Otsailtxo munduan, aldiz eguzkitan, aldiz sutondoan

2021/02/05
Egunak luzatzen hasi dira, eta eguzki izpiek loreak esnatuko dituzte apurka-apurka. Udaberrian sartu aurretik ongarriketa lanak egiteko aprobetxa dezakegu, lurrari behar duen indarra emanaz, neguko lozorrotik indartsu esna dadin. Hala ere, otsailaren erritmoak gure baratzean eragina izango du. Hau da, oraindik hotz mantentzen bada, atzerapenak izango ditugu, eta epeletik gehiago badu, lanak aurreratu egingo zaizkigu. Beraz, eguraldiaren araberako jarduna izango dugu.

Baratzean landatu ditzakegu esate baterako, udaberriko aza, zainzuria, tipula txuria eta gorria. Babeseko hazitegietan porrua, berenjena, tomatea eta piperra ereiten has gaitezke. Eta lurrean zuzenean, espinakak, baba, ilarra eta goizeko patata erein ditzakegu.

Tipula, patata eta ilarrarekin udaberri/uda aldera platera ederra egin dezakegu! Europan badira milaka urte ilarra jaten dela, baita ere gure kasuan. Ilarra ilargi betean erein behar dela entzun izan dugu. Eta klima epelekoa bada ere, hezetasuna eta freskura maite omen ditu, illarra kaltetzeko egin beharreko hotza handia da. Gainerako lekaleek bezala, elikadurari dagokionez ilarrak proteina, mineral eta zuntz asko ditu. Ba al dakizue ilarrak guri onurak emateaz gain lurrari ere ematen dizkiola? Dirudienez, sustraietako noduluetan eduki ohi dituen bakterio nitrifikatzaileei esker, ilarrak nitrogenoa finkatzen du lurzoruan eta ezaugarri honi esker ongarri natural gisa erabil daiteke. Inguruan edo ondoren ere uraza, perexila edo espinakak jarriz gero, onura hauentzat.

Patata landatzea bada helburu, kontutan izan behar da tuberkulu honi freskura eta lur aberatsak gustatzen zaizkiola, nagusiki lurberria: lur natural eta aberatsenak. Garaiaren arabera aukera ezberdina egin beharko dugu, orain goizeko patata ereingo dugu, eta apiril-maiatzean negu guztirako patata. Baso atera berri bat duzu eta ez dakizula zer landatu aurrera begira? Aprobetxatu, lurra ongarritu eta patata erein. Lur eremu txikia baduzu goizeko patata landatu, argi eta garbi. Hori bai, kontuz ibili eguzkiaren argiarekin! Patata ondo lurperatu behar da, bestela berdetu egiten da eta kalte egin diezaguke.

Patata jaten duela urte gutxi hasi baginen ere, orain garrantzi handiko elikagaia da. Ameriketatik ekarri zuten tuberkulo hau hasieran aziendarentzako eta apaingarri gisa ekarri zen, baina XIX. mendean gosearen eraginez gure plateretan txertatu zen. Orain irudikatzen al duzu patatarik gabeko bizimodurik? Pentsa zenbaterainoko garrantzia duen, elikaduratik at ere erabilgarria baita oso.

Patatatik glukosa atera daiteke, zelulosa ere bai. Eta zelulosarekin filmak ikusteko zeluloidea egiten da. Zeluloidea, zelulosa nitratozko material plastiko baten izen komertziala da, alkanforra eta nitrozelulosa erabiliz lortzen dena, tindagai eta beste agente batzuekin batera. Orokorrean, lehen material termoplastikoa kontsideratzen da, lehen aldiz Parkesina bezala 1856an sortua eta 1870ean zeluloide bezala erregistratua izan aurretik.

Antonio Bereijo Martínez eta Juan José Fuentes Romeroren “Los soportes fílmicos, magnéticos y ópticos desde la perspectiva de la conservación de materiales” (2001) lanean aipatzen den moduan, "zeluloidearen edo zelulosa-nitratoaren asmakuntzarekin hasten da euskarri material zinematografikoaren historia".

Ba al zenekien hau?

Otsailtxo munduan, aldiz eguzkitan, aldiz sutondoan

Neguan nartzisoa udaberriari keinu eginaz.