Lorontziak:lorerik gabeko ontziak, erakusketa parte-hartzailea
Aspaldian galdetu zion Oier-ek bere buruari zergatik margotzen ote zituen loreak... Gehienetan, beti ez esatearren. Zein da loreekin duen lotura? Edo agian loreek berarekin dute lotura? Lotuta daude? Edo lotu dituzte? Zergatik gordetzen ditugu loreak ontzietan? LOR(E)ontzietan?
Igartubeiti baserri museoan aurkezten den erakusketan, sortzailearen eta loreen arteko harremana ikusgai egongo da. Sortzaileak loreekin duen harremana zalantzan jarri eta hau erakusketa bat sortzeko aitzakitzat hartu du.
Oier Fernandez Carrasco, Zumarraga 2001. Ilustrazioa ikasi zuen Euskadiko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoan, Gasteizen. Egun Haur hezkuntza ikasten ari da eta sorkuntzaren eta hezkuntzaren arteko harremanak ditu ipar bere lanean.
Ehun proiektu edo saltsatik goratan parte hartu badu ere, Igartubeitin aurkeztuko duen lana bereziena da orain arte sortzailearen hitzetan.
Baserrian burutuko den interbentzioa bera ere erakusketaren artelanetako bat da. Irekiera festan bertaratutakoek hartuko eta sortuko dituzten espazio berriak ere erakusketako beste obra bat izango dira... Tipula baten antzera deskribatzen du baserrian gertatuko dena.
“Baserrian zerbait egiteko gogoa neukan eta loreena buruan nuen aspalditik, bi ideien arteko lotura eta besarkada da lan hau".
Erakusketaren irekiera apirilak 4, ostiralean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Gonbidapena pertsona guztiei irekia dago eta loreak ekartzea proposatzen digu Oier-ek. Erakusketa asteburu guztian zehar ikusteko aukera izango da eta igandean, 18:30etan, jasotze kolektibo bat egingo dugu, non artelanak parte hartzaileen etxeetan jarraitu ahalko dute beraien betebeharra.
Ezkio-itsasoko eskola txikiko ikasleekin ekimen berezia antolatu dugu erakusketa aitzakitzat hartuta. Apirilak 4ean Igartubeitiko baratza landuko dugu ikasleekin, gero erakusketa bisitatuko dute eta beraien artelanak sortuko dituzte loreak eta lorontziak ildotzat hartuta, artelan hauek erakusketaren parte bihurtuko dira eta Igandeko jasotzeko kolektiboan beraien sorkuntzak eraman ahalko dituzte.