Sagardoa dastatzeko taldea eta dastalekua
Ingurumenaren eta landa garapenaren alorretan analisiak egiten eta aholkularitza eskaintzen duen Fraisoro laborategiak sagardoaren dastalekua eta dastatzeko taldea aurkeztu berri du.
Horrela, Gipuzkoako sagardoaren sektorearen helburuetako bat hau da, kalitatean funtsezko aurrerapauso bat egitea eta hain errotua dugun edari honi bultzada erabakigarri bat ematea lortuko da.
Bestalde, Fraisoroko laborategiak sagardoa analizatzeak, produktuaren sinesgarritasuna areagotuko du kontsumitzailearen begien aurrean, emaitzei dagokienez laborategiak emango duen bermeari esker.
2012ko maiatzean abian jarri zen sagardoaren zentzumenezko analisia egiteko prozesua eta emaitza, duela gutxi abian jarri den dastalekua da. Horrez gain, sagardozaleez eta sagardoaren sektoreko teknikariez osatutako batzorde tekniko bat eratu zen Euskal Herriko sagardo naturalaren baldintza teknikoak idazteko asmoz. Hemendik aurrera sagardoa baldintza horien arabera balioetsi edo zigortu beharko da.
Aldi berean, batzorde honek Zentzumenezko analisiaren metodoa sagardoa dastatu behar duen taldearentzat izeneko lana idatzi du, non azaltzen den sagardoa nola dastatu behar den eta sagardoaren ezaugarriak eta akatsak nola baloratu behar diren. Ondoren, dastatzaileak hautatu eta prestatu behar izan dira, edariaren dohainak eta akatsak bereizten jakin dezan. Azkenik, sagardoa dastatzeko prozesuari hasiera emango zaio. Zozketa bidez 5 epaile hautatuko dira, dastalekuan sartuko dira eta Tablet ordenagailu batean dastaketaren fitxa dutela sagardoaren ezaugarriak puntuatuko dituzte. Epaileek ez dute botilarik ikusiko, sagardoa edalontzian emango zaie. Epaileek ordenagailuan bildutako datuak estatistikako programa baten bidez tratatuko dira eta emaitzak iragarriko dira: sagardo bakoitzari 0 eta 100 bitarteko puntuazioa emango zaio.
Prozesu honen bitartez, sagardoaren kalitatea arautuko da eta profesionalizatuko da nazioarteko arauak betez. Kontsumitzaileak piskanaka egiasatuko du sagardoa gero eta hobea dela eta kontsumo ohituretan sartzea merezi duela.