldi begietako gaisotasunentzat sagar egosia eta esnea nahastuz egindako kataplasmak gomendatzen zituen. Beste mediku aleman ospetsu batek sagar zukua hezueria sendatzeko erabiltzen zuen. Zauriak sendatzeko berriz, sagar zukua eta olioa kantitate berdinetan nahastuz. "Pomada" (pomme, frantzesez, sagarra) hitza dirudienez, zauriak sendatzeko erabiltzen zen sagar egosiekin egindako pasta batetik omen dator. Hazteria sendatzeko, sarritan sagarra erabiltzen zen. Sagarra bi zatitan moztu eta bihotza ustu eta haziak kendu ondoren, hutsuneetan azufrea loretan ipini, sagarraren bi zatiak berriro lotu sokarekin eta labean sartzen zuten. Ondoren, pasta moduko bat egin eta hazteriaz mindutako inguruetan igurtzen zen.  

Medikuntza propietateak ere baditu sagarrak, tentsio altua dutenentzat gomendagarria da, erreuma dutenentzat ere, baita beherako eta idorreriarako ere. Hortz garbiketetarako oso egokia omen da. Koresterol txarraren dosia jeisteko boterea ba omen du sagarrak. Eta hori da Floridako Estatuko Unibertsitateko ikerketa batek adierazi duena, Zuzeu albistarian irakurri dudanez.

Atsotitzak dioenez, "sagarra ona izan liteke, deabruak emanik ere". 

Sagar erakusketa ikusi.

 

Sagar erakusketa Igartubeitin