Martxoko eguraldi: eguzki eta euri
BARATZEA
Udaberriarekin batera, baratzera egin beharreko bisitak asko gehituko zaizkigu. Lurraren prestaketa lanak direla batetik, eta aro berriko laboreen landaketak direla bestetik, baratze-zaintzaren aldi interesgarria hastear dugu.
Landaketa ugari egiteko aukera emango digu udaberriak. Batzuk udaberri hasieran egiteko moduan izango gara. Esate baterako orburua edo alkatxofa eta marrubia landatu ditzakegu. Baina beste zenbait ordea eguraldia epeldu eta goxatzen denerako utzi beharko ditugu.
Karea Igartubeitiko baratzean
Baina ohiko landaketekin batera, martxotik aurrera ezin gara belar finekin edo usaindunekin ahaztu. Izan ere landare hauek ere gure baratzeak osatzen dituzten ezinbesteko elementuak dira. Nahiz eta gaur egun zenbait belar fin “exotikoak” edo bereziak iruditu, antzinatik oso ezagunak eta erabiliak izan dira landare hauek. Bai baratzegintzan, baina baita lurringaietarako ere. Esaterako, Erdi Aroan XI. mendetik aurrera, hirien eta bertako bizimoduaren gorakada hasi zenean, merkataritzaren laguntzarekin, hiri haietako merkatuetan orotariko usainak topatu zitezkeela aipatzen dute hainbat kronikek. Edota garaiko errezetetan ere ugari erabiltzen zela ezaguna da.
Igartubeitin, besteak beste, ohikoa den belar fin bat daukagu, perrexila. Honen jatorria, askoren ustez ekialdeko mediterraneoan aurkitzen da. Batez ere kultura greko-latindarra izan zen landare hau Europan eta Asian zabaldu zuena. Bere izen zientifikoa Petroselinum da eta grekerazko Petrol hitzetik dator. “Harkaitzetako apioa” esan nahi du. Greziarrentzat perrexilak izaera sakratua zuen eta poza, jaiotza eta berpizkundea bezalako ideiak sinbolizatzen zituen. Gainera Odisea liburuan landare hau agertzen da, Calipso ninfa bizi den irla, Ulises bertan atxikitzen duena, perrexilez beteta dagoela aipatzen da. Erromatar imperio garaian berriz gladiadoreek perrexila kontsumitzen zuten indarraren iturri zela sinesten baitzuten. Erdi-Aroan zabalduko da perrexila sendagai eta sukaldeko edota lurrinetarako osagai bezala. Garai honetan Carlomagno izango da besteak beste perrexilari ospea emango diona, bere meneko baratze eta lorategietan landatzeko agindua eman ostean. Baina batez ere XVI. mendetik aurrera zabalduko da perrexila mundu osoan zehar.
Perrexila Igartubeiti aurrean
Perrexila bi urteko landarea da. Hau da, lehenengo urtean zurtoina eta hostoak haziko dira eta bigarren urtean berriz loreak eta haziak emango ditu. Martxotik hasi eta irailera bitartean erein daiteke. Erein edo landatzeko, lur harro eta aberatsa ederki datorkio, eta gainera ez du leku askorik behar, edozein bazterretan edo loreontzietan ongi mantenduko da. Ereitetik uzta jasotzera 45 bat egun igaroko dira, eta etengabe berrituko da. Izotzak kalte handia egiten dio, beraz negu garaian ongi babestu behar da. Bestalde, barraskilo eta bareei asko gustatzen zaie, batez ere lehenengo ateratzen diren landaretxoak. Beraz, lagungarri izango zaigu.
INGURUNEA
Udaberriko eguzki orduekin batera agertuko zaizkigu lehen loraldiak. Baino lehenik kimu berriak aterako dira. Eta ondoren etorriko zaizkigu txori kanta eta erle zirrindak han-hemenka, belazeak berde kolorez jazten diren bitartean. Baina ez ahaztu esaerak dioena martxoko egualdia eguzkia eta euria dela. Udaberriak loreak bakarrik ez, inguruko animalitxoak ere berpiztuko ditu, besteak beste tximeleta edota mantangorriak. Azken hauek eskuan hartu eta beraiei abestuz ea euririk egingo duen galdetzeko ohitura egon da: “Mari gorringo gorringo, gaur ala bihar euria egingo?”. Udaberri sarrera honen izaeraren lekuko litzateke hau.
Baina urte sasoi honetan, baserritarrak eta batez ere artzainak animalia horiei baino beraien abereei eta belazeei begira jarriko dira. Udaberriarekin belar berriak ernalduko dira eta artzainak bere artaldea larreratzeko irrikaz izaten dira. Beraz, oraingo honetan, abereen bitartez gerturatuko gara ingurunera.
Izan ere, udaberri garai hau artzainentzat gaztaia egiteko garaia da. Sasoi honetan beraz udaberri ona egiteak kalitate oneko gazta egiten lagunduko du. Izan ere, artzainek diotenaren arabera, udaberriko belarra oso ona eta garrantzitsua da. Ardi latxaren kasuan, esne-ekoizpena negutik uda-hasieraraino luzatzen da, belar oparoena udaberriko esne-produkzio maximoarekin bat datorrelarik. Hau da, kantitateaz gain, kalitatea ere hobetu egiten dela ikusi da egin diren zenbait ikerketetan, udaberriko belarrak, hau da belar freskoa jateak esneak dituen zenbait propietateetan eragiten duelako, gantzaren kasuan esaterako.
Aldi berean jakin behar da, artaldeak urte sasoi honetatik aurrera belazeetara ateratzeak, ez diola soilik gaztaren kalitateari eragingo baizik eta, jarduera honek berak belazeak mantentzea ere eragiten du, gaur egun daukagun kulturalizaturiko pasaia naturala sortuz.
Ardi esneari eta gaztaiari gagozkiolarik, ezin da gure bazterretan ikusi dezakegun zuhaitz bat aipatu gabe utzi: urkia.
Zuhaitz hau Europa osoan hedatzen da, eta Euskal Herrian batez ere ipar isurialdean da ugariena. Oso zaharra dela esaten da, ia 30 miloi urte ematen zaizkio. Bere enborra zuri koloreko azal batez estalita dagoelako da bereizgarria. Hosto galkorreko zuhaitza da. Zuhaitz honek hegaltxoak dituen fruitu txikiak ematen ditu, haizearekin erraz zabaltzeko. Edozein lur elkorretan, ur isuri piska bat badu ederki asko etorriko da. Suteen ondorengo lur idortuak berbizteko ere oso egokia da, urkia. Bere izenari erreparatzen badiogu, ur-kia,ongi ulertuko dugu historian zehar gizakiak eman dion eginkizuna: ur isurialdeen mugak seinalatzeko erabiltzen zen. Izan ere, lurraldeak ur eta ibaien isurialdeen arabera banatzen ziren.
Materialetarako oso egokia izan delako estimu handia izan zaio historian zehar, baina baita bere balio espiritual edo magikoagatik ere. Urkiak izpiritu txarrak uxatzen zituenaren sinesmena oso zabaldua egon da antzinan Europa guztian zehar. Esate baterako askok haurtxoaren seaska urki zurez egiten zuen, haurra izpiritu gaiztoetatik babesteko.
Sinesmenen mundutik haratago, nekazal munduko eguneroko lanak egituratu eta burutzeko urkiari erabilera ugari bilatu dizkio baserritarrak urteetan zehar. Esate baterako adarretako adartxoak saskigintzarako erabili izan dira, baita erratzak egiteko edota sokarik ez zegoenean haren ordezko bezala ere erabili ohi zuten.
Gainera udaberrian gaudelarik landareen izerdiak mugitzen hasiko dira, eta urkiarena gainera berezia izango da. Izan ere izerdi ugariko zuhaitza da, eta bere enborrean urte sasoi honetan zulotxo txiki bat eginez gero bere izerdia ura bailitzan aterako da, freskoa eta gozoa. Europa iparraldean likido honekin urki-ardoa edo urki-garagardoa egiteko ohitura egon da. Edo oraindik ere goizean goiz zuzenean zuhaitzetik ateratako ura baraurik hartzeko ohitura dute.
Urkiaren azala ere ez zen alperrik galtzen uzteko materiala. Esate baterako, egun batez beratzen uzten zen eta ondoren berau igurtziz kolore gorrixka lortzen zen. Edota askotan, teilatu azpian urki azalaren kapa bat ezartzen zen. Iragazgaitza zenez, ura barrura sartzea eragozten zuen.
Baina horretaz gain, baserriko lanabes ugari egiteko ere erabili izan da. Lanabes horietako bat gainera, urte garai honetan artzainek egin beharreko lanarekin zuzenean lotuta dago. Esan dugun bezala, udaberriko belarrak kalitate handiko ardi esnea ematen du. Baina esne hori erabili ezean alperrik galduko zen. Eta horretan urkiak zeresan handia izan du, bere zurarekin egiten baitira kaikuak.
Igartubeitiko Kaikua
Kaikuaren jatorriaz esan daitekeena da, ez dela erabat euskaldunek asmatutako ontzi bat. Izan ere, neolitoko iraultzaren ondorioz hasi zen artzantzarekin batera sortuko zen ontzia litzateke. Hori bai, gaur egunera arte forma honetan Euskal Herrian soilik iraun duela esan daiteke, bere funtziorako oso ongi egokitutako ontzia delako. Berezia da bere estetika eta formarengatik, eta funtzio bikoitza betetzen duelako: esnea jeztea eta bertan egostea. Hori dela eta, zenbait adituk kaikua gainontzeko herrialdeetako abeltzantza eta artzantzari loturiko piezetatik bakanduta ikertu behar dela aipatu dute.
Urkiaren egurra oso ustelkaitza eta iragazgaitza da. Aldi berean lantzeko biguna da eta oso zaila da zartatzea. Beraz, ezin hobea ardi esnea bertan jaso eta gaztagintzarako. Udazkenen hasiera aldera moztu behar da kaikutarako zura. Ondoren, haize korrienteak erasango ez dion toki batean lehortu behar da, bestela egurra zaratzeko arriskua dago. Udaberrian izerdia mugitzen zaionean artisau lanei ekiteko garaia da. Lehenik forma eman behar zaio, ondoren kirtena atera eta azkenik barrena ustu. Kaiku bat egiteko egun pare bat behar izaten ziren, eta gero 40 egunez utzi behar da lehortzen. Eta ostean, azkenik kaikua findu egin behar da.
Behin kaikua eginda, artzainek jezteko eta esnea bertan egosiz mami edo gaztaiak egiteko erabili izan dute kaikua. Gaur egun Idiazabal gaztaren sinbolotzat hartzen da, eta sukaldaritzan ere oraindik erabiltzen da.
Amaitzeko, berezitasun bezala, 1.197ko marrazki erromaniko batean Santa Brigida agertzen da behi bat jezten eta bertan hiru kaiku ikus daitezke. Marrazki hau Antxo VII. azkarra Nafarroako Erregeak agindutako bibliaren parte da.
Santa Brigida kaikuarekin