Maiatza urteko ardatza

2020/05/11
Apirilaren ondotik, maiatza ez dugu ez nolanahiko hilabetea izango. Esaera zahar batek ederki asko azaltzen digu maiatza iristerako baserri inguruetan dena pronto izatea komeni dela: “maiatza, urte guztiko ardatza”. “Loraila” bezala ere ezagutu izan da, zenbaiten ustez.

BARATZEA

Maiatza ezinbesteko hilabetea dugu baratzerako. Urteko uztarik gehientxuenak oraingo lanaren araberakoak izango dira. 

Baina antzina, lan hauekin hasi aurretik lurra eta ingurunea prestatu behar ziren. Ez gara ari soilik ximaurraz edota karea zabaltzeaz bakarrik. XX. mende erdira arte baratzea baserriaren elikagai iturri eta ekonomia iturri nagusia izan da, etxearen zati alegia, eta gaur egun ere beste hainbeste esan liteke.   Beraz, baserriaren oinarrietako bat da. Baina nahiz eta garaian garaiko lanak egin eta lurra ongi zaindu, dena ez zegoen baserritarraren esku. Bere eskulanaren indarrarekin  menperatu ezinezko indarren aurrean zeregin gutxi zuen. Horregatik  baratzea beste izaera bat zuten neurriekin babesteko ohitura zegoen, erritualen bidez alegia. Egun zehatzetan egindako gurutzetxoak jartzen ziren (lizarrarekin, erramuarekin edo elorri zuriarekin egindakoak) edota elorri zuriren bat landatzen zen lehen aldiz baratzea egin zen lur hartan. Funtsean, formaren atzean dagoen sinbologiaren esanahia edo funtsak erakusten du, nekazariak-baserritarrak  beti izan duela garbi gizakiaren ahalmenen muga eta naturara menperatzeko saikaren ezintasuna. 

Baina, orotariko prestaketa horiek egin da, maiatzeko hilabetea gure baratzeak landarez betetzen hasteko unea da. Udara eta udazkeneko landaketen garaia da. Ohikoa izan da esate baterako  garai honetan arto eta babarruna ereitea. Elorri zuria loratzean egin beharreko lana zela esaten zen. 

Igartubeitin esate baterako, letxuga, leka, piper eta azelgak landatu ditugu besteak beste. 

Urazak Igartubeitiko baratzean

Baina mendeetan atzera joanez gero, garai honetan gaur harrigarria irudituko zaigun arren, honako landarea hau landatzen zen baserri inguruetan, garaiko bizimoduak eta ekonomiak eskatzen zituen beharrak asetzera bideratuta zegoena: kalamua. 

Lehenik eta behin aipatu behar da kalamuaren baitan bi barietate handi bereizten direla: zuntzetarako eta oliotarako erabili izan dena historikoki,  Cannabis sativa sativa, guk honi buruz  hitz egingo dugu, eragin psikotropikorik ez duena; eta Cannabis sativa indica gai psikotropikoak dituena.

Kalamua, Mundu Zaharrean landatu izan diren espezieen multzo klasikokoa dela esan liteke, eta oso antzinatik jada harreman estua izan du gizartearekin. Oraindik argi ez dagoen arren,  jatorria Asia erdialde ingurukoa izan daiteke. Ikerketa arkeologikoen arabera berriz badirudi  K.a 2500. urte inguruan etxekotu zutela landare hau. Garai hartan ehungintzarako zuten zuntz bakarrenetakoa kalamua izango zen. Landarearen inguruko lehen aipua Txinan daukagu, Pen-ts`ao Ching-ena. K.a 2000. urtekoa da eta kalamua sendagai bezala erabiltzen zutela aipatzen du. Badirudi Europara Erdi Aroko lehen mendeetan iritsi zela kalamua, izan ere VI. mendean ia kontinente guztian zehar landatzen zenaren aztarnak aurkitu dira eta XVI. mendetik aurrera baita Amerikan ere. 

Landarearen ezaugarriei dagokienean berriz, landare harrak eta emeak daudela esan behar da. Udaberritik aurrera landatu dezakegu. Lehenengo hilabetean hazia ereiten da eta temperatura epeldu ahala landatzen hasi daiteke, maiatzean esate baterako. Tamaina handia  hartzen duen landarea da, ehungintzan erabili izan den barietateak 10m-ko altuera hartu dezake. Hasiera hasieratik ura behar duen landarea da.

Baina zer zerikusi du kalamuak Igartubeitirekin? 

Lotura hau, Igartubeiti eta gainerako XV, eta XVI. mendeetako baserriak bere testuingru historiko eta ekonomikoan txertatuz ulertuko dugu. Izan ere askotan irudikatu izan denaren aurka, baserriak betidanik garaian garaiko gertaera eta sare ekonomiko eta sozialaren parte izan dira, batak besteari eragin izan diolarik.

