Sagardoa eta sagarraren turismoa

2012/04/27 sagardoa
Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Itsasmendikoi Fraisororekin lankidetzan, sagardoa eta sagarraren turismoa bultzatzeko asmoz, "Sagardotegietan bisita gidatuak egiteko oinarriak" antolatutako ikastaroan parte hartu dugu.

Sagardoaren inguruko produktu turistiko bat sortzeko asmotan hainbat bilera burutu izan ditugu arlo honetan lanean dihardugun zenbait eragilek.

Zentzu honetan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Itsasmendikoi Fraisororekin lankidetzan oso ikastaro interesgarria antolatu du Sagardotegietan bisita gidatuak egiteko oinarriak izenburupean. Lehendabiziko egunetan, Arabar Errioxan enoturismo arloan burutu izan dituzten egitasmoak ezagutzeko aukera izan dugu, sagardo munduan erabilgarriak izan daitezkeenak. Bestalde, Asturias-eko bi esperientzia oso interesgarri ezagutzeko aukera ere izan dugu.

XVII. mendeko errota bat izandako eraikuntzan nekazaletxe bat sortu duten senar emazteen adibidea oso esanguratsua iruditu zait, sagardoarekin lotutako produktu turistikoa sortzea lortu bait dute, inguruko beste jarduera batzuekin ibilbideak sortuz. "Molino de Tresgrandas" du izena nekazaletxeak, "Casonas Asturianas" izeneko kalitate zigiluko partaide. Arlo pribatuko eragile honek antolatzen dituen esperientziak oso parte hartzaileak dira: asteburu detektibeskoa izeneko jardueran, hilketa kasu bat planteatzen dute eta parte hartzaileek gune turistiko desberdinetan pistak jarraitu beharko dituzte hiltzailea zein izan den asmatu arte. Sagardo garaian, aukera eskaintzen diete bisitariei sagardoa egiteko. Baita gaztak egiteko, perretxikoak bilatzeko, ardiei hilea mozteko, "fabeak" landatzeko eta jasotzeko aukera.

Egitasmo honi buruzko nformazio gehiago ezagutzeko klikatu hemen

Asturiaseko Asiegu herrian Ruta'l Quesu y la Sidra egitasmoa burutzen dute. Ibilbide honetan, Cabrales gazta nola egiten den eta gazta kobetan nola ontzen den ikus daiteke, paisaiaren inguruko azalpenak eskaintzen dira, bertako lurren taldekako kudeaketa berezia ezagutuz, bertako sagardoa egiteko sagar bariedadeak ikusteko aukera ere eskaintzen dute eta amaitzeko Pamirandiko dolarean sagardoa nola egiten den ikusteaz gain, bertako produktu gastronomikoak eta noski, sagardoa dastatzeko aukera ere bai. Ibilbide hau bultzatu duten pertsonen eskutik, Cabrales gazta eta Asturiaseko sagardoaren inguruko kata batean parte hartzeko aukera izan genuen, argazkian ikus dezakezutenez.

Ea hemen, Euskal Herrian ere, eragile pribatu zein publiko, hau da, denon partaidetzarekin, sagardoaren inguruko produktu turistiko bat sortzeko gai garen.

 

Cabrales gazta eta Asturiaseko sagardo kata