Lurra lozorrotik esnatzen
Landareen lehen izerdiak mugitzen hasi dira, “pizkundea” hasi da. Hortik datozkigu baita ere otsaileko zenbait erritu edota sona zabala duten euskal inauteriak eta beste zenbait ospakizun ere (aldaketa, trantsizioaren adierazle…).
Udaberria badator bai, baina ez gaitezen aurreratu, izan ere honela dio esaera zaharrak: “Otsailtxo munduan, aldiz eguzkitan aldiz sutondoan” dio esaerak.
Negua amaitzen ari da eta lurra lozorrotik esnatzera doa, beraz egoera eta jardute berrien zikloa hastear da, ondorioz aurrekoa itxi eta datorrenari ongi etorria egin behar. Inauterietan, nolabait ere kaosa nagusitzen da, egunerokotasunean sozialki “onargarriak” ez liratekeen egiteak burutzen dira. Baina trantsizio garai bat bezala ulertu behar da. Aldaketa, eta aldaketan transformazioak gertatzen dira. Hortik etorriko lirateke maskarak, oihuak, musikak, ez-ohiko jantzi eta arropak, dantzak, animalia eta pertsonaia ikusgarriak (hartza, otsoa, ziripot…) Aldaketa sinbolizatu eta gizarteratzeko medioak lirateke, gaur egun jai-egun bezala ulertzen direnak. Hau da, natura eraberritzeko sasoian dago eta paraleloki landa-eremuetako gizarteak ere garai berdinetan gizartea eraberritzeko ospakizunak egiten zituen, hartza bezalaxe, lozorrotik esnatzeko. Horregatik, hartza hainbat inauterietan agertzen da, sasoi berriarekin batera iratzarri den bizia bezala. Horri lotuta ere, Kandelaria ospakizuna (argiarekin lotuta) edota Santa Ageda bezpera, zenbaitzuek esaten dutenez abesten den bitartean makilekin lurra jotzea edota inauterietako joaldunen musika lurra esnatzeko deia dela diote.