Ba kasu honetan, kalamua eta ehungintza horren erakusle dira. Harrigarria badirudi ere elementu hau, baserria garaiko ekonomia sare zabal horren parte zela ulertzeko balio digu. XVI. mendea, gizarte egiturei eta ekonomiari dagokionean eraldaketa handien garaia da. Orduko erreinu edo inperioak beraien lurrak konkista bidez zabaltzen hasiko dira, batez ere Amerika eta Ozeano indiko aldera. Horrek itsaso bidezko merkataritza eta ekonomia asko zabalduko du, eta sortzen ari diren Inperio eta Estatu berri horiek geroz eta behar gehiago izango dituzte. 

Guzti hori bideragarri egiteko eta asetzeko, baserritatarren lana, besteak beste, beharrezkoa izango da. Gaur bizi dugun egoeran bezala orduan ere lehen mailako edo sektore “esentziala” zen baserria orduan ere. Puri purian zegoen ekonomia hark behar berriak zituen eta kantitate handiagoan gainera. Baserriak  behar horietako zenbait asetzeko aukera ugari eskaintzen zituen: sagardoa, barazkiak, fruituak, gaztaia, haragia.  

Itsas merkataritzak indar handia hartu zuen garaiak ziren haiek. Itsasontzi ugari egin ziren Euskal Herriko itsas oletan. Itsasontzi haien bela eta sokentzako materiala, hein handi batean baserri eta inguruko soroetan landatzen ziren kalamu eta lihoetatik lortzen zen. Kalamua lihoarekin batera ehungintzara zuzenduta zegoen bere osotasunean. Nahiz eta landare hauek aurretiaz ere erabiltzen ziren, aipatu ditugun mende horietan intentsifikatu egin zen hauen erabilera. Gipuzkoan liho soroak kalamuarenak baino gehiago ziren, baina nahiz eta Granada, Balentzia edota Nafarroatik ekarri kalamua Gipuzkoan ere baziren kalamuz jositako soroak. Eta honi loturiko lanbide ugari zeuden, sokagileena esate baterako. 

Kalamutik kordelak ateratzen zituzten sokak egiteko, eta gazteleraz (cordelero), hortik datorkie sokagileei beren izena. Nahiko harrigarria da, gazteleraz izen bera zutela fraide frantziskotarrek, abitua eusteko erabiltzen zuten soka zuri eta korapiloduna dela eta. 

Kordeldegi ugari ireki ziren,  gure herrietako kale nahiz plazetako izenez gain, iraganeko dokumentuek aditzera ematen duten arabera.

 Sokagileak. Aurelio Artetaren ilustrazioa

INGURUNEA

Naturak bere bideari jarraitzen dio, guri jaramon handirik egin gabe. Udara laister dugunaren lorratzak ere iritsi zaizkigu. Hilabete ederra sagarrondoentzat. 

Sagarrondo jakin batzuk, “goizsagarrak” deritzotenak, dagoeneko loratu dira eta beste batzuk berriz oraintxe loratzear daude, leherketa. Euskal Herriko “hanamia” dela esan liteke. Hau da Japoniarrek beraien gereziondoekin egiten duten gisara, sagarrondoekin ere antzera egin beharko genuke, “hanami” hitzak esan nahi duen horixe bera, “loreak begiratu”. Gaur egun sagarrondoaren loraldia ikusgarria iruditzen bazaigu, zer izango ote zen Ameryc Picud XII. mendean lehen aldiz Euskal Herriko lurretan barrena igaro zenean? Ipar isuri aldera iritsi zenean ogi eta ardo gutxi zegoela baina sagar eta sagardo faltarik ez zegoen lurraldea zela aipatu zuen. 

Ekaitzak sagarrondoaren loreak ondatu ditu

Hein handi batean paisaia gizarte batek espazio jakin batean bere buruari buruz sortzen duen iruditegiaren parte dela esan dezakegu. Hau da paisaia horretan orotariko gertakari historiko, ekonomiko eta sozial egikaritzen dira, paisaia deritzogun espazio horri forma jakin bat emanez. Hau da, gure “ispilu biografiko” bat dela esan liteke. Hau da, guri buruz hitz egiten du: gure iragana, oraina eta etorkizunaz alegia. Gaur egun gainera argi eta garbi geratu zaigu gizakia ez dagoela naturarekiko etenda, dena harremanean baitago. 

Artoak, orain ereiteko garaian gaudelarik, azaldu nahian gabiltzan hori ederki asko laburbiltzen du. Krisi egoera eta baserriaren beharrak tarteko, landatu gabeko lurretan baserritarrak artoa ereiten hasi ziren. Ekintza honekin baserritar haiek paisaia eraldatu zuten, “humanizatu” egin zuten, artoaren bueltan kultura herrikoi zabal bat saretzen zuten bitartean. Gertaera hau dela eta, esate baterako karearen erabilera asko ugaritu zen eta horretarako mendi magaletan karobi zulo eta labeak eraiki ziren, beste behin paisaiari forma emanez. Ganaduarentzako bazka ziren belazeak ere artasoro bezala erabiltzen hasi ziren. Ondorioz ganaduak denbora gehiago igarotzen zuen ikuiluratuta, elikagai eta azpitarako garo gehiago behar zelarik. Arkitekturari dagokionean, baserriaren aurrealdean, hego aldera begira, lehortegia eraiki zuten, artoa aletu eta xehatu aurretik lehortzeko. 

Hau da, honek erakusten duena da, gertaera historiko batek, hasiera batean behintzat konplexutasun haundirik ez duela dirudienak, artoaren iritsiera; denbora pasa ahala bertako gizartean eraldaketa ekonomiko, soziokultural eta paisaiari dagozkionak eragiten dituela.  

Urtero burutzen den ekintza batek goian aipatua berresten du: udarako larretokien irikiera. Esate baterako, maiatzetik urrira bitarte ardi, behi edota behorrak Enirio-Aralarreko larretan ibiliko dira.  Aurten esate baterako 2.956 behi inguru igoko dira bertako larreetara. Mendez mende egin izan den jarduera da hau. Uda garaian ganadua goi lurretara eraman izan da, eta negu sasoian berriz berriro beheko haranetako eta kostaldeko larreetara. 

Zenbait dokumenturen arabera, 1400. urte inguruan, Enrique III Gaztelako erregeak Juan de Amezketa Iruindarrari oparitu zizkion Aralarreko larreak. Baina inguruko baserritarren haserrea zela eta azken honek larre haiek inguruko herriei saldu behar izan zizkien, gaur egun ezaguna den Enirio-Aralar mankomunitatea osatzen duten herriei alegia. 

Baina maiatzean egiten den larren irekiera hau ordea ez da hain antzinakoa. Izan ere 1986. urtera arte abeltzainek beraien ganadua urte guztian zehar eduki zezaketen Aralarren larratzen. Baina gerora larratzea maiatzetik urrira mugatu zuten, gainontzeko hilabeteak naturak bere larreak atsedenerako leheneratzeko baliatzeko eta ganaduak eragin ditzakeen kalteak ekiditeko. 

Gaur egun, larretarako bidearen zati handi bat kamioez egiten den arren, antzina bide guztia, bai abereek eta baita artzain eta abeltzainel oinez egiten zuten. Gainera goi lurretan baliabide gutxiigo izaten dutenez, ganadua aurrez prestu behar zen, eta horretarako esate baterako perratzailearen laguntza beharrezkoa zuten. 

Ganadua baldintza egokietan egon zedin, perratzaileak bere lana egin behar zuen. Horregatik, zaldi, asto eta mandoen apoak eta idien nahiz behien orpatxak babestu behar ziren, horiek higatzea ekiditeko. Horretarako hainbat baliabide ezberdin erabili izan dira, baina seguru asko erabiliena ferra edo perra izan da.

Perratzailearen lanabesak

Lanbide horretan aritzeko animalien gaixotasun batzuk ekiditen eta sendatzen jakin behar zuten. Horrez gain, ondo ferratzen jakitea oso garrantzitsua zen. Hori guztia jasotzen du 1760an argitaratu zen "Nueva práctica de herrar" liburuak. Bertan honakoa adierazten da: "pentsa dezagun gizon batek animalia ez ferratzea erabakitzen duela, edota animalia ferratzen duela, ferra bat gehiegi estutzen diola, eta ferra hori ez diola inoiz askatzen. Jakina, animaliaren atzazalak handitzen doazen heinean, ferraren inguruan bira eta biragune askorekin haziko litzateke, ferrara gehiegi estutuz. Horrek min handia sorraraziko lioke animaliari". Gauza bera gertatuko litzateke apo edo apatxak dituzten animaliekin: “animalia bat ez bada ondo ferratzen, ezingo du behar bezala ibili eta lan egin".

Baina horretaz gain, perrak zorte onaren sinbolotzat hartu izan dira, eta hori dela eta gaur egun oraindik zenbait baserrietako zutabe edota hormetan ikus ditzakegu, babesgarri bezala. Euskal ihauterietan ere badago perratzailearen presentzia, honek Zaldiko pertsonaia perratu nahi baitu, natura etxekotzeko ahaleginaren irudikapen gisara.