Otsaila, bi garaien arteko mugarria

2020/02/05
Negutik udaberrirako jauzia adierazten duen hilabetea da otsaila. Ingurugiroaren aldaketa edo naturaren tempoa, baserriak ongi asko ikasi du, nahiz eta gaur egun ahazten doan beste denbora mota bat gainjarri baitzaigu. Hau da, denboraren pertzepzioa osatzeko garaian, gizarte eraikuntzak bere eragina dauka. Otsailak, eta honi loturiko lan, erritual eta ospakizunek hori adieraziko digute. Gaur folklore, ondare edo sinbolo dena, atzo bizitzeko modu bat zen.

BARATZEA

Otsailean zehar, oraindik orain lurra bere gozotasunean mantentzeko lanek ez dute amaierarik izango. Ez da ahaztu behar oraindik ere neguan gaudela, eta beraz lurrari lagundu egin beharko diogula: ongarri organiko ezberdinak zabaldu edota hau dagoeneko egina badugu, eta ilargi aldi bat igaro bada karea zabaldu dezakegu esate baterako. 

Baratzeko ongarriketa

Bestalde, landaketa edo ereintzari dagokionean, nahiz eta ezaguna izan gure baratze eta mahaietan  oso ohikoa ez den landare bat aurkeztuko dugu gaurkoan: txikoria

Txikoria eskarola eta endibien genero berdinekoa da, biak hala biak Chicorium intybus espezietik datoz.  Historian zehar mota ugari bereizten joan dira, bakoitzak landatzeko era bat duelarik.

Jatorriari dagokionean, “mundu zaharrekoa” dela esan dezakegu, hau da Afrika, Asia eta Euopan zehar zabalduta zegoen. Landaketa askorik behar ez zuen landarea zen hasiera batean, basatiki ateratzen baita belaze eta bide bazterretan zehar.  Hasiera batean osasun arloetarako erabiltzen zen. Esate baterako Carlomagnok agindu zuen bere lurretan beste landare batzuekin batera “intubas” delako landarea landatzea, Chicorium intybus” hau da txikoria. 

Elikagai gisara berriz, askok kafearen ordezko edo lagungarri bezala ezagutuko dute. Gutxi gora behera, XVII. mendetik aurrera txikoria infusiotarako erabiltzea ugaritu egin zen, eta jangarri bezala berriz XIX. mendetik aurrera zabaldu zen. Izan ere txikoriak intibia izeneneko substantzia mikatza dauka, eta jateko garaian ez hain gozoa izatea eragiten du. Baina azken hamarkadetan egin dituzten saiakera ezberdinen bitartez mikaztasuna murriztea lortu dute.

Eguzkia bai eta aldi berean itzala ere gustatzen zaio. Ondo ongarritutako lurra gustatzen zaio, baina aldi berean ere aurrez landaketak egin diren lurra bada hobeto. Hilabete honetan zehar, negu sasoian eta udaberri hasieran jan ditzakegunak landatu daitezke. 35-40 zm-ko tartea utziz landatu gutxi gora behera. Ura gustuko du landare honek, beraz gogoratu ureztatzeaz. Hilabeteren buruan jateko moduan izango gara, bai entsaladan eta baita egosirik ere. 

INGURUNEA

Otsailak esan bezala, urtaroen arteko bidegurutze bat adierazten digu, negu amaiera eta udaberriaren hasiera.  Inguruneak berak ere emango digu horren berri laister. Honen aurrean ordea, gaurko gizartean, aldaketa honi jaramon handirik egin gabe igaroko dugu otsaila. Hala nola, zenbait ospakizun eta jai ospatzen dira otsailean zehar, horien artean Santa Ageda bezpera edo inauteriak noski, baina ia denek jatorrian zuten izaera horrekiko eraldaketa sakona jaso dute. Baina hala eta guztiz ere, hauen atzean dagoen esanahi edo testuingurua gogoratzea ez legoke gaizki, denbora gutxian urte sasoi hau ulertzeko eta bizitzeko moduak izan duen eraldaketaren inguruan hausnartzeko bada ere.

Aipatu moduan, otsailetik aurrera ingurua eraldatzen hasiko zaigu, bizitza berriro sortzen hasiko da. Hau da, antzinako sinesmenaren arabera, inguruneko izaki bizidun ororen bizitza berria orain hasten da. Nekazal inguruetan bizi izan diren komunitateek urte sasoi hau estimu handiarekin hartzen zuten. Ez zen gutxiagorako, lurrak eman baitie bizigaia. 

Lurrari hain estuki bizirik, sasoi bakoitzeko egunak, kasu honetan neguko euri, izotz, elur eta hotz egunak, bere lan zehatzak zekartzan. Baino sasoi bakoitzak bere lana duen bezala, esan behar da aldi berean sentsazio, emozio eta aldarte zehatzak ere badituela. Eta beraz urte sasoi honetako lanei emozio hauek gehiturik, aldi honek berariazko izaera hartzen du: zeremoniak, ospakizunak, erritualak, jokoak… Hau da urtero errepikatzen ziren ekintzak ziren, eta hauen bitartez denbora estrukturatzen zen, garai horretan egin beharreko lanak definitzen ziren. Baina ez hori bakarrik, gizakiak urte sasoi eta momentu zehatz horietan nola jokatu behar zuen ere zehazten ziren. Beraz ingurunean, naturan ematen ziren eraldaketak gizartean bertan, hau da gure herrietan, etxeetan eta familietan; jendartean ematen ziren. Gaur horrela ote da?

Bada askoren ustez, otsaila horren adierazle dugu. Urte sasoi bat amaitzera doa, negua alegia, eta beste bat hastera, udaberria. Beraz batetik besterako igarobidea da, zeinetan sasoi bateko lanak eta jokamoldeak amaitu  egingo dira, eta sasoi berrikoak martxan jarriko dira. Otsaila bien arteko zubia da beraz, erdigunea, ez bata baina ezta bestea ere. Hau da, eraldaketa da. 

Lehen kimuak agertu dira.

Puntu honetan, ingurunearen eraldaketa hauek eta otsaila eta inauterien arteko harremana ulertzeko, kontuan izan behar dugu, gaur guretzat denbora metematika hutsa eta lineala dela, zenbakiak alegia.  Baina antzina baserri munduan denboraren ideia matematikoa izateaz gain, ukitu zitekeen eta sentimenduz beteta zegoen zerbait zen, eta ziklikoa zen gainera. Hau da neguaren debora elur sasoia zen, txerria hiltzeko garaia zen edota artazuriketan egiteko garaia zen. Eta hurrengo urteko negua ere horrelaxe izango zen. Hau, denbora zenbaki bidez ulertzea baino askoz gehiago izan da baserri munduan edo nekazalgoaren artean. 

Askoren ustez gainera, urte sasoi bakoitzari lotzen zaizkion ospakizun eta jaiak, gizakiak naturaren eraldaketekin datozen denbora edo sasoi berriak egituratzeko, neurtzeko eta  ordenatzeko erabili izan ditu: hortxe daukagu esaterako udarako solstizioa, “San Juan” eguna bezala ezagutzen dena, bere ospakizun eta erritualez josita, udarari hasiera emateko. 

Bada, ideia honi loturik, inauteriek ere zentzu berbera izango lukete. Baina kasu honetan, ospakizun honek, datorren sasoi berria, udaberria ordenatu aurretik, aurrekoarekin hausten eta amaitzen du, bien arteko denbora berri bat. Hori dela eta, landa eremuko inauterietan kontrajarriak diren sinboloen pertsonifikazioak ikusiko ditugu, halako kaos bat adierazi nahian, berriro sasoi berria hasi aurretik. Esate baterako heriotza irudikatzen duten elementuak bizitza berria irudikatzen dutenekin nahasten dira, batetik besterako jauzia datorrela adieraziz. 

Beste elementu berezi bat, naturaren eraldaketa eta iratzartzea irudikatzen duena eta euskal kultura tradizionalean simbologia handia duena da: hartza.  Oso ohikoa da herri ezberdinetako inauterietan joaldunekin batera hartza agertzea. Otsailetik aurrera emango den urtaro aldaketa irudikatzen du hartzak. Izan ere negua lozorroan igaro ondoren, udaberria gerturatzearekin bat hartzak mendi inguruetako haitzuloetatik irteten ziren. Baserri inguruetako jendearengan izua sortuko zuen bai, baina naturaren biziberritzearen adierazlea ere bazen beraientzat.

Beraz, laburbilduz  otsailak gure historian zehar  eman den gizakiaren eta naturaren arteko harremana irudikatu izan duela esan liteke.