Nekazaritza Ekologikoaren Azoka Zerainen
Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren 19. Azoka egingo dute Zerainen, irailak 15ean, igandean, 09:00etatik 14:00etara. Zeraingoa da Gipuzkoan antolatu zen lehen azoka ekologikoa.
27 ekoizlek produktu ekologikoak salgai jarriko dituzte eta artisauak, erakusketak eta haurrentzako tailerrak egongo dira. Aipatzekoa da Donostia 2016koek XVI. mendeko San Juan baleontziaren maketa ekarriko dutela.
Helduek sendabelarrekin ukenduak egiten ikasiko dute, eta haurrei gozoak egiten eta baratzean lan egiten irakatsiko diete. Horretarako, lursail bat prestatuko dute eta herriko ikastetxeko haurrak izango dira aurrerantzean baratze hori zainduko dutenak.
Pintxo ekologikoak jateko eta sagar muztioa edateko aukera ere egongo da. Erakusketei dagokionez, Donostia 2016koek San Juan baleontziaren maketa eta txalupa ekarriko dituzte; Axalko enpresakoek egurrezko bizikletak erakutsiko dituzte; biomasari buruzko erakusketa egongo da eta Joxemari Telleriak marrazkiak jarri ditu kultur etxean.
Bestalde, aurten ere Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldia ere antolatuko dute.Sei ekitaldi egongo dira. asteartean, irailak 17an, Xabi Akizuk inausketari buruz hitz egingo du Zeraingo kultur etxean, ostegunean, irailak 19an Maialen Sarasolak sendabelarrei buruz Ataungo udaletxean, hilaren 24an Biolurrekoek produktu ekologikoak kontsumitzearen garrantziaz hitz egingo dute Zaldibiako kultur etxean, eta 26an Santiago Otxoa de Oribe ingeniaria enpresa elektrikoen inguruan mintzatuko da Ordiziako kultur etxean. Hitzaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.
Gainera, 21ean Akizuk inausketa ikastaroa emango du Ezkio-Itsasoko bere baserrian, eta 28an kontserba ekologikoak egiten irakatsiko dute Abaltzisketan. Bi hitzaldiak 10:00etan hasiko dira. Bukatzeko urriko larunbatetan sukaldaritza makrobiotiko eskolak emango dituzte Zerainen.
Igandeko azokara itzuliz, protagonistetako bat San Juan baleontziaren maketa izango da. Donostia 2016 egitasmoaren barne. XVI. mendeko itsasontzi honen erreplika egiten ari dira eta maketa Zerainen erakutsiko dute lehenengoz. Baleuntzia egiteko erabiliko den Sakanako egurra Zerainen zerratuko dute Zerralan zerratokian.