Nekazal produktuak bitartekaririk gabe, zuzenean, kontsumitzeko aukera
Baserritarrek eta kontsumitzaileek elkarlanean jarduteko konpromisoa hartzen dute kontsumo taldeetan, urte guztian produktuak zuzenean kontsumitzeko, inolako bitartekaririk gabe, bi aldeen mesedetarako. Ohiko kontsumo ereduaren alternatiba erreala dira.
Talde bakoitzak erabakitzen du antolaketa guztia: zer kontsumitu nahi duten, ekologikoa lehenetsiko duten, prezioak-kuotak, banaketa, kudeaketa nola egin...
Gipuzkoan 30 bat kontsumo talde daude eta sistema horren bidez, guztira, 500 familia elikatzen dira.
Azokara joateko aukerarik ez dugunontzat, baserriaren biziraupenarekiko kezka dugunontzat eta garaian garaiko produktuak jan nahi dugunontzat aukera paregabea eskaintzen dute Basherri Taldeek.
Blog kolektiboa sortu dute, basherri taldeen arteko elkar-ezagutza bultzatzeko, elkarren berri izateko eta ekimen bateratuak egiteko.
Ildo honi jarraituz, gero eta proposamen jasangarriagoak eta originalagoak sortzen ari dira. Esaterako, italiar webgune batek, Le Verdure del Mio Orto-k, bezeroari bere etxeko ordenagailutik mugitu gabe beraien baratz ekologikoa izateko aukera eskaintzen die. Bezeroek aukeratzen dituzten barazkiak webguneko jabeen lurretan hazi ondoren, etxera iristen zaizkio. Horretarako, lehendabizi familiko pertsonen arabera lur sailaren hedadura aukeratu beharra dago. 2-3 pertsonentzat 60 metro karratuko azalera gomendatzen dute, astero 5-6 kilo barazki ekoiztuz, banaketa bakoitzeko 24 euro ordainduz. Ondoren, baratza zenbat denboran izan nahi duzun erabakitzen duzu, urte osorako, negurako edo hilabete baterako froga gisa. Hurrengo pausua barazkiak aukeratzea da eta azkenik, Online eskaera egitea. Orduan hasten da landaketa prozesua Milan eta Turin artean dauden lur sail batzuetan. Barazkiak bildu eta 24 ordutara etxean jasotzen dituzte bezeroek. 50 baratz baino gehiago dituzte martxan.