Orburua: apirileko burua
Baratzean ereintza eta landaketa lanek gero eta garrantzi gehiago hartuko dute, baina hala ere, landarerik gabeko lurra ongarritu eta karea botatzen jarrai dezakegu. Esan dugun moduan, ereitza eta landaketa lanak izango dira protagonista hilabete honetatik aurrera denbora batez. Estareako, bruselaza, porrua edota brokolia ereiten has gaitezke, besteak beste. Landaketa lanetan esaterako, tipula, espinaka, kalabazina, tomatea, berdetako piparra, gorrirako piparra, borraja, apioa, zainzuriak, kalabaza landatu ditzakegu. Baita ere etxeko txikiekin letxuga mota ezberdinak edota apirileko izarra den orburua.
Orburua klima epelagokoa bada ere, Gipuzkoa eta Bizkaiako kliman ere landatu daitezke. Hala ere, hona hemen ohartxo batzuk:
- Lur buztintxuetan ez landatu, ito egiten baita;
- Landatu aurretik oso ondo ongarritu lurra, lur aberatsak gustatzen baitzaizkio;
- Lurrari dagokionez, ondo drainatzen duen eta ondo jorratuta dagoen lurrean landatzea gomendatzen da;
- Eta azkena, neguan babestu egin beharko da hotzetik eta euritik. Babesteko modu ugari daude: batzuk, lastoaz lurra estaltzen dute landareen ipurdian eta beste batzuek, txapela antzeko bat jartzen diete. Bakoitzak ikus dezala zein den bere bizitokiko klima eta horren arabera erabaki zein erabili.
Landare honek, nahiz eta 6 urte ere iraun ditzakeen, 3 urteko iraupena izatea gomendatzen da; hau da, hiru urtez behin aldatzea landarea. Landare honen uzta aurrerago jaso eta gozatuko dugu, eta loratzen uzten badugu ikusiko dugu lorea ederra izango duela.
Jarraian, orburuaren inguruko bitxikeria batzuk kontatuko dizkizuegu. Hasi aurretik, ba al dakizue zein den orburuaren izen zientifikoa? Bada, Cynara scolymus bezala ezagutzen da.
Bere jatorria Afrika iparraldean eta Mediterraneo inguruan kokatzen da. Orburua erromatar eta greziarrek gutizia gisa zuten eta horrez gain eligai afrodisiako bezala ere ikusten zuten. Hain zuzen, greziarren ustez, elikagai hau gizonezko haurrak jaiotzeko eraginkorra zen.
Orburuaren inguruan uste eta kondaira ugari daude eta hauetako batek dioenez, Zeusek Cynara izeneko emakume eder bat ikusi zuen eta hartaz maitemindu zen. Honela, Zeusek berarekin Olinpo Mendira eramatea erabaki zuen eta bertan jainkosa bilakatzea. Baina, dirudienez, Cynarak bere familia faltan botatzen zuenez, bertatik alde egin zuen eta jaiotetxera itzuli zen. Honek, Zeus haserrarazi zuen eta emakumea orburu bilakatu zuen. Esaten dutenez, maitasunaren zapore gozo eta garratza ekartzen baitzion gogora. Baina, hau irakurketa bat besterik ez da.
Antzinako Greziatik bueltaka ibili ostean, egin dezagun jauzi Erdi Arora. Espainia eta Frantzia aldean, aro honetan hasten dira orburua jaten eta halako arrakasta duen landare honek ozeanoa gurutzatzea lortu baitzuen. Pentsa, Kalifornian eta Argentinan ez egotetik, gaur egun izugarrizko produkzioa duten herrialdeak izatera iritsi direla.
Hala ere, orburuan badu bere epizentroa eta hau Nafarroan kokatzen da; zehazki Erriberan, ezaguna zaingun Tuterako Orburua da erregina. Esan daiteke, barietate hau dela Espainian gehien lantzen dena.