Sagar biltzea
Garai batean sagar biltzea festa giroan ospatzen zuten baserrietan. Heldu zein umeek sagarrondoetara hurbildu eta sagarrak biltzen zituzten.
Sagar biltze lanak bukatzen zituztenean, Sagar Dantza dantzatzen zuten.
Gaur egun, Baztango Arizkun herrian Karnabal asteartean dantzatzen dute urtero.
Festak alde batera utziz, sagarra bildu baino lehen sagarrondo inguruetako belarra moztuta egon behar du, dena txukun eta garbi.
Heldu baino lehen sagarrondotik erortzen diren sagarrei, zizar-sagarrak deitzen zaie, garai batean, sagar hauek zizarra egiteko erabiltzen zirelako. Sagar hauek arrasteluarekin erretiratu eta baztertu behar dira.
Sagardoa egiteko gaitzik gabeko sagar guztiak dira baliozkoak, baita kolpetutako edo zauriak dituzten sagarrak ere, beti ere garaiz eramaten badira tolarera.
Sagar biltzea garai lehorrean egin behar da, euririk egiten ez duenean, sagarrondoko lurra guztiz lehorra dagoenean. Ihintzik ez dagoenean egitea gomendatzen da, hezetasuna sahiestea beharrezkoa delako, sagarretan ostoak eta beste belar partikula batzuk itsatsi eta tolarera iritsi ez daitezen.
Sagarrondoak astindu ahal izateko, zuhaitz bakoitzeko sagar erdiak behintzat helduak egon behar dute. Zortzian edo hamarrean behin astintzea gomendatzen da. Heldu gabeko sagarrik jasotzea ez da komenigarria ondorengo urteetako uztetarako.
Sagar biltzea eskuz egin daiteke zuzenean lurretik jaso eta kopa-saskiak betez. Hauetako lau saskik osatzen dute konporta edo kubela. Egurrezko tina bat da ehun litrotako edukiera duena. Sagarrondoetan bertan sagarra neurtzeko erabiltzen zen. Oraindik ere badira kubelak, baina baserrietan galdu egin da hauek egiteko eta erabiltzeko ohitura.
Sagarra biltzeko beste modu bat Kizkia edo kizkaia erabiltzea izaten da. 50 zentimetro luzerako hurritz haga bat da, bukaeran, kako moduko iltze zorrotza daukan tresna da. Kako hau sagarran iltzatu eta kolpe batekin saskira erortzen uzten da. Sagarra biltzeko modurik garbiena eta erosoena dela esan liteke, eskuekin lurrik eta zikinkeririk ikutzen ez delako.
Gaur egun baserri askotan eta sagardotegietan uzta makinak erabiltzen dira sagarra biltzeko.
Festa giroari berriro helduz, Astigarragan Sagar Uzta ospatuko dute egun hauetan.