Sagardo Astea

2013/10/08 Jarduerak
Aurtengo Sagardo Astea hastera doa, 12. edizio hau urriaren 10etik 18ra bitartean izango da.

Dena prest aurtengo Sagardo Asteari hasiera emateko. Bihar, urriak 9 inaugurazio ekitaldia izango dugu eta Igartubeitiko dolarean Ezkio-Itsason bildutako 1.300 kilo sagar zanpatuko dira. Urriak 12an, berriz, kanpotik ekarritako sagarra prentsatuko da oso uzta kaxkarra izan baita aurtengoa, sagarrondo gehienei onddoak kalte egin dielako. 

Asteburuan, Jo ala Jo Arizkungo elkarteko kideak etorriko zaizkigu Kirikoketa erakustaldia egitera zanpaketa hasi aurretik. 

Igartubeitiko Interpretazio Zentroan sagar erakusketa izango da ikusgai. Aurreko urteetan Ezkio-Itsasoko sagar barietateak izan dira ikusgai, aurten berriz batere ez da bildu, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondarribin duen haztegitik ekarri dizkigute ondorengo aldaerak: errezila, txori, manttoni, udare, mokote, moko, bost kantoi, udara txuri, goikoetxea, mikatza, gazigorri, libra, urtebi handi, udara marroi, gezamina, ugarte, mozoloa, gaziloka, pelestina, potrokillo, txalaka, urtebi txiki, patzuloa, merkalin, urdan iturri, palazio eta urdin. 

 

Sagar erakusketa Igartubeitin