Sagar prentsaketa
XVI. mendeko Gipuzkoako baserri guztietan eraikinaren baitan sagarra zapaltzeko makina handi baten presentzia da eraikinaren egitura-antolamenduaren determinatzaile nagusia, Igartubeiti baserrian ikus daitekeen bezala.
Dolare hau zurezko tramankulu mekaniko itzel bat da, baserriaren lehen oinean kokaturik beronen erdiko ardatza oso-osorik hartzen duena. Prentsaren elementu behinena zuhaitz-enbor eskuairatu bat da, 9 eta 13 m bitarteko luzera duena, beronek egiten baitu palanka-beso eginkizuna, bere aurrealdeko muturrean kokatutako ardatz bertikalezko mekanismo batek trakzio-esfortzua prentsatze plataforma batera igortzen du, pats-askara alegia, honetan baitira aurretik bildu jotako sagarrak, presioa modu uniformean zabaldu ahal izateko gainean ohol eta taulazko armazoia, pats-oholak algegia, jarrita dituztela. Karga honi eutsi ahal izateko, ezinbestekoa da pats-askak oinarri sendo-sendoa edukitzea, eta halaz palankaren paraleloan jarritako habe itzelezko solairu suerte bat dauka, askapeko habe edo sobigaño deituez osatua.
Sagardoa produzitzeko makinak basetxearen egituran duen protagonismoaren parekorik ez dugu topatuko europar herri arkitekturan beste inon. Alabaina, prentsa mota honen teknologia ez zen gure inguru honetako asmakuntza bat. Garai beretsuan, antzeko tramankuluen erabilera oso-oso hedatuta zegoen mediterranear arroan eta Europa epeleko lurralde guztietan. Badirudi Siriako lurraldeetan duela jatorria, K.a. III. mendean edo, baina zibilizazio erromatarra izan zen bere nekazaritzako ustiaketarako villa esklabista guztietan zabaldu zuena, hasiera batean olioa produzitzeko eta geroago ardoa egiteko.
Gaur egun Igartubeiti da makina-eraikin hauek nolakoak ziren ikusteko eta urtean behin, Sagardo Astean, martxan ikusteko esperientziaz gozatzeko ematen digun aukera bakarra.
Bere neurri ikaragarriengatik eta mantentzeko zailtasunengatik, batez ere piezak ordezkatu behar zirenean, XVII. mendearen erdialdeaz geroztik ez zen horrelako gehiago eraiki, nahiz bat edo beste lanean aritu den XX. mendearen lehen hamarkadara arte.
Dolarea kargatzeko prozesuari dagokionez, pisoiekin jotako sagarraren gainean hodiak jartzen dira, zukua errazago isur dadin. Hodion gainean, hurrena, pats-oholak datoz, ohe gisako bat eginez eta gorago, berriz, sekzio karratua eta muturretan heldulekuak dituzten enbor handi batzuk, trumukoak, elkarren gainean jarrita palanka handiaren indarra banatuko duen piramide bat osatu arte. Prozesu hau bizpahiru egunetan behin egin behar da jotako sagarra mugitzeko